Zizurkilgo trafikoari irtenbidea emateko beharra

Ainhoa Gil 2020ko mar. 18a, 12:37
Anastasio Inza, Jose Angel Moreno, IƱaki Alustiza, Rosa Gomez eta Balen Tolosa, Biala Orain plataformako kideak.

Trafiko handia pasatzen da egunero Zizurkilen barrena. Neurketen arabera, 10.000 ibilgailuk zeharkatzen dute Erniobidea eta Bulandegi bidea, egunero-egunero. Horietako asko, gainera, kamioi handiak dira. Egoerak kezkatuta, Biala Orain! plataforma sortu dute herritarrek.

Kamioiak, autoak, autobusak, motoak..., milaka ibilgailu pasatzen da egunero Zizurkilgo erdigunetik. Arazo hori ez da berria, inondik ere, baina urteak aurrera, areagotzen joan da. Nahikoa da Zizurkilgo Bulandegi bidea edo Erniobidean bost minutuz egotea, arazoaz jabetzeko. Etengabekoa da auto eta kamioien joan-etorria. Soinu handia sorrarazten dute eta baita kutsadura ere, noski. Herritarrez gain, Asteasu aldera doazen ibilgailuak pasatzen dira Bulandegi eta Erniobidean barrena. Industriagune handia dago Asteasun, eta horrek kamioien joan-etorri handia sorrarazten du. Zizurkilgo herria zeharkatzen dute horiek guztiek, baita milaka autok ere. Egoerarekin kezkatuta daude zizurkildarrak aspalditik, eta urteak daramatzate irtenbideak aldarrikatzen. Foru Aldundiari dagokio errepidearen kudeaketa, eta saihesbidea egiteko proiektu bat baino gehiago izan dute mahai-gainean, baina inoiz ez da gauzatu izan. Biala Orain! izeneko plataforman bildu dira zenbait herritar, aldarrikapenak bideratzeko asmoz.

Bide oparoa
Duela urtebete baino gehiago hasi ziren biltzen plataformako kideak. Rosa Gomez zizurkildarrak plataformaren sorrera ezagutu zuen: "Saihesbidearen aldeko sinadura bilketak eman zion hasiera plataformari. Ordurako, Bulandegi bideko bizilagunak zenbait bilera egiten ari ginen, errepideko zoruaren egoera negargarria zelako. Bilera haietan murgilduta geundenean jakin genuen herriko gazte talde batek sinadura-bilketa abiarazi zuela. Haiekin hitz egin genuen. Gaia lantzeko beharra bazegoela iruditzen zitzaigun guztioi ere, eta duela urtebete inguru egin genuen lehen bilera". Egun, zortzi zizurkildarrez osatuta dago Biala Orain! plataforma, eta ateak guztiz irekita dauzkate. 10.000 ibilgailu Arazo handiak eragiten ditu trafikoak Zizurkilgo Elbarrenan. Soinu maila handia da eta ibilgailuek isurtzen dituzten gasek kutsadura sortzen dute. Egunero 10.000 ibilgailu pasatzen da bertatik, Foru Aldundiak egindako neurketen arabera. Horietako asko eta asko, ibilgailu astunak. "Datu horrek oso argi adierazten du zenbateko arazoa dugun Zizurkilen, herria zehartzen duen trafikoaren eraginez".

Aspaldiko aldarrikapena
Asteasu, Alkiza edota Larraulera doazen ibilgailuek Zizurkil zeharkatzen dute gaur egun, eta "horrek joan-etorri handia sortzen du. Trafiko hori guztia herrigunetik pasatzea arazo larria da. Badira 30 urte saihesbidea egiteko lehen proiektua egin zela, baina ez zen gauzatu. Geroztik beste proiekturen bat ere egin dute, baina beti atzera bota izan dituzte. Bitartean, trafikoaren arazoa areagotzen joan da".

