Zizurkilgo Azoka Berezia, eguraldi beroarekin

Azken urtetan ez bezala, eguraldi beroarekin egin zuten igandean Zizurkilgo Azoka Berezia. Eguerdi inguruan jende asko bildu zen Teodoro Hernandorena nahiz Intxaur pilotalekuan jarritako postuen inguruan. Euskal pottokak ikusteko aukera ere erakargarria izan zen. Arratsaldean, harrijasotzaileen saioak erakarri zuen jenderik gehien.

Hego-haize zakarrarekin esnatu zen eguna. Postuak jarri eta azoka prestatzen aritu ziren goizean zehar artisau eta baserritarrak eta 10:30etarako guztia prest zegoen. Haurrentzako puzgarriak jarrita bazeuden ere, goizean zehar kendu egin zituzten haize zakarraren eraginez. Arratsaldean izan zuten puzgarri horiekin gozatzeko aukera.

Pottokak izan ziren azokako protagonistetakoak. Hainbat euskal pottoka ekarri zituzten Lartingo belazera eta haurrek   pottoka gainean ibiltzeko aukera izan zuten. Gozatu ederra hartu zuten txikiek.

Eguerdian bazkari herrikoia egin ondoren, arratsaldean berriz ere zabaldu zuten azoka. Teodoro Hernandorena kaleko baserritarren postuak kendu egin zituzten, baina ez hala Intxaur pilotalekukoak. Eguerdian baino jende gutxiago ibili bazen ere, ikusmira polita egon zen.

Arratsaldeko 18:30etan puntuan hasi zen Harri Handien Gipuzkoako Txapelketa. Bost harrijasotzaile ziren nor baino nor, eta Aimar Irigoien izan zen txapeldun.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!