Manuel Larramendi eta haren obrak, ikerketaren oinarri

Ainhoa Arozena 2019ko urr. 29a, 10:14
Urtzi Reguero Londresen. Argazkilaria: Belen Galvan.

Urtzi Reguero filologo eta ikerlari zizurkildarrak irabazi du III Manuel Larramendi Ikerketa Saria, Manuel Larramendik eta bere obrak idazle nafarrengan izandako eragina ikertzeko aurkeztutako egitasmoagatik. Londresen da une hauetan zizurkildarra eta bertatik erantzun ditu Aiurri aldizkarirako galderak. Jarraian elkarrizketaren hasiera, 547 zenbakian osorik.

Urtebete izango du orain egitasmoa osatu eta epaimahaiari aurkezteko. 6.000 euroko sari ekonomikoa jasoko du, baldin eta epaimahaiak ikerlana ontzat ematen badu. Londresen aurkitzen da une honetan Urtzi Reguero, Open Unibersityn egonaldia egiten. Sariaren berri izan eta gutxira joan zen eta bertan hasi du ikerketa.

Nola jaso duzu III. Manuel Larramendi Ikerketa Saria irabazi izanaren berria?
Oso pozik hartu dut berria, nola ez! Ez nuen, inondik inora, espero! Lehendik buruan neukan proiektu bat aurkeztu nuen, eta orain aukera ezin hobea daukat proiektu hori gauzatzeko!

Manuel Larramendik eta bere obrak idazle nafarrengan izan zuen eragina ikertuko duzu, bai baituzu gaiaren inguruan hipotesi bat. Zein da hipotesi hori?
Bai; euskararen historia aztertzen denean, garaika banatu ohi da: Erdi Aroko euskara (1400 arte), euskara arkaikoa (1400-1600 bitartean), euskara zahar edo klasikoa (1600-1745), lehen euskara modernoa (1745-1890), bigarren euskara modernoa (1890-1968) eta euskara garaikidea (1968tik aurrera). Euskara zaharraren eta modernoaren arteko muga finkatzeko orduan, besteak beste, Larramendik idatzitako hiztegiak eta gramatikak izandako eragina hartzen da kontuan. Nik tesian garai arkaikoan eta zaharrean erabili zen goi-nafarrera aztertu nuen, baina oraindik ez da ikertu goi-nafarreraren kasuan Larramendik izandako eragina. Tesi garaian goi-nafarrerazko testu arkaiko eta zahar guztiak ikertu nituen, baina berriagoak ere irakurri eta begiratu behar izan nituen. Orduan ikusi nuen bazirela desberdintasun nabarmen batzuk 1750 aurreko eta ondoko testuen artean: gaztelaniatik hartutako mailegu gutxiago, sintaxi konplexuagoa, hizkera jantziagoa... Susmoa nuen Larramendik zer ikustekorik izango ote zuen, baina ikertu gabe zegoen gaia. Orduan pentsatu nuen ikergai interesgarria izango zela obra horiek ere sakonago aztertzea eta Larramendiren eragina noraino heltzen den jakitea. Sari honekin, beraz, aukera daukat bide horretatik jarraitzeko.

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
  • Zizurkil: Ogi-zuri okindegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!