Koronabirusa

Herriko merkatari eta ostalariei laguntzeko Dekretua argitaratu du Udalak

Aiurri 2020ko api. 21a, 17:52

Dekretua argitaratu du Zizurkilgo Udalak

Zizurkilgo Udalak jakinarazi duenez, bere eskumenekoak diren gaietan Zizurkilgo merkatari eta ostalariei laguntza ematea erabaki du, COVID19 birusak sortutako osasun-krisiak eragindako kalteak arintzen laguntzeko. Laguntza horiek eskuratu ahal izango dituzte jarduerak itxi behar izan dituzten Zizurkilgo merkatari eta ostalariek, jarduerarik izan ez dutenek edo aurtengo urtarrileko eta otsaileko datuekin alderatuta negozioan % 60ko galera izan dutenek.

Besteak beste, honako hauek dira dekretuan jasota dauden laguntzak:

  • Lokala jabetzan dutenek ez dute ordaindu beharko 2020ko Ondasun Higiezinen gaineko Zerga. Alokairuan dutenei, berriz, lokalari dagokion Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren zenbatekoa ordainduko zaie.
  • Ez zaie kobratuko 2020ko ekonomia-jardueren zerga.
  • Ez zaie kobratuko aurtengo 2. hiruhilekoari dagokion zabor-tasa.
  • Itzuli egingo zaie aurtengo 2. hiruhilekoari dagokion ur-kontsumoaren zenbatekoa.

Ostalaritzarako erabiltzen diren udal-jabetzako lokalen alokairuaren kasuan, ez da errenta kobratuko, itxialdia indarrean dagoen bitartean.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!