Bilera Foru Aldundian
2018an herriko gazte taldeak sustatuko sinadura bilketa hark indarra eman zion plataformari. "Sinadura asko bildu zen. Hori ikusita, talde politiko guztiekin bildu, eta haien babesarekin, Foru Aldundian bilera eskatu genuen". Bide Azpiegituretako Foru Diputatu den Aintzane Oiarbiderekin bildu ziren. Elias Hermida, Iñaki Alustiza, Rosa Gomez, Maite eta Maria Angeles Lazkano izan ziren bilera hartan. "Batzarkidea zen orduan Maria Angeles, eta hark lotu zuen Aldundiko bilera", azaldu dute. Iñaki Alustizak ondorio garbi bat atera zuen bilera hartatik: "Aintzane Oiarbide diputatuak garbi esan zigun ez zegoela mahai gainean Zizurkilgo saihesbidea egiteko proiekturik, eta ez zutela epe laburrean horrelakorik aurreikusten, ez agintaldi honetan, ez hurrengoan ere".

Ez da lehentasuna
Proiektu handia da Zizurkilgo saihesbidea, diru asko kostako litza keena "eta orain beste lehentasun batzuk dituztela esan ziguten, Aldundiko aurrekontuaren %80a gizarte ekintzetara bideratzen dutela eta errepideei dagokienez, beste lehentasun batzuk daudela aitortu ziguten. Guk gurea eskatu genuen, guztiz arrazoizkoa dela sinetsita, eta horretan jarraituko dugu", azpimarratu dute. Aldarrikapenak, kalera Etsipenetik urrun, borrokatzeko gogoz daude zizurkildarrak. "Guk gurea aldarrikatu behar dugu. Izan ere, saihesbidearen premia handia dugu Zizurkilen", azpimarratu dute. Aldarrikapenak kalera ekartzen ari dira azken urtean. Sinadura bilketak eraman zuen gaia berriz ere herritarren ahotara eta geroztik etorri dira elkarretaratzeak, manifestazioak, banderolak, pintxo dastatzeak eta abar.

Eskualdearen babesa
Inguruko herrien babesa ere eskatu dute zizurkildarrek. "Aiztondon herri asko gara eta neurri batean, guztiei eragiten die arazo honek. Zizurkilek asko sufritzen du inguruko herri horietara doan trafikoaren eraginez. Haien laguntza ere eskertuko genuke", azaldu du Balen Tolosak. "Esate baterako, Asteasuko industriagunera doazen kamioiak gure herritik pasatzen dira, ia ezinbestean. Asteasuri aberastasuna ekartzen dio industriaguneak, baina guri ondorio kaskarrak besterik ez". Eskualdeko Udalen artean gaia aztertu izan dutela azaldu dute plataformako kideek: "Badakigu, esaterako, Zizurkil eta Asteasuko Udalak harremanetan daudela. Bere garaian, Asteasu eta Adunako Udalek euren sinadura eta babesa eman ziguten, Foru Aldundiko bilerara eraman ahal izateko", azaldu du Rosa Gomezek. "Nolanahi ere, herrien arteko elkarlan estuagoa beharko litzatekeela iruditzen zaigu", diote aho batez.

Kezkak argituz
Biala Orain! plataformako kideek sumatu dutenez, Zizurkilgo zenbait dendariren artean kezka sortu du saihesbidearen eskaerak. "Lasaitasunerako deia luzatu nahi dugu. Saihesbidea eskatuta, ez dugu herrigune osoa oinezkoentzako gune bihurtzea nahi, inolaz ere. Egunen batean biala egingo balute, Bulandegi bidea eta Erniobideako errepideak bere horretan mantenduko lirateke". Iñaki Alustizak azaldu duenez, saihesbideak ekarriko lukeen ondorio bakarra, pasaerako trafiko hori guztia kentzea izango litzateke. "Inork Zizurkilen erosketak egin nahiko balitu, betiko errepidetik etorri besterik ez luke egin beharko", azpimarratu du Balen Tolosak. Egun, Asteasura, Larraulera, Alkizara doazen ibilgailuak Zizurkildik pasatzen dira, "saihesbidea egingo balute, ez lukete herri barrutik pasa beharrik izango, baina horrek ez du esan nahi horretarako aukerarik izango ez luketenik", gaineratu du.

