Kataluniako sententziaren inguruko mozioa onartu du Zizurkilgo Udalak

Ainhoa Gil 2019ko urr. 18a, 10:39

Atzo iluntzean onartu zuten Kataluniaren inguruko mozio berezia. EhBildu eta EAJ-PNV alderdiek mozioa onartzearen aldeko botua eman zuten, aurkakoa PSOE alderdiko bi zinegotziek.

Lladó herriarekin senidetuta dago Zizurkil eta handik bidalitakoa da mozioa. Associció Catalana de Municipis eta Associció de Municipis per la Independénciakoek aurkeztu zuten Kataluniako Herri guztietan. Jatorrizko testuan oinarrituta prestatu dute Zizurkilgo mozioa:

 

AUZITEGI GORENAREN EPAIARI ERANTZUTEKO, PRESO POLITIKO KATALANENTZAT AMNISTIA ESKATZEKO ETA AUTODETERMINAZIO-ESKUBIDEA DEFENDATZEKO MOZIOA

Agerian geratu den bezala, zantzu nabariak daude Espainiako demokrazia hilzorian dagoela. Oriol Junqueras, Carme Forcadelll, Jordi Sánchez, Jordi Cuixart, Jordi Turull, Raül Romeva, Josep Rull, Quim Form, Dolors Bassa, Meritxell Borràs eta Carles Mundó politikariei kartzela-zigorrak ezarri dizkiete. Epaiketa politiko hau ez zen sekula egin behar. Berriro esaten dugu ozen eta argi demokrazian bozkatzea ez dela delitua. Ideiak ez dira epaitu behar. Eta horregatik aldarrikatzen dugu preso eta erbesteratu politiko guztiak aske uztea, ez dutelako inolako deliturik egin.

Epaia triste eta guztiz suminduta jaso dugu, zigortutako pertsonen, preso eta erbesteratu politikoen, banakako eskubide politikoak urratzen dituelako, eta eskubide eta askatasun kolektiboak murrizten dituelako. Epaiketak eta epaiak berak erabateko salbuespen-egoerara eraman gaituzte. Oso garai larriak dira hauek, nabarmena baita espainiar Estatuko aparatuak deuseztatu egin nahi duela aniztasun politikoa, Kataluniako herriak bere etorkizuna libreki erabakitzeko legitimitatea urratzen duela, eta gizartea independentziaren bidez eraldatzeko eskubidea zanpatzen duela. Eta, aldi berean, gaur bertan agerian geratu da Estatuko indar politikoak ez direla gai elkarrizketa erabiltzeko gatazka konpontzeko tresna gisa.

Epai honek ez gaitu geldiarazi. Aldiz, mugimendu gisa indartu gaitu, 78ko erregimena ahultzeko. Izan ere, beste behin aldarrikatuko dugu autodeterminazio-eskubidea, herritar katalan guztien aukera-berdintasuna bermatzearen alde lan egingo duen Kataluniako Errepublika aske, garbi eta justua lortzeko modu baketsuan lan egiteko eskubidea izan dezaten. Epai bakar batek ere ez gaitu geldituko. Aurre egingo diegu espainiar Estatuaren zapalketa-asmoei, eta mobilizatuz egingo diegu aurre, elkarrizketa aldarrikatuz, gatazkaren konponbiderako bide politikoa eta demokratikoa aldarrikatuz. Amnistia eskatzen dugu zigortutako eta jazarritako pertsona guztientzat.

Erabat gaitzesten dugu espainiar Estatuaren jarrera iraunkorra, alde batera utzi baitu herritarren eskaerei elkarrizketaren bidez eta modu baketsuan erantzuteko ardura. Komeni da gogoratzea, esaterako, atxiloketa arbitrarioez arduratzen den Nazio Batuetako lan-taldeak 2019ko maiatzean zabaldutako ebazpenean espainiar Estatuari eskatu ziola berehala aska zitzala behin-behineko atxiloalditik Orion Junqueras, Jordi Cuixart eta Jordi Sánchez.

