"Dantzatzen duen herri bat ez da inoiz hilko" esaldi ezaguna ekarri zuen plazara Melokotoiak, Bukalai dantza taldeko dantzariei nahiz herritar guztiei keinu eginez. Herrian ez daudenak gogoan izan zituen eta beste mezurik ere luzatu zuen, "Aupa zuek! Gaudenok Zizurkil anitza osatzen dugu eta ados ez dagoena, 'zertan zaude Zizurkilen, zertan zaude? Baina soberan dagoenik ere bada. Zizurkilen ez dugu erasotzailerik nahi. Txintxo ibili eta ondo pasa, baina ez asko pasa", esanez eman zien hitza Bukalaiko kideei.
Jugatz Urruzola eta Malen Gurrutxaga Bukalai dantza taldeko dantzariek hartu zuten hitza segidan eta eskerrak eman zizkieten jai batzordeko kideei, txupinazorako haiekin gogoratzeagatik. "Denbora asko pasa da dantza taldea sortu zenetik, baina espero dugu azkenerako asko falta izatea. Hementxe ibiltzen gara poz-pozik igande goizak alaitzen eta hala segi nahi dugu". Emakume nahiz gizon animatu zituzten plazara dantzara, "beti errespetuz eta ondo pasatzeko asmoz. Plazak, gauak, egunak eta kaleak denonak dira eta denok pasa nahi dugu ondo. Zizurkilen ez dugu eraso sexista, homofobo zein xenofoborik onartuko".
Jende ugari gerturatu zen Joxe Arregi plazara eta giro polita sortu zen bertan. Buruhandien lehen agerraldiaren ondoren, herri afaria izan plazan. Luze jarraitu zuen gauak gero askorentzat.
Gazteen eguna izango da gaur. Ekintza ugarirekin dator ostirala:
11:30 Dantza gidatua haurrentzat.
14:30 Gazte bazkaria Joxe Arregi plazan.
17:00 Zirika Zirkus taldearen Ondorengoak antzerkia: Zirkoa, musika, klake eta umorez egindako ikuskizuna, Aurrera plazan.
Ondoren, txokolatada.
Jarraian, buruhandiak Joxe Arregi plazan.
18:00 Elektrotrapo elektrotxaranga herrian zehar.
21:30 Gazte bokata-afaria.
22:40 Suzko zezena.
23:00 Kontzertuak: Meliora, La Desbandada, Anita Parker.