Koronabirusa

Zizurkilgo Udalaren krisi mahaiak azken asteetan hartutako neurriak

Aiurri 2020ko api. 10a, 18:39

Koronabirusaren krisiari aurre egiteko Zizurkilgo Udalak hartu dituen neurrian artean daude bolondres sarea, desinfektazio lanak edota merkatariei ekonomikoki laguntzea.

Ondorengoa adierazi du Zizukilgo Udalak:

"Bizi dugun egoera honi ahalik eta erantzun onena emateko lanean ari gara. Bide batez, udal gobernuak azpimarratu nahi du elkarlana ezin hobea izaten ari dela udal gobernuaren, oposizioko alderdien eta udal langileen artean. Mila esker guztiei".

Hartu diren neurri azpimarragarrienak:

Bolondres sarea
Dozenaka herritarrek eman dute izena udalak martxan jarri duen sarean beharrean diren herritarrei laguntzeko. Iritsi diren eskariak bideratzen ari gara segurtasun protokolo zorrotzarekin, momentuz, inolako arazorik gabe doa aurrera zerbitzua.

Desinfekzioak
Herriko brigada, garbitzaile eta lorezaintza zerbitzuko langileek ere hainbat desinfekzio lan egin dituzte krisia hasi zenetik jende gehien ibili ohi den guneetan. Hala jarraituko dute.

Merkatariak
Ogasun arloko hainbat erabaki lantzen ari da udala euren zerbitzua alarma egoeragatik itxita duten komertzioei begira: IBI eta IAE zergetatik kobratutakoa diru laguntza bidez itzultzea, ur eta zabor tasetatik komertzioa itxita egon den aldia deskontatzea eta udal eraikinak alokairuan dituzten jatetxeei alokairu hori ez
kobratzea, nagusienak aipatzearren.

Merkatari eta ostalariekin etengabeko harremanetan gaude eta eman zaie beste erakundeetatik iritsi diren diru laguntzen berri ere. Tolosaldea Garatzen agentziak bere web-orrian jasota ditu guztiak, informazio xehearekin.

Gizarte zerbitzuak
Zizurkil barne dagoen Aiztondoko gizarte zerbitzuetan, udal bulegoetan bezala, harrera telefonoz egiten da eta
beharren arabera ematen da zita. Azken asteetan hartutako neurri batzuk:

  • Adinekoak zaintzeko etxez etxeko zerbitzuari eutsi zaio, babes neurriak lortuz langileentzat.
  • Elikagai bankuak ez ohiko banaketa egin du beharrean zeuden familia batzurentzat.
  • Adinekontzako memoria tailerra bertan behera geratu zen hasieran, baina ikusirik konfinamendua luzatzen ari dela, eta bertan adinekoek parte hartzen dutela, telefono bidez martxan jarri dira ostera ere bi helbururekin: memoria lantzea bata, eta euren egoeraren berri izatea bestea.
  • Osasun krisiaren hasieran 70 urtetik gorako herriko adineko guztiei deitu zitzaien udaletik, eta orain, hilabetea igarota, berriz egingo dira dei horiek udal ordezkari eta langileen arteko elkarlanari esker.

Kultura
Yoga, pilates, forman jar zaitez, zumba, sabel dantza, eskulanak… ikastaro ugaritako irakasleek bideoak zintzilikatu dituzte nahi duenaren eskura daudenak.

Plazida Otaño liburutegiak sare sozialetan argazki lehiaketak egin ditu, gaztetxoen irakurzaletasuna sustatu du, irakurtzeko proposamenak luzatu ditu konfinamendu garaian.

Gaztedia
Gaztezuloko hezitzaileak ere modu telematikoan nerabeekin harremana mantentzen jarraitzen du eta ekimenak egiten.

Herritarrei gogorarazten diegu 943 69 10 12 telefonoan eurei laguntza emateko gaudela eta harrera ordutegitik kanpo helbide elektroniko honetara jo dezaketela alkatea@zizurkil.eus. Era berean informazioa eskura dute www.zizurkil.eus web-orrian. Zain dezagula elkar.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!