Herriaren aldeko lana
Plataformako kideek garbi utzi nahi izan dutenez, "gu herriaren onurarako ari gara lanean. Ez dugu Zizurkilen barrena egunero pasatzen den trafiko astuna jasaten jarraitu nahi. Kutsadura, arriskua..., horrek arduratzen gaituelako ari gara saihesbidea eskatzen, eta ez dugu inor kaltetu nahi, ez dendariak, ezta gainerako herrikideak ere, noski".

Udalaren babesa
Legeztatzeko bidean dabiltza orain plataformako kideak. "Elkarte gisa pauso ezberdinak eman ahal izateko, beharrezkoa da izaera juridikoa izatea. Horretan ari gara azken asteotan. Erakundeekin dugun harremana formalizatzeko aukera eman digu legeztatzeak". Nolanahi ere, Udalarekin harreman estua dute plataformako kideek. "Errepidea ez da Udalaren eskumenekoa, baina babes osoa eskaini digute. Gainera, oso pozik gaude Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek eskaini digutelako euren babesa. Antolatzen ditugun ekitaldietara etortzen dira eta hori eskertzekoa da. Indar handia ematen du kolore guztietako alderdien babesa izateak". Herritarrak Herritarren babesa ere eskertu egin dute plataformako kideek. "Orain arte egin ditugun ekitaldietan jende asko elkartu izan gara. Lehen manifestazioa, esaterako, bero ikaragarriarekin egin genuen. Hori kontuan hartuta, harritzekoa izan zen gerturatu zen jende kopurua". Horrez gain, "lanerako gogoa ere erakutsi dute zizurkildarrek. Pintxo jatea egin genuenean, asko eta asko gerturatu zen tortillak ekartzera. Ikaragarri eskertzen dugu hori". Elkarretaratzeak Bi astez behin, Bulandegi bidea eta Erniobidea arteko biribilgunean egiten dute elkarretaratzea. "Indarra egiteko modua da guretzat hori. Trafikoa mozten dugu eta horrek eragin zuzena du errepideetan. Orduerdiz ixten dugu biribilgunea", azaldu du Balen Tolosak. Banderolak balkoietan Bialaren aldeko banderolak ere atera zituzten plataformako kideek. "Ez genuen arriskatu nahi izan, eta banderola gutxi egin genituen hasieran. Berehala agortu ziren. Festa txiki bat ere antolatu genuen banderolak saltzeko, baina ordurako, ia gehienak salduta genituen. Oso harrera ona izan dute eta eskertuta gaude. Bulandegi bideko balkoi eta leihoak ikusi besterik ez dago izan duten harreraz jabetzeko. Ikusgarri dago auzoa", azpimarratu dute. Oraindik ere bada banderolak erosteko aukera. Horretarako, plataformako kideren batengana gerturatu besterik ez da egin behar. Parte hartzeko gonbita Azken boladan maiz elkartzen dira plataformako kideak. Momentuz, apirila amaierarako dute egina elkarretaratzerako deia, eta puntualki joango dira berri ematen. "Ekaina aldera arte jarraitzeko asmoa dugu eta udan geldialdia egingo dugu. Udazkenean berriz ere ekingo diogu biala eskatzeko ekitaldiak antolatzeari, horixe baita indarra egiteko dugun modu nagusia". Herritarrak gerturatzera gonbidatu dituzte. "Ideia berriak ongietorriak izango dira. Herria hobetu nahi dugu eta horretan denok dugu zer esana. Gaiaren inguruko kezka duten guztiak, gertura daitezela plataformara".

---------------------------------------------------------------------------------------

AIURRI HAMABOSKARIA HARPIDEDUNEN ARTEAN BANATZEN DA SOILIK, ETA HAIEI ESKER ATERATZEN DA AURRERA. KORONABIRUSA DELA ETA, EZOHIKO NEURRI NEURRI BEZALA, AIURRIKO EDUKI GUZTIAK IREKIAN UTZIKO DITUGU. BIZTANLE GUZTIEN EGONALDIA ARINAGOA IZATE ALDERA, HORI DA ERREDAKZIO TALDEAK HARTU DUEN ERABAKIA.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!