Altsasuko gazteei babesa adierazteko elkarretaratzea ospatu zen atzo Zizurkilen

Larunbatean, urriaren 12an, Villabonan deitu du elkarretaratzea Ernaik 20:00etan Berdura plazan. 

Atzo iluntzean elkarretaratzea ospatu zen Zizurkilen Altsasuko gazteei babesa adierazteko. 19:00etan Zizurkilgo biribilgunean bildu ziren 60 lagun inguru "Ez dugu onartzen absoluzioa ez den epairik #AltsaukoakASKE" lemapean.

Irakurritako testua:

Lehenik eta behin gazteok elkartasun osoa adierazi nahi diegu espetxean diren Altsasuko gazteei eta Altsasuko herriari, Jokin, Oihan, Adur, Iñaki, Aratz, Jon Ander, Julen eta Ainara, zuekin gaude! Eta horrekin batera, berriz ere diogu ez dugula onartzen, ez dugu onartzen gazte hauen aurkako ebazpenik, ez dugu onartzen Altsasuko herriak jasandako muntai politiko, judizial eta mediatiko hau eta ez dugu onartuko absoluzioa ez den beste ebazpenik!

Epaituak izan aurretik zigortuak izan dira, herri oso bat kriminalizatua, terrorismoarekin lotzeko saiakera eta manipulazioa, espainiar medioetako portadetan seinalatuak, epaiketaren prozeduran irregulartasunak, probokazioak eta irainak, mila egun baino gehiago bahituak, salbuespenezko auzitegiek eta indar armatuek etorkizuna lapurtua eta gaurkoan, berriz ere, galdera berdina: non dago justizia?

Atzoko egunean (urriak 9) beraz, basakeri hau behin betirako bukatzeko aukera itxi du Estatuak, eta beste behin ere,
behartuak ikusten gara egoera hau salatzera. Aurreikus zezakeen moduan, espainiar Estatuak eta bere aparatuek ebazpen honen bitartez azkeneko urte hauetako bidea konfirmatzen dute. Modu honetan, espainiar Estatuak gazteriaren aurkako kriminalizazio eta errepresioaren norabidean sakontzeko hautua egina du, eta azken orduko ebazpen honekin bere izaera antidemokratikoan berresteko asmoa baino ez duela erakutsi du, Altsasun ikusi dugu eta Katalunian ikusiko dugu hurrengo egunetan.

Espainiar Estatuak bizi duen krisiaren aurrean, konponezina egiten ari zaio bai Kataluniarekiko baita Euskal Herriarekiko ere, herri hauen eskakizunei eskaintza termino demokratikoetan ezaugarritzea; estrategia autoritarioa eta errepresiboa da Estatuko herrion eskakizun demokratiko eta askatasun grina zapaltzeko duen eskaintza bakarra, alegia, Espainiar proiektu politikoaren muinean daramana. Beraz, espainiar erregimenak agerian utzi du, beste behin, euskal gazteriaren aurkako ofentsiban tinko jarraitzen duela. Altsasuko gazteen aurkako sententziak, 78ko iruzurraren fruitu den erregimenaren oinarriak erakutsi dizkigu berriro ere.

Modu horretan, gaur goizeko (urriak 10) agerraldian Altsasu Gurasoak eta Altsasukoak Aske Taldeak hurrengo asterako deitutako mobilizazioetara batzen gara, beraien artean, datorren urriaren 26an, larunbatarekin, “duintasunaren martxa”ra dei egiten dugu, goizean Altsasutik aterako dena eta arratsaldeko 17:00etan Iruñeko Justizia Jauregiaren aurreko plazan elkarretaratze batekin amituko dena.

Besarkada bat gazte eta beraien senide eta lagunei.

Denok gara Altsasu, denak etxera!

Altsasukoak askatu!

Elkarretaratzeko irudi sorta:

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!