Hasi da Zizurkilgo Kirol Astea

Aiurri 2019ko abe. 13a, 13:58

Hasiera bikaina eman diote Zizurkilgo Kirol Asteari. Goi mailako ikasketak dituzten puntako kirolariak elkartu ziren Plazida Otaño liburutegian, euren esperientziaz hitz egiteko. Jende asko gerturatu zen solasaldia gertutik jarraitzeko.

Mens Sana un corpore sano izenburupean, mahai inguru interesgarria eskaini zuten atzo. Bertan egon ziren Iñaki Artola pilotaria, Iraia Iparragirre Realeko futbolaria, Iñaki Perurena harri-jasotzailea, Lurdes Gorostegi pultsularia eta Aritz Bagues txirrindularia, Jon Ander de la Hoz kazetariaren gidaritzapean.

Jende asko bildu zen mahai-ingurura, bertako partaideek kirolak eta ikasketak nola uztartu dituzten jakiteko, eta euren kirol-ibilbidearen berri jasotzeko. Gaztetxoenek adi-adi entzun zituzten azalpenak.

Kirol Asteak jarraipena izango du datozen egunotan:

Gaur bertan, ostiralean, Ukerdi Mendi Film Festibaleko pelikulak ikusi ahal izango dira Herriguneko elizan, 19:00etatik aurrera eta, bitarte horretan, umeek frontoiko rokodromoan eta frontoian bertan ibiltzeko aukera izango dute.

Bihar, larunbata, umeentzako kirol eta jolasak izango dira frontoian, goizez. Arratsaldean, Gipuzkoako Taldekako Halterofilia Txapelketa jokatuko da, eta gauean  Ibontxo Gonzalez-en oroimenezko Gau Krosa ospatuko da.

Igandean amaituko da Kirol Astea. Goizean, Umeentzako Pilota Txapelketa jokatuko da, ondoren emakumeen pala txapelketa. Arratsaldeko 16:00etatik aurrera familientzako Ecuavoley topaketa egingo dute Otañoko pilotalekuan eta, azkenik, Danena eta Villabonaren arteko futbol-partida izango da ikusgai Danena futbol-zelaian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!