Kaxilda gaztetxeko bi kide epaituko dituzte asteartean

Zizurkilgo Kaxilda gaztetxeko bi kidek epaiketa izango dute datorren asteartean, irailak 24, 12:30ean Tolosako epaitegian. Lokala okupatu izanagatik, usurpazio arina leporatzen zaie.

Aiurri aldizkarian joan zen maiatzean argitaratu zen Kaxilda Gaztetxea jarri dute martxan Zizurkilen erreportajea, segidan:

Formakuntza saioak, hitzaldiak eta tailerrak burutuko dituzte batik bat Kaxilda gaztetxean. Gaztetxearen irekieraren berri emateko, kartelak ipini dituzte herrian zehar. Herritarrak informatu eta eskuartean dituzten ekimenen berri eman nahi dute

Aiztondo Gazte Asanbladako kide gisa aurkeztu dute beren burua Kaxilda gaztetxeko gazteek. Bulandegi bidean kokatuta dagoen 'Graficas Sortu' enpresaren lokal zaharra okupatu dute. Aiztondo Gazte Asanbladako kideek azaldu dutenez, "bederatzi hilabete dira asanblada sortu genuenetik. Astero-astero bildu gara formakuntza saioak egiteko, inguruko behar material zein espiritualez hausnartzeko eta mundu ikuskera ezagutzeko eta eraldatzeko. Bide horretan, identifikatutako behar horiek asetzeko proiektuak egikaritzeko guk kudeatutako eta denona izango zen espazioa izatea ezinbestekoa zitzaigula konturatu ginen".

Apirilean hasi ziren ekimen ezberdinak antolatzen Zizurkilen: ipuin kontaketak, haur-jolasak, antzerki tailerra, gorputza sentitzeko tailerrak, ikus-entzunezkoak, bazkariak... Aurrez hainbat ekimen egin zituzten: okupazio jardunaldiak, sendabelar eta landare jangarrien inguruko hitzaldia, Zizurkilgo gaztetxe zaharrekoekin mahai-ingurua… Pozik daude jaso duten erantzunarekin. "Hasierako ekintzak izan zirenez, herriko plazara jaitsi genituen eta nahikoa jende hurbildu zen Aste Santua tarteko izan arren".

Formakuntza helburu
"Helburu nagusia gaztetxea bestelako gizarte eredu bat eratzeko tresna gisa erabiltzea da", azpimarratu dute Aiztondo Gazte Asanbladako kideek. Gaztetxea herritar guztientzat irekitako gunea izatea nahi dute: "Orain arte Gaztetxeak gazteentzako gune gisa ikusi dira. Guk esan nahi dugu herriarentzat dela eta herritar guztientzako espazioa izatea nahi dugula". Adibide gisa, Azpeitiko edota Ibarrako gaztetxe ereduak aipatu dituzte.

Herritarrez gain, inguruko herrietako gazte asanbladetatik ere hurbildu dira Aiztondo Gazte Asanbladako kideei beren elkartasuna eta babesa adieraztera: "Jendeak babesten gaitu, elkartasuna sentitzen ari gara".

Hiru asteren bueltan Hego Euskal Herrian bost gaztetxe berri sortu dira: Lekeitioko gaztetxea, Tolosako Ezpala gaztetxea, Hondarribiko gaztetxea, Zizurkilgo Kaxilda gaztetxea eta Galdakaoko gaztetxea. Batera sortu izana "kasualitatea" ez dela diote.

Proiektu ezberdinak
Arroparen kolektibizazioa da eskuartean duten proiekturik nagusiena. "Egun bizi garen sistema kapitalistan multinazionalek eskaintzen dituzten prezio baxuengatik langile klaseko sektore batzuk arropa asko izateko aukera dugu oraindik, ahaztu gabe, berau zentro inperialistatik kanpo kokatzen diren beste langileen esplotazioarengatik dela. Bide horretan, elkartasunez beteriko forma polita bilatu dugu beharra dutenei laguntzeko".

Bestetik, liburutegi soziala ipini dute martxan, diotenez, eskolan eta beste espazioetan ukatu den jakintza eskuratu eta kolektibizatzeko helburuarekin. "Liburuak, artikuluak, ikus-entzunezkoak..., norberak nahi duena hartu, etxean kontsumitu eta berriro utz dezake, baita ekarri ere".

Herriko memoria historikoa berreskuratzeko hitzaldiak ere antolatu dituzte. Lehena, Karlos Almorza, Manex Arrastoa eta Joanes Karrera historialariek eskaini zuten Saseta Defentsa Sistemaren inguruan maiatzaren 3an Kaxilda gaztetxean.

Herriko memoria historikoa berreskuratze lan horretan, keinua egin nahi izan die Soledad Kaxilda Hernaezi; Zizurkilen jaio eta Fraisoro sehaska-etxean hazi zenari. Anarkista eta feminista zen, CNT alderdiko miliziana. "Herriko askok ez genekien Kaxilda Zizurkilen jaioa zenik, ezta existitu zenik ere".

Historiaz hitz egiten hasita, gerrak eta beldurrak eraginda euskal herritarrei informazioa ezkutatu izana salatu dute. "Sarritan aipatu dugu gure artean sekulako ezjakintasuna dagoela Euskal Herrian Gerra Zibilaren inguruan. Abertzaletasunak bigarren maila batean landu ditu 1936tik espainiar estatu mailan faxismoaren aurka eman ziren beste altxamendu edota erresistentziak".

Herritarrei mezua
Egungo sistema kapitalista apurtzearen aldeko mezua zabaldu nahi dute: "Bizitzak ez luke izan behar saldu digutena: bizimodua ez litzateke zortzi orduko lanaldiaren bueltan eraiki beharko. Gu jasaten ari garen injustiziak errudunak ditu, estrukturatuta dago eta horrekin hautsi behar dugu. Gure oinarrizko beharrizanak kolektiboki, elkartasunez eta maitasunez asetzeari ekinez".

Lokalaren okupazioari dagokionez, "legalitatetik begiratuta, inoiz ez da ulertuko okupazioa", diote. Oraingoz desalojatzeko arriskurik ez dutela eta, Kaxilda gaztetxera lasai gerturatzeko deia luzatu dute: "24 orduz hemen gaude txandak eginez. Etor daitezela lasai gure proiektuak ezagutu nahi dituzten herritarrak".

Kaxilda Gaztetxea sare sozialetan
Aiztondo Gazte Asanbladako kideek sare sozialen bitartez zabalduko dituzte eskuartean dituzten proiektuen berri, hala nola Facebook (Aiztondoko Gazte Asanblada), Twitterr (@AiztondokoGA) eta Instagram (aiztondoko_ga) sare sozialetan.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!