Ebazpen hori betetzeari uko eginda agerian geratu zen beste behin ere Estatuak entzungor egiten diela ebazpenei, nazioarteko itunei (besteak beste, autodeterminazio-eskubidea aipatzen duten Nazio Batuen Gutuna eta Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna) eta Kataluniako herriak independentziaren eta Kataluniako Errepublikaren alde egiten dituen adierazpen baketsu guztiei. Jarrera hori oso larria da. Horregatik salatzen dugu; izan ere, tamalez, gogora ekartzen dizkigu herritar gehienen eskubide politikoak eta askatasunak bermatu gabe zeuden garai autoritarioak.

Justizia aldarrikatzen dugu, eta eskubideak eta askatasunak errepresiorik gabe, demokratikoki eta modu baketsuan aldarrikatzeko borroka deitzekotan gara berriro. Bizi dugun salbuespen-egoerak, epai honek bereziki larritutako egoerak, denongan du eragina, kalte egiten dio gure herrialdeko herri eta hiri guztien eguneroko bizitzari, bai eta bertan bizi garen pertsonoi ere.

Eta, beraz, aurrez azaldutako arrazoi guztiengatik, udalbatzak honako akordio hauek hartzea erabaki du:

LEHENENGOA. Auzitegi Gorenak urriaren 1eko epaiketari eta kausa independentistari buruz emandako zigor-epaia ez onartzea, Kataluniako herritarren eskubideak eta askatasunak murrizten dituelako.

BIGARRENA. Preso politiko guztiak eta erbesteratuak berehala aske utz ditzatela aldarrikatzea eta haientzat amnistia eskatzea, aitortuz urriaren 1eko referendumean, eta data horren aurreko eta ondorengo egunetako jarduera politikoan ez zela inolako deliturik egin.

HIRUGARRENA. Autodeterminazio-eskubidearekiko konpromisoa adieraztea, oinarrizko eskubide politikoa baita, espainiar Estatuak ere sinatutako hainbat nazioarteko itunetan jasoa (besteak beste, Nazio Batuen Gutunean eta Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean), eta eskubide gisa aldarrikatzea, hari esker lortuko baita gaur egungo gatazka politikoa bide demokratikoan eta modu baketsuan konpontzea.

LAUGARRENA. Berrestea mugimendu independentista katalanak izaera baketsua duela, biolentzia gabea. Gaitzestea Estatuko hainbat erakunde, organo eta botere eta zenbait komunikabide mugimendu independentista kriminalizatzeko egiten ari diren saiakera guztiak.

BOSGARRENA. Espainiako gobernuari eskatzea errespeta dezala Kataluniako erakundeetan demokratikoki hautatutako pertsonen legitimitatea, bai eta haiek hartutako erabaki eta akordioak ere, herri-subiranotasunaren adierazpen gorena baitira.

SEIGARRENA. Zizurkilgo Udalaren atxikimendua adieraztea Auzitegi Gorenaren epaiaren kontrako mobilizazio guztiei, bai maila nazionalean, bai nazioartean ere egiten direnei, eta herritarrak gonbidatzea eskubideen eta askatasunen alde egiten diren borroka bateratu eta baketsu guztietan parte hartzera.

ZAZPIGARRENA. Egunero-egunero lanean jarraitzeko borondate osoa azaltzea, Kataluniako herritarren eskubideak eta askatasunak bermatzeko; elkarrizketa, printzipio demokratikoak eta aniztasun politikoa defendatzeko; bai eta botere-banaketarekiko errespetua aldarrikatzeko ere, ezinbestekoa baita edozein zuzenbidezko estatutan, eta Zizurkilgo herritarrei ezagutzera ematea, herritar eta herrialde gisa oinarrizko eskubideak urratzen ari zaizkigula eta errepresio politikoa bizitzen ari garela.

ZORTZIGARRENA. Akordio hau helaraztea Lladóko Udalari (Zizurkilekin senidetuta dagoen herriari), Kataluniako Parlamentuko Presidentetzara, Kataluniako Generalitateko Presidentetzara, Diputatuen Kongresuko Presidentetzara, Estatuko Gobernuko Presidentetzara, Europako Parlamentuko Presidentetzara, Udalerrien Kataluniako Elkartera eta Independentziaren aldeko Udalerrien Elkartera. Eta mozio honen edukiaren berri ematea gure udalerriko herritarrei, egoki deritzogun bitartekoak erabiliz.

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!