"Herriko medikuak gara gu, bakoitzari bere botika ematen diogu"

Ainhoa Arozena 2020ko mar. 12a, 09:30

Alex Inza baino, 'Egarriko Alex' moduan ezaguna. Zer moduz galdetu eta 'entre bien y muy bien' bere erantzuna. Umoretsua eta gertukoa. Txapel eguneko txapela jantziko du martxoaren 14an.

Elkarrizketa osorik: Aiurri hamaboskariaren 556 zenbakian.

Txapelduna izango omen zara...
Bai, hala da. Gustura jaso dut berria. Eskertu egiten dira horrelakoak, baina protagonismo horrek lotsa ere ematen dit. Jendaurrean ohituta nago, baina ez halako ekitaldietan.

Festa batzordeak, txapeldun izendatzeko merezimenduen artean, “Egarriko Alexek etxean sentiarazi ditu Egarrira sartu diren zizurkildar oso ezberdinak, izan Elbarrenakoak zein herrigunekoak, gazteak, helduak zein adinekoak. Beti dago prest, gainera, herri ekimenetan laguntzeko, festetan edo bestelako ekimenetan” dio…
Bai ni eta baita Josu Galarza bazkidea ere halakoak gara. Nik Zizurkil bakarra defendatu izan dut; ez dut bereizten gora eta behera. Zizurkil bakarra, horixe eduki dut buruan beti. Zizurkilen jaio nintzen eta zizurkildarra naiz; ez goikoa eta ez behekoa. Herri mailan ondo ikusiak gaude eta eskertu egiten da gurekin gogoratzea. Lotsa eman arren, ohorea ere bada eta aukera polita iruditzen zait goi eta beheko muga hori hausteko. Ea behingoz lortzen dugun herria bateratzea, bestela ere bai baitugu nahikoa muga...

Bestalde, bai Josu eta baita ni ere, herri mailako ekimenetan parte hartzeko prest azaldu gara beti eta, hala jarraituko dugu, herritik bizi baikara gu ere.

Iazko txapeldun Alatzne Etxaburuak jantziko dizu txapela...
Halaxe da, bai. Martxoaren 14an, musa, dantza emanaldia eta triki-poteoa izango dira arratsaldean eta gauean afaria Iriarte jatetxean. Afariaren ondoren jantziko didate txapela. Nahikoa festa izango da, Blues gaua ere egokitzen baita gau horretan Zizurkilen.

Txapela janzten duenak badu ardura bat: festetan txupinazoa botatzea...
Bai, pregoia prestatu beharko dut abuzturako. Gustura egingo dut, baina halakoetara ohituta ez gaudenez, kezka pixka bat ere sortzen dit.

Egarriko tabernari, taberna zabaldu zenutenetik. Bide luzea egina duzu aurretik ere. Umorerik galdu gabe beti...
Aurten 19 urte beteko dira Egarri taberna zabaldu genuenetik. 15 urterekin hasita, 31 urte egingo ditut tabernari bezala. Villabonako Uztargi tabernan ikasi nuen ofizioa eta Igeldon, Donostiako Portuan, Inauterietan Tolosan, asteburuetan batean eta bestean lanean jarraitu nuen... 20 urterekin hartu nuen Uztargi taberna eta han zortzi urtez lanean aritu ondoren, Egarri taberna zabaldu genuen Josuk eta biok. Bizitza guztia igaro dut jendaurrean, barraren bestaldean.

Bestelakoak ere izaten dira, baina, ahal dela, umoreari eusten saiatzen gara. Jendaurrean lanean aritzeko derrigorrezkoa da bezeroak zaintzea. Garagardoa berdina da leku guztietan, beraz, bezeroekin asmatzen saiatu behar dugu, ez dago beste misteriorik. Ez dugu beti asmatuko, baina saiatzen gara.

Denetariko pertsonak etortzen dira tabernara eta askotan psikologoaren papera ere betetzen dugu. Herriko medikuak gara gu eta bakoitzari bere botika ematen diogu.

Alex Inza baino, Egarriko Alex moduan ezagunagoa zara...
'Alex Pamuñokoa' naiz berez. Ez Tolosan eta ez Donostian, Zizurkilgo Pagamuño baserrian jaioa. Bost anai-arrebetatik etxean jaio nintzen bakarra. Asteasun egiten dut lo, baina Zizurkilen bizi naiz.

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.

  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!