Gau Krosa, Ibon Gonzalezen oroimenez

Ainhoa Gil 2019ko abe. 9a, 12:44

Ibon Gonzalez, maratoiko helmuga zeharkatzen. ©EgoitzBengoetxea

Irailaren 17ak albiste beltza ekarri zuen eskualdera: Ibon Gonzalez Loitegi kirolari zizurkildarra zendu zen. Hutsune handia utzi du Ibonek, etxean, lagunartean eta herrian. Omenaldi gisa, Zizurkilgo Gau Krosak bere izena hartuko du aurrerantzean.

*Artikulua osorik: Aiurri hamaboskariaren 550 zenbakian.

Kirol-zalea, alaia, txantxalaria, goxoa, laguntzeko prest zegoena, etxekoekin lotura berezia zuena..., horiek izan dira Ibonen inguruan egin dituzten lehen hitzak.

Xabier Blanch, Elias Hermida eta Aitor Goenaga kuadrillako kideak elkartu dira Ibonen inguruko oroitzapenak freskatu eta elkarbanatzeko. Ume-umetatik ezagutzen dute elkar. Lagunarte handia osatzen dute eta kuadrillako kide zuten Ibon Gonzalez. "Batzuk Ibontxoren auzo berdinean bizi izandakoak gara, beste batzuk adin berekoak..., umetatik ezagutzen dugu denok elkar eta 12-13 urte genituela osatu genuen kuadrilla. Geroztik, elkarrekin ibili izan gara beti".

Irribarrea ahoan

Irribarretsu gogoratzen dute Ibon. "Uste dut horixe dela bere ezaugarririk azpimarragarriena; irribarrea. Gaztetxotan bera zen kuadrillako pailazoa eta heldutan ere, bazekien umore horri nola eutsi. Bazekien kuadrillako kide bakoitzari zer esan edo nola jokatu, irribarrea sorrarazteko", diote bere lagunek. Txantxazalea zen Ibon, "eta oso ondo hartzen zien tamaina txantxa horiei. Ez zen pasatzen, ez zuen inor mintzen bere txantxekin. Jendeari barre egin araztea izaten zen bere helburua", azaldu du Xabierrek.

Kirolazale amorratua

Kirola zen Ibonen pasiorik handiena. "Oso saiatua zen, eta baita lehiakorra ere". Tolosako atletismo taldean zebilen azken urteotan. Atletismoan murgilduta zebilen hogeita bost urte zituenetik, baina futbolean ere aritutakoa zen Ibon. "Jubenil mailara arte Danena taldean aritu zen. Handik Tolosaldeko taldera pasa zen eta azkenik Hernanira", azaldu du Xabier Blanchek. "Hernanin ez zuen berak nahi adina jokatzen, eta utzi egin zuen futbola". Ordurako, kuadrillako Aitor Goenaga korrika hasia zen, eta Ibonek ere kirol horri heldu zion.

Ez zen geldirik egoteko pertsona eta triatloian ere proba egin zuen. Oso ondo moldatzen zen korrika eta bizikletaren gainean, "baina igerian ez. Senperen, esaterako, triatloia utzi egin behar izan zuen, uretan estuasuna etorrita". Azken hilabeteotan, igerilekuan entrenatzen ari zen Ibon, "Triatloiarekin zuen arantzatxo hori kentzeko gogoz zebilen. Bazekien igeriketan pixka bat hobetuz gero, oso triatloi txukunak egiteko aukerak zituela, eta buru-belarri ari zen horretan".

Realzalea

Realzale amorratua ere bazen Ibon. "Taldeko bazkidea zen eta Anoetan ez zuen hutsik egiten". Horrez gain, Zizurkilgo Danena taldearekin ere harreman estua zuen eta zu-zendaritza taldean sartzeko asmoa bazuen. "Taldean ibilitako futbolari beteranoak elkartu zituen. Bazkari bat antolatu zuten eta ekimen hori mantentzeko ahalegina egin nahi zuen. Intentsitate handiz bizi zuen kirola eta arlo guztiak zaintzen zituen". Egungo futbolari gazteekin ere oso keinu politak izan zituela gogoratu dute elkarrizketatuek. "Kadeteek igoerako partida jokatu behar zuten egunean, Ibontxok bidalitako animo-mezuak irakurri zizkien jokalariei Josu Sarasola taldeko lehendakariak. Oso modu berezian bizi zuen kirola eta bazekien animo horiek nola transmititu". Gainera, oso ekintzailea zen Ibon, beti lanerako eta laguntzeko prest zegoena. "Ez zen geldirik egotekoa. Auto-eskakizun maila handia ere bazuen eta egiten zuena ondo egitea gustatzen zitzaion", azpimarratu dute.

Tolosan bizi

Tolosan bizi zen Ibon azken urteotan, familia osatuta. Bai-na ez zuen inoiz eten jaiote-rriarekin zuen lotura estua. "Jaure lantegian egiten zuen lan eta gurasoen etxera joaten zen bazkaltzera. Seme bakarra zen, eta oso harreman estua zuen gurasoekin. Aitarekin hitz egiten dugunean kontu-ratzen gara zer ondo ezagutzen zuten elkar eta Ibonek aitari zenbat gauza kontatzen zion. Etxeko harreman hori bereziki zaintzen zuen", azaldu dute.

Gau Krosa, bere omenez

Abenduan, Zizurkilen bertan egingo diote omenaldia. Izan ere, Ibon Gonzalezen omenezkoa izango baita aurrerantzean Gau Krosa. "Ibontxok gertutik bizitu zuen Gau Krosaren sorrera prozesu hura eta behin baino gehiagotan parte hartu zuen bertan, noski. Podiuma egitea ere lortu zuen", diote. Abenduaren 14an, larunbatarekin egingo dute aurtengo Gau Krosa, 22:30ean hasita. "Kirol batzordeko kideei luzatu genien Gau Krosa Ibontxoren omenezkoa izatearen proposamena, eta baiezkoa eman ziguten. Oso txertatuta dagoen ekitaldia da, inoiz galduko ez dena. Hemendik aurrera bere izena izango du eta guztiok izango dugu, bertan parte hartuz, Ibontxo oroitu eta omenalditxoa egiteko au-kera", gaineratu du Aitor Goenaga lagunak. Aurten, Ibonen inguruko jende asko animatuko da, korrika saioa eginez, laguna omentzera. "Eta korrika egin behar ez duten beste askok ere parte hartuko du, Gau Krosaren antolaketa la-netan lagunduz, esaterako", gaineratu dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!