"Minbiziaz hitz egin ordez, pertsonez hitz egin beharko genuke"

Gil 2019ko aza. 8a, 12:15
Maider Sierra psikologoa, Zizurkilen.

Ertz asko ditu minbiziak. Ertz horiek guztiak xamurtzea da Minbiziaren Aurkako Elkartearen egitekoa. Gaixotu aurreko prebentzioa, gaixotasunaren diagnosia egindakoan sortzen diren arazo, beldur, zalantza edo ezintasunak kudeatzen laguntzea, eta baita dolua ere. Arlo horietan guztietan lanean dihardu elkarteak. Maider Sierra zizurkildarra psikologoa da eta minbiziaren prebentzioan aritzen da. 

Aiurri aldizkariaren 548 zenbakian argitaratutako elkarrizketaren hasiera jarraian:

Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartean ari zara lanean. Zein da elkartearen zeregina?
Estatu mailako elkartea da, eta Gipuzkoako batzordean ari gara gu. Minbiziak sortzen dituen deserosotasunei aurre egiteko baliabideak errazten saiatzen gara. Bereziki, zerbitzu publikoek eskaintzen ez dituzten baliabideak dira gure jomuga nagusia. Gure azken helburua desagertzea da; gure beharrik ez izatea. 

Nola gauzatzen da lan hori guztia? 
Hiru oinarri nagusi ditu Minbiziaren Aurkako Elkarteak. Prebentzioa litzateke lehendabizikoa. Arlo horretan aritzen naiz ni, eta ahalegin handia egiten ari gara minbiziaren prebentzio eta diagnosi azkarraren garrantzia gizarteratzen. Bigarrena, minbiziaren inguruko ikerketa sustatzea izango litzateke. Fundazio baten bidez egiten dugu hori; dirua biltzeko ekimen ugari antolatzen dugu elkartetik, eta ikerketa ezberdinetara bideratzen dugu jasotakoa. Bitartekari lana egitea da gure zeregina, beraz. Minbiziaren Aurkako Elkartearen sorreraren muina horixe izan zen; Donostiako Onkologikoak makina berezi bat behar zuen minbiziaren tratamendurako, eta diru hori  lortu ahal izateko sortu zen elkartea. Urteak aurrera, asko aldatu dira premiak eta baita  elkartea bera ere, baina hasierako funts hori hortxe dago oraindik ere. 
Elkarteak lantzen duen hirugarren arloa, gaixotasuna diagnostikatu zaienei eta euren familiako kideei arreta eskaintzea da. Oso arreta zabala eskaintzen da, arlo psiko-sozialean. Kasu batzuetan, adibidez, material ortopedikoaren beharra sortzen zaio gaixo dagoenari; ohe artikulatua, gurpildun aulkia, dutxarako aulkia..., eta elkarteak dohainik eskaintzen ditu baliabide horiek. Baina beste hainbat premia ere sor daitezke. Esaterako, paper kontuak egiten laguntzen zaio behar duenari. Lanera itzultzeko prozesuan ere laguntzen diogu gaixotasunetik atera denari. Finean, arreta sozial osoa eskaintzen zaio gaixoari eta bere familiari, eta dolu prozesuan ere laguntzen dugu. Minbiziaren aurretik, bitartean eta ondoren laguntzea da gure helburua.
Minbizia duenaren edo izan duenaren bizi kalitatea hobetzen laguntzeko tailerrak eta formakuntzak ere bideratzen ditugu egun. 

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
  • Zizurkil: Ogi-zuri okindegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!