Lan egiteko modua ez ezik, bizimodua bera ere aldatu zaio Xanti Aizpuruari. Izan ere, “Tolosan bizi naiz egunotan. Hara joateko aukera nuen, eta nahiago izan dut Zizurkilera etorri gabe