Peñascal kooperatiba, formakuntzaz harago

Ainhoa Gil 2020ko api. 29a, 11:27

Ikasleek kudeatzen dute Leaburuko ostatua.

Tolosako Peñascal kooperatibako irakaslea da Marian Delgado zizurkildarra. Egoera zailean bizi diren gazteak hartzen dituzte euren ikasgelatan. Koronabirusak, are zailago egin du ikasleen bizitza eta Peñascal elkarteak neurri berriak hartu ditu.

Irabazi asmorik gabeko kooperatiba da Peñascal. Bilbon jaio zen ekimena, 1980ko hamarkadan, langabeziak eta drogek hiria gogor kolpatu zutenean. Bertako gazteei formakuntza eskaini eta lan mundura bideratzea zen helburu nagusia. Tolosan dago Gipuzkoako egoitza, eta hamarnaka gazte hartzen dituzte urtero. Marian Delgado zizurkildarra bertako irakasle da. “Peñascalen sorrerako helburu berdinak ditugu gaur egun; gazteen formakuntza eta enplegua. Oinarrizko Lanbide Hezkuntza eskaintzen dugu, eta baita Lanbidek bideratutako hainbat ikastaro ere. Bilbon helduentzako formakuntzarako zentroa dugu, eta baita formakuntza gehigarria ere”. 

Formakuntza da Peñascalen hanketako bat, baina “enpleguaren gaiak ere arduratzen gaitu. Ekimen ezberdinak ditugu horretarako: Lan munduan sartzeko orientazio zerbitzua eskaintzen dugu, enpresekin bitartekaritza lana ere egiten dugu... Horrez gain, txertatze-enpresak ere baditugu: ostalaritza mundura bideratutako Sukalbide, eta metala lantzen duen Laiatzen”. 

Gizarte programak ere garatzen ditu Peñascalek, Foru Aldundiarekin elkarlanean. “Lau etxebizitza ditugu gazteei bideratuta, eta beste bat helduentzat. Eguneko zentroa ere badugu, eta baita espezializatutako akonpainamendu programa ere. Lan handia egiten ari da kooperatiba arlo honetan ere”.

Leaburuko ostatua

Peñascal kooperatibak bideratzen du Leaburuko ostatua. “Hantxe egiten dute euren formakuntza gure gazte gehienek. Lanean ikasten dute. Irakasleak izaten dituzte beti inguruan, baina haiek atera behar izaten dute lana aurrera, eta horrela joaten dira ikasten”, azaldu du Marianek. 

Adar asko ditu, beraz, Peñascal kooperatibak. “Gurera iristen diren gazteei oinarrizko formakuntza eskaintzen diegu, eta erdi-mailako lanbide hezkuntzan jarrai dezaten saiatzen gara haietako askorekin. Beste batzuk, lan mundura bideratzen ditugu zuzenean. Pertsonekin egiten dugu lan, eta haien beharrei erantzuten saiatzen gara. Eguneko zentroan, etxebizitzatan, formakuntzan, lanera bideratuz, eta abar”. 

Koronabirusak gogor kolpatu du gizarte osoa, eta are gogorrako kolpatu ditu lehendik ere egoera zailean zeuden horiek. “Ikaslerik ez da etortzen orain gurera. Oinarrizko lanbide hezkuntzan ari ziren ikasleekin harremanetan gaude, mail bidez batzuekin, whatsapp bidez beste askorekin. Izan ere, koronabirusak azaleratu du egun hauetan hainbestetan aipatu den arrakala teknologikoa. Oso profil ezberdinetako ikasleak ditugu, baina batzuk, esaterako, kalean bizi dira eta zaila da haiekin harremanetan jartzea”. Egoera latzak ekarri ditu koronabirusak Peñascaleko ikasleen familia askotara. “Formakuntza handirik behar ez den lanpostuetan ari direnak, oso erraz ordezka daitezke, eta egoera honetan, kaleratu egin dituzte. Lehen larri samar zebiltzanak, egoera zailean geratu dira”.

Otorduak etxera

Ikasle asko pairatzen ari den egoera ikusita, Peñascal kooperatibako langileak ez dira eskuak gurutzatuta geratu. Marianek azaldu duenez, “martxoaren 16an egin genuen lehen bilera, egoera larriena izan zezaketen ikasleei zein erantzun eman erabakitzeko. Talde txikiak ditugu, eta ikasleekin dugun tratua oso zuzena da. Horregatik, ondo ezagutzen dugu bakoitzaren errealitatea”. Gehien arduratzen zituzten ikasleei deitu, eta haien beharren inguruan galdetzea izan zen lehen egitekoa. “Aipatu ziguten lehendabiziko premia, janaria izan zen. Diruz larri harrapatu zituen asko koronabirusak, eta ezin zuten fundamentuzko erosketarik ere egin”. Irtenbide azkarra aurkitu zioten arazo larri horri: “Sukaldea dugu eskolan, sukaldariak ere bai... Asteartean bertan, beharrean zeudenei banatzeko menuak prestatzen hasi ginen, eta horretan dihardugu. Oso menu osatuak prestatzen dituzte sukaldeko lankideek, mimo handiz landutakoak. Sukaldeko lankideen artean aritzen da Karlos Zabala zizurkildarra, adibidez”. 

Egunean ia 40 menu banatzen dituzte Peñascaleko kideek. “Bazkaria izaten da, oso ondo osatua. Askotan, afaritarako ogitartekoren bat edo tortillaren bat ere jartzen dugu”. Nolanahi ere, formula hori aldatzeko premia ere sumatu dute Peñascalen. “Larrialdi neurri gisa, oso egokia izan zen, baina orain beste ideia batzuk ditugu buruan. Izan ere, autonomia gehiago eman nahi diegu familiei. Zein janari prestatu eta jan nahi duten erabaki dezatela haiek. Haientzako erosketaren bat egitea izan daiteke irtenbidea, esaterako. Oraindik ez dugu erabaki zein formula erabili, baina aldaketaren bat egiteko premia antzeman dugu”. 

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 559 zenbakian

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!