Azoka Berezia egun osoko festa bihurtu da

Ainhoa Arozena 2019ko urr. 10a, 15:12
Maite Amenabar, Aitor Iraeta eta Iker Urruzola, Zizurkil goiko plazan.

Gaur goizean aurkeztu dute Zizurkil goiko plazan, datorren igandean, –urriaren 13an–, egingo den Zizurkilgo Azoka Berezia. Iker Urruzola alkatea, Maite Amenabar kultur zinegotzia eta Gipuzkoako Pottokazaleen Elkarteko Aitor Iraeta aritu dira langintza horretan.

Zizurkilgo Azoka Bereziaren XXII. edizioa izango da igandekoa. Eta aurten ere, egun guztiko egitaraua osatu dute. Zizurkilgo herrigunean biltzen den jendeak era guztietako ekintzaz eta ikuskizunez gozatzeko aukera izango duela iragarri du Iker Urruzola alkateak eta azokaren sorrera hartu du mintzagai, “herriko nekazarien lana agerian uzteko helburuz sortu zen azoka eta indarra eta pisua hartzen doan denbora tarte honetan, asko aldatu dira elikagaiak eta artisautza produktuak lantzeko moduak”. Urtero berrikuntzaren bat edo beste tartekatzen saiatzen dira azoka egunaren baitan eta aurten ere, ez dute atzera geratu nahi izan. Berrikuntzen artean, Gipuzkoako Pottokazaleen Elkarteak aurten Zizurkilgo Udalarekin izan duen lankidetza nabarmendu nahi izan du alkateak. “Toki berezia izango dute pottokek, alde batetik, pottoken erakusketa izango da goizean eta, horrez gain, goiz nahiz arratsaldean pottoken gainean ibiltzeko aukera izango dute haur eta gaztetxoek”.

Gipuzkoako Pottokazaleen Elkarteko Aitor Iraetak, Zizurkilgo Azoka erakusleiho polita dela azaldu du, "pottokak ezagutarazteko eta jendeari zein lan egiten dugun erakusteko. 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara izango da pottoken gainean ibiltzeko aukera. Horrez gain, haien ezaugarriak eta historia azalduz, triptikoak eta panel informatiboak jarriko ditugu, ikasi nahi duenari aukera eskainiz. Gure urteko lanen artean, beste lan bat izango da pottoka Zizurkilgo herriari ezagutaraztea”.

Berrikuntza ugari
Bigarren berrikuntza bezala, Hernandorena kalean ipiniko diren janari postuak goizez soilik egongo direla zabalik, 10:30etatik 14:30etara. “Hala ere, arratsaldean ere ikusgai izango dira zenbait janari postu, aurten batzuk Intxaur pilotalekura eramango baititugu artisautzako postuekin batera. Berrikuntzekin amaitzeko, aurten, txakolin dastaketatxoa antolatu dugu lehenengo aldiz. Gipuzkoako Harri Altxatze Txapelketaren ondoren izango da, iluntze partean”, jakinarazi du Iker Urruzola alkateak.

Maite Amenabar kultur zinegotziak, bestalde, azokako ateak goizeko 10:30etan zabalduko direla jakinarazi du. “Azokako postuak ikusteaz gain, protagonista bihurtu ahal izango dira bisitariak, egun guztian zehar antolatuko diren tailerrei esker. Alde batetik, Taller Buiako kideek zeramika lantzeko aukera emango diete tornuan probak egin nahi dituztenei. Bestalde, papera egiteko prozesu osoa nola egiten den ikusteko aukera izango dugu Bartzelonatik etorriko zaigun Marino Ayalaren postuan. Artista bihurtuko gara; paper kolatua margotzen esperimentatzeko aukera izango baitugu, Felix Aranburu artisauaren gidaritzapean”, argitu du. Gainera aurten, eguraldia lagun izango denez, txikienek aire librean ere gozatzeko aukera izango dutela nabarmendu du, “puzgarriak eta pottokak izango baitituzte euren gozamenerako”. Berritasunak bai, baina ez dira ahaztu azokaren muina diren herriko baserritar eta artisauez. “15 janari postu jarriko ditugu Teodoro Hernandorena kalean, horietatik 5 herriko baserritarrenak. Haiekin batera piperrak erretzen, gaztak, gozoak eta pastelak, onddo eta perretxikoak, esnekiak, produktu ekologikoak, bertako garagardoa, kremak, ukenduak, xaboiak, foie naturala eta modu guztietako produktuak eskaintzen dituzten postuak egongo dira”.

Frontoiaren sarrerako pasilloan, Pedro Mari Otaño eskolak eta San Millan ikastetxeak postu bana jarriko dute baratzeko produktuekin eta ikasle zein euren gurasoekin prestatutako jakiekin. Intxaur pilotalekuan, berriz, artisauek erakutsiko dituzte euren lanak eta horietako lau herritarrak izango dira: Juani Alkorta eta Luixi Goikoetxea (eskulanak eta bitxiak), Dario Arteta (olioak eta motxilak), Maria Altuna (zeramika) eta Nekane Etxenagusia (kakorratz-lanak). Horiez gain, ehungintza, larrua, zeramika, eskuz eginiko papera, bitxigintza, harrizko eskultura, zura, adarretan egindako grabatuak, otarrak, afrikar artisautza, ezpelez egindako tresnak eta makilak ikusi ahal izango dira, besteak beste.

Egun osoko festa
Baserritarren eta artisauen postuak 10:30etatik 14:30etara egongo dira zabalik eta Intxaur frontoikoak baita arratsaldez ere, 16:00etatik 19:00ak arte. Horrekin batera, beste hainbat ekintza egongo da egun guztian zehar.  

  • 12:00-14:00 eta 17:30-18:30 Haur eta gaztetxoentzako zeramika tailerrak. Ondoren, paper kolatuan margotzeko tailerrak.
  • 12:00 Puzgarriak txikientzat eta pottoken erakusketa.
  • 14:30 Herri bazkaria Zimiterioan. *Bazkarirako txartelak salgai daude Iriarte eta Egarri tabernetan 15 eurotan, baina Zimiterioan mahaiak eta aulkiak jarriko dira norberak bere janariarekin eta azokan eskuratutakoarekin otordutxoa egin nahi badu.
  • 17:00 Pottoketan ibiltzeko aukera eta puzgarriak.
  • 18:30 Gipuzkoako Harri altxatze txapelketa.
  • Ondoren, txakolin dastaketa.

Autobusez hobeto
Joan-etorriak erraztu eta auto pilaketarik ez izateko, aurten ere autobus zerbitzua jarri dute martxan. Autobusak egun osoan zehar ibiliko dira gora eta behera, 10:15etan hasita, Bulandegiko errotondatik eta Zubiaurretxoko bidegurutzetik. Eguneko azken autobusa 21:00etan izango da Zizurkil goian, txakolin dastaketa amaitu ondoren. Udaleko kideek autobusa erabiltzeko deia luzatu diete herritarrei, “guztiontzat hobea izango delako”.

Kolorezta dezagun Zizurkil
Bukatzeko, Iker Urruzolak, Azoka Berezi hau egiten hasi zirenetik 22 urte igaro direla gogoratu du. “Aurrez, antolaketa lan handia egin dute Zizurkilgo Udalak eta herriguneko festa batzordeak. Azoka honek jarraipena izan behar duela ikusten dugu eta aurrelanak garrantzia badu, egun horretan gauza guztiak ondo ateratzeko ezinbestekoa izaten da bolondresen lana. Hemendik gure eskerrik beroenak bolondres, teknikari eta festa batzordeko kideei”. Zizurkildik bertatik nahiz inguruko herrietatik etortzen direnei harrera egiteko guztion lana ezinbestekotzat jo du, “eta hemendik eskerrak eman nahi dizkiegu; baita Gipuzkoako Pottokazaleen Elkarteari, Aitor, zuei esker, zerbait berria ikasiko dugulako denok eta zuek eskainitako lankidetza guretzat ezinbestekoa delako. Denok elkartuta, azoka giro ederra osatzeko eta gozatzeko aukera dugu. Kolorezta dezagun Zizurkil!”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!