Goizean abiatu dira Erasmus+ egitasmoan parte hartuko duten gazte zizurkildarrak Irlandara

Aiurri 2019ko urr. 29a, 10:41
Zizurkildik Irlandara abiatu den taldea, Donostiako autobus-geltokian.

Gaurtik, urriaren 29tik azaroaren 4ra bitartean, Donibane Garaziko Lizeo Publikoko eta Zizurkil eta Elgoibargo 24 gaztek egonaldia egingo dute Irlandako Galway herrian, hango Muintearas Teo elkarteko zortzi gazterekin batera, gaelikoaren errealitatea ezagutzeko, hizkuntzari lotutako tailerrak egiteko eta herrialde bakoitzeko gazteek beren hizkuntza gutxituarekiko duten harremanari buruzko hausnarketa bultzatzeko.

Gaur goizeko 08:00etan abiatu dira Zizurkilgo gaztetxoak Donostiako autobus-geltokitik Loiuko aireportu aldera, eta Iker Urruzola Aizpurua Zizurkilgo alkatea joan zaie gaztetxoak agurtzera.

Jakina da Europan gutxitutako hizkuntza asko hitz egiten dela eta horiek biziberritzeko ahaleginak ere hamaika dira. Hala, Europar Batasunaren testuinguruan, hizkuntza gutxituei buruzko egonaldiak antolatu dituzte hainbat euskal erakundek eta zortzi gazte irlandar eta hogeita lau gazte euskaldunek Erasmus + izeneko proiektuan parte hartuko dute.

Antolatzaileak
Proiektuaren jatorria Zizurkil eta Elgoibarko Gaztelekuetan dago, han ikusi baitute Europako gazte trukaketa proiektu bat lantzeko beharra. Izan ere, hizkuntza gutxituetako gazteak kontzientziatu nahi dituzte eta hizkuntza horien erabileraren garrantziaz ohartarazi, betiere, aisialdi testuinguru batean kokatuta. Hala, proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak, Zizurkil eta Elgoibarko udalek eta Donibane Garaziko Nafarroako Lizeoak antolatu dute, Irlandarekin elkarlanean. Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren babesa ere badu.

Helburua
Proiektu horren helburua nerabeak Europako hizkuntza aniztasunaz ohartarazteaz gain, Europako leku ezberdinetako gazteek egoera linguistiko antzekoak bizi dituztela ikustaraztea eta elkarrekin Europako herritartasuna eraikitzea da.

Izan ere, Europan milaka herritar dira egoera diglosikoetan bizi direnak eta Erasmus + proiektuaren bidez, beste hizkuntza gutxitu bateko gazteen eguneroko errealitatea ezagutzeko aukera izango dute. Hori, gainera, aisialdi jardueretan parte hartuz egingo dute.

Partehartzaileak
Proiektu honetan, gainera, Elgoibarko eta Zizurkilgo ikasleekin batera, Donibane Garaziko Lizeo Publikoko eta Galway-ko (Irlanda) Muintearas Teo Elkarteko ikasleek parte hartuko dute. Proiektuan parte hartuko duen talde bakoitzak zortzi ikasle izendatu ditu eta talde bakoitzak bere hezitzaileak izango ditu egonaldi horietan. Zizurkilgo taldearekin Gaztezuloko hezitzaile Ane Artutxa eta Julen Alberdi joango dira.

Egonaldiak
Proiektuan parte hartuko duten nerabeek bi herrialdeetan (Gipuzkoa eta Irlanda) astebeteko egonaldi bikoitza egingo dute. Egonaldi horietan toki bakoitzeko hizkuntza gutxituaren inguruko errealitatea ezagutuko dute eta 'Gazteak eta hizkuntza gutxituak' gaiaren inguruko tailerrak jasoko dituzte, herrialde desberdinetako nerabeek beraien hizkuntza gutxituarekiko duten harremanaren inguruan hausnarketa bultzatuz.

Lehenengo egonaldia urriaren 29tik azaroaren 4ra izango da Galway-n (Irlanda), eta bigarrena, berriz, abenduaren 2tik 9ra Hondarribiko aterpetxean (Gipuzkoa). Irlandako egonaldia, Gaelikoaren egoera ezagutzeko eta Irlandakoek egoera diglosikoa nola bizi duten hurbilagotik ulertzeko baliatuko dute. Abenduko egonaldian, berriz, Euskal Herrian ibiliko dira 32 gazteak. Astebete pasako dute hemen eta egoera soziolinguistikoa hurbilagotik ezagutzeko baliatuko dute. Egonaldi horretan ere, gazte guztiak egongo dira elkarrekin eta azalpen eta jarduerak euskaraz eta ingelesez izango dira.

Aurrez, Iparraldeko (Donibane Garazi) eta Hegoaldeko (Zizurkil eta Elgoibar) nerabeak elkar ezagutzeko egun bateko topaketa antolatu zuten, irailaren 28an, Donostian.

Tailerrak
Irlandan eta Euskal Herrian egingo dituzten egonaldi horietan hamar tailer egingo dituzte, 5 Irlandan eta 5 Gipuzkoan. Tailer horietan hizkuntza gutxituen gaia landu eta sakonduko dute, arlo desberdinetan; hezkuntza, musika kirola e.a. Hala, behin Irlandako eta Euskal Herriko egonaldiak bukatuta, nerabeek lanketa berezia egingo dute Gaztelekuetan eta ikastetxeetan, haien esperientzia zabal dezaten eta euren inguruan hizkuntza ohiturak aldatzen saia daitezen.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!