Zizurkilgo PSE-EEren prentsa oharra

Otsailaren 10ean onartu zituzten Zizurkilgo udal aurrekontuak. PSE-EE udal taldeak prentsa oharra igorri du aurrekontu horien inguruan:

"PSE-Eek 2020ko aurekontuak babestu ditu, “atzera-ezinak” diren proposamenak sartuz

Jose Antonio Sanchez bozeramale sozialistak azaldu duenez, joan zen otsailaren 10ean bere taldeak 2020ko aurrekontuen alde bozkatu zuen, udal gobernuarekin zuzenketa garrantzitsuak adostu ondoren. Gustura agertu da, proposamen horiei esker udal aurrekontua hobetu delako, izan ere, Zizurkilen “atzera ezinak” diren gaiak konpontzen baitituzte.

Azaldu duenez, PSE-EEk urte askoan eskatutako inbertsio ezberdinak aurreikusi dituzte, hala nola, Bulandegiko irisgarritasunaren hobetzea. Aurten 90.000 euro aurreikusi dituzte lan horietarako eta datozen urteetan hobekuntza gehiago egingo dira, proiektua erabat amaitzeko. Horrez gain, Akezko eta Iartza auzoak ere negoziazioen erdigunean egon dira eta akordio bat lortu dute zabor-edukiontzien pareko zebra bidean argiteria hobetzeko, oinezkoen segurtasuna “nabarmen” hobetze aldera.

Gainera, kontuan hartu dute talde sozialistak programan sartutako proposamena: futbol zelaiaren alboko aparkalekuko zorua eta argiteria hobetuko dituzte, horretarako 4500 euro erabiliz. Horrez gain, zebrabideetako argiteria hobetzea lortu da, oinezkoen segurtasuna bermatze aldera.

Beste alde batetik, PSE-EEk hauteskunde programan azpimarratzen zuenez, herriko komertzioa bultzatzeko beharra dago eta apustu garbia egingo da Zizurkilgo denda eta tabernen alde. Horretarako, “hain garrantzitsuak diren” bi sektore hauek indartzeko kanpainak lantzeko konpromezua hartu du udal gobernuak. “Dagoeneko, parte hartzen duten komertzioetan erosketaren bat egitearen truke, zozketa batean parte hartzeko aukera dago martxan. Otsailean bertan egingo dute zozketa”

Urte honetarako hartutako beste konpromezu bat, sozialiston eskaeraz 2020ko aurrekontuan jasoa dagoena, emakumeei zuzendutako autodefentsa ikastaroak dira, haien segurtasuna indartzeko. “Ez da zalantzarik erasotzaileen desagerpena dela autodefentsarik garrantzitsuena, baina, momentu zehatz batean defendatzen jakitea ezinbestekoa izan daiteke erasotua izan den emakume batentzat”, adierazi du.

Azkenik, azaldu du otsailaren 28an egingo dutela 2020ko aurrekontua, 18:30etan hasita, Plazida Otaño liburutegian. Bertan ikusi ahal izango da, zehatz-mehatz urtean zehar beteko den aurrekontua, herritarren behar eta eskariei erantzuteko asmoz egina".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!