Elbarrenako jaiak 2019

Haur krosa eta helduen kros mistoa, Elbarrenako festen atariko

Ainhoa Arozena 2019ko ira. 5a, 09:42

Atzo arratsaldean, irailak 4, haurren krosa nahiz helduen kros mistoa izan ziren Zizurkilen, Elbarrenako festetako atariko gisa. 200dik gora haur eta gaztetxok hartu zuen parte lehen lasterketan; pozarren, ibilbide laburrari bi edo hiru itzuli eginez. Helduen txanda iritsi zen gero; 35 bikotek lau bira eman zizkioten ibilbide luzeagoari, bost kilometro osatuz.

Elena Silvestre eta Xabier Lukin errenteriarrak izan ziren XII. Kros mistoko azkarrenak, 21’24’’ denbora eginez. Lurdes Kolomo eta Mikel Arrate zizurkildarrak bigarren postuan helmugaratu ziren, zortzi segundura. Xabier Agirrezabala eta Iosune Alberdi, Zizurkil eta Berrobikoak, 22’39’’ denborarekin, hirugarren lekuan iritsi ziren. Ohi denez, giro ona nagusitu zen; ikusle ugari gerturatu zen, korrikalariak txalotzera.

Gaur arratsaldean jarraituko du festak Zizurkilen. Hauxe egitaraua:

19:00 Marrazki lehiaketa. Erakusketaren irekiera eta sari banaketa Plazida Otañon.
20:00 Txupinazoa eta Melokotoiaren aurkezpena, herriko Bukalai dantza taldeari eskainita. Ondoren, buruhandiak eta JunDaJo txaranga.
21:30 Herri afaria Atxulondo eta Pasus jatetxeen eskutik. Ondoren, txaranga.
02:00 Karaokea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!