Herrian izandako indarkeria matxista kasua salatu du Udalak

Aiurri 2020ko api. 17a, 09:17
2019ko azaroaren 25ean emakumeenganako indarkeria salatzeko ekitaldia

Zizurkilgo Udalak oharra igorri du atzo herrian gertatutako indarkeria matxista kasu bat salatzeko:

"Konfinamendua gogorra izaten ari da herritar askorentzat, baina dramatikoa izan liteke indarkeria matxista jasateko arriskuan dauden emakumeentzat. Baita gure herrian, Zizurkilen ere.

Zoritxarrez, azken orduetan izan dugu Ertzaintzaren parte hartzea eskatu duen eraso baten berri. Zizurkilgo Udalak eraso matxista oro irmo gaitzesteaz gain, gogoratu nahi du indarkeria matxistaren biktimentzako arreta zerbitzu zein babes mekanismoetan ez dagoela aldaketarik. Konfinamendu egoeran ere, babes eta laguntza osoa izango dute emakume erasotuek.

Ohar honen bidez gogorarazi nahi dugu biktimentzako doako eta aztarnarik uzten ez duen arreta telefonoa: 900 100 009 Era berean, etxe barruko beste hainbat indarkeria kasutan ere (haurrek jasa dezaketena, adinekoek…) Udaleko gizarte zerbitzuen jardunak ez du etenik. Inork ez du bere aurkako jazarpen edo erasorik jasan edo onartu behar etxe barruan. Zizurkil bidezkoago eta feministagoaren alde lanean jarraituko dugu".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!