Alex Inzak jasoko du aurtengo txapela

Aiurri 2020ko ots. 21a, 11:23

Martxoaren 14an ospatuko dute aurtengo Txapela eguna eta Festa batzordeak jakinarazi duenez, Alex Inza, 'Egarriko Alex' izango da aurtengo txapelduna.  XXVII. edizioa izango da aurtengoa. Jarraian, egitaraua eta egunaren inguruko nondik norakoak:

Zizurkilgo Festa batzordeak erabaki du aurtengo txapela Alex Inzari ematea. Erabaki horren arrazoiketa laburra ere igorri dute:

“Alex Inza bezalako pertsonek garrantzia berezi dute herri bat, komunitate bat egiterakoan. Egarriko Alex –ek etxean sentiarazi ditu Egarrira sartu diren zizurkildar oso ezberdinak, izan Elbarrenakoak zein herrigunekoak, gazteak, helduak zein adinekoak. Beti dago prest, gainera, herri ekimenetan laguntzeko, festetan edo bestelako ekimenetan.

XXVII. edizioa duen Txapel Egunaren helburua ez da inoiz izan lorpen handiak goratzea, herri giroan garrantzia duten horrelako herritarrak aitortzea baizik. Horregatik Zizurkil goiko jaiak antolatzea helburu nagusi duen festa batzordeak herrigunetik haratago begiratu nahi izan du aurtengo txapela jartzerakoan eta zizurkildar guztiekin tratu atsegina izaten hamarkadak daramatzan Alex Inza herritarrari jarriko diogu Txapela”.

 

Txapel eguneko egitaraua

16:00 Txapeldunen mus lehia zentroan.

17:30  Bukalai dantza taldearen emanaldia Intxaur frontoian.

20:00  Trikitilariekin eta Haritz Mujika eta Amaia Agirre bertsolariekin poteoa.

21:00 Txapeldunen afaria Iriarte jartetxean.

-Arrain zopa

-Baserriko oilaskoa

-Etxeko tarta

-Kafea eta txupitoa

Prezioa: 22€

Txartelak salgai  Iriarten eta Egarrin. Otsailaren amaieran jarriko dira.

 

Afalostean, Alatzne Etxaburua iazko txapeldunak jarriko dio txapela Alex Inzari, eta honenbestez Alex izango da 2020ko jaien hasierako txupinazoa botako duena. Txapela jantzita eguna gozatzera dei egiten die Festa batzordeak zizurkildarrei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!