Blues gaua larunbatean, Zizurkilen

Aiurri 2020ko mar. 10a, 13:44

Blues gauaren XVIII. edizioa ospatuko dute, larunbat honetan, Zizurkilen. Eguerdian izango da lehen kontzertua, Mojo Hand taldearen eskutik eta gauean, Saxos del Averno eta The Sweet Vandals arituko dira:

Herriko hiru tabernatan izango dira musika saioak. 13:00etan hasiko da aurtengo blues jaia, Mojo Hand talde donostiarrak Txindoki tabernan eskainiko duen kontzertuarekin. Orain arte egindako ibilbide laburrean, talde donostiar honek Estatuko gainerakoan ibilbide luzea egindako hamaika proiekturen mailako kalitatea erdietsi du bere proposamenean. Taldea 2016an osatu zuten musikaren esparruan eskarmentu handia duten bost lagunek: Gorka Azpiroz (ahotsa), Jon Aira (gitarra), Fernando Neira (baxua), Karlos Aranzegi (bateria) eta Paul San Martinek (pianoa).

Gauean, berriz, 23:00etatik aurrera Saxos del Averno taldearen doinuek girotuko dute Atxulondo taberna. Hasiera batean soilik saxofoiez osatutako taldea izan zen (saxo soprano bat barne), grabazioak egin zituzten haize sekzio gisa eta hainbat bira egin zituzten Julián Maeso, Ginferno, Pájaro eta Vinila Von Bismark bezalako musikariek gonbidatuta. Gero beren musika egiteko erabakia hartu zuten, eta kontzertu bakoitzean berritu egingo zen frontman bat izango zuten abeslari. Lehenengo biran Julián Maeso, Anaut eta Roi Fontoira izan zituzten lagun. Baina gau batez, Madrilgo Centralen, Adrián Costa gonbidatu zuten, ezin hobe hartu zuten elkar eta grabatu egin zuten. Eragin nagusiak: 50. eta 60. urteetako musika, Rhythm and Blues eta erritmo latinoak, bluesa, jazza eta funka. Ia musika beltz guztia eta antzekoak, betiere Infernuko labetik igarota.

00:30etik aurrera, The Sweet Vandals taldearen kontzertua izango da, Egarri tabernan. Blues trinkoa, funk sakona eta soula egiten dituen banda da The Sweet Vandals. 2005. urtean, Funkxplosion laukote instrumentalak beste sorkuntza bide bat hartzeko eta Mayka Edjole abeslaria taldera biltzeko erabakia hartu zuenean sortu zen The Sweet Vandals. “I gotyouman” binilozko singlearekin aurkeztu zen lehenengoz banda, Funkoraman argitaratu zen eta Carlo Coupé bera izan zen ekoizlea. Berehala agortu zen diskoa, eta nonahi entzun zitekeen Keb Darge, Andy Smith eta Henry Storch bezalako nazioarteko disko jartzaileen eskutik. Geroago, Julián Maeso arduratuko zen teklekin, eta Berlingo Lovelite klub mitikoan jo ostean kontratu bat sinatu zuten Alemaniako Unique Records diskoetxe entzutetsuarekin. Orduan abiaraziko zuten lau album, hamarren bat single eta konpilazio ugari ekarriko zituen ibilbide guztiz bizkorra. 10 urteko epean Europa osoan barrena, Mexikon, Turkian eta Afrikako Réunion Uhartean jo zuten, eta besteak beste Alemaniako WDR Rockpalast saio mitikoan eta Ingalaterrako BBCren Maida Vale estudioetan grabatu zuten, horrenbestez bihurtuko ziren funk sakonaren mugimenduko erreferentziazko talde Europa mailan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!