Artilea, artzainentzako diru-iturri izatetik, buruhauste izatera

Ainhoa Gil 2019ko aza. 12a, 16:56

Asteasuko Agroaldean pilatutako artilea, kamioian kargatu eta Artaxonara eramateko prest.

Azken urteetan, beheruntz egin du ardi latxaren artilearen balioak. Artzainentzako diru-iturri polita zen garai batean; saldu ezinik dabiltza orain. Arazoa bideratzeko, artilea biltzeko zerbitzua jarri du Tolomendik. Artaxonan konpostatuko dute eskualdeko artaldeen artilea.

Erreportajea osorik, Amasako Alustiza baserriko Pello Etxeberria artzainaren ikuspegia barne, Aiurri aldizkariaren 548 zenbakian irakurgai.

Artilez betetako zakuak pilatu dituzte Asteasuko Agroaldean. Eskualdeko artzainek hara eraman dute euren ardiei udaberrian moztutako artilea.  Erremolke, auto eta traktoreen joan-etorria handia izan da urriko azken bi astetan. Hilabete luzetan etxean pilatuta zegoen artileari irteera emateko gogoz gerturatu dira bertara. 
Tolomendi Landa Garapen Elkarteak eskainitako zerbitzua da honakoa. Tolosaldeko Cortes enpresak hartu du lanak egiteko ardura. Artilea bildu, kamioietan kargatu eta Artaxonara eramaten dute, konpostatzera. Hantxe baitago horretarako aproposa den gune bakanetakoa. 
Duela zenbait urte ondo saltzen zen ardi latxen artilea. Koltxoiak egiteko erabiltzen zuten. Erabilera hori, ordea, amaitu zen eta artileak balioa galdu du. Ondorioz, artilerik ez da saltzen; hondakin gisa tratatu beharra dago. Tolomendik bideratutako zerbitzua erabiltzeagatik ordaindu egin behar izan dute aurten artzainek, lehen aldiz. Diru-iturri izatetik, gastua izatera igaro da artilea. 
Ardi bakoitzak 2,5 kilo artile inguru sortzen du urtean. Kanpora saldu edo etxean konpostatu behar dute artzainek. Gainerakoan, beste irtenbideren bat eman behar zaio eta aurten, artileari irteera egokirik eman ezinik ibili dira artzain asko eta asko. Tolomendi elkarteko Iker Karrerak eman ditu azalpenak:  "Momentu honetan ardi latxaren artileak ez du baliorik. Hortaz, hondakin bezala kudeatu beharra dago. Europako legediari lotuta, Sandach 3 izendapena dauka artileak eta horregatik, bere kudeaketa legez araututa dauden baldintza batzuetan egin behar da. Lan horietan aritzen den enpresa bat bilatzea izan zen lehen pausoa. Tolosaldeko Cortes enpresak baiezkoa eman zigun, eta hura ari da artilea kudeatzen". Artilea bildu, eta Artaxonako konpostatze plantara garraiatuko dute Cortes enpresako kideek. 

Zerbitzuaren finantzaketa
Finantzaketa moduak bilatzea izan zen Tolomendik emandako hurrengo pausoa: "Artilea kudeatzeak gastu batzuk dakartza, noski. Aurten, artzainek ordaindu beharko dute gastu horren zati bat. Foru Aldundiarekin harremanetan izan gara eta erakunde publikoak hartuko du bere gain gastuaren beste zati bat", azaldu du Iker Karrerak. 
0,115 euro + %10 BEZ da artile kilo bakoitza kudeatzearen kostua. Foru Aldundiak hartuko du bere gain kostu horren %50a. Artileak zekarren diru-sarrera amaitu zen, baina gainera, gastua suposatzen die orain artzainei.  

Gune estalia eta garbia
Inguruko artzainentzat erosoa izango zen bilketa-gunea bilatzea ere ez zen erraza izan. Iker Karrerak argitu duenez,
"izan ere, hondakin berezia denez, biltzeko guneak ere zenbait ezaugarri bete behar ditu: ezinbestekoa da ondo estalita egotea, garbitzeko erraza izatea..., modu horretan, artileak berekin ekar ditzakeen arazoak saihesten dira; arratoiak, zikinkeriak, eta abar. "Asteasuko Agroaldean aurkitu zuten bilketarako baldintza guztiak  betetzen zituen gunea, eta hantxe egin dituzte lan horiek, bi astez. 100 arditik gora dituzten artzainei, artilea etxean jasoko zien kamioi zerbitzua eskaini zaie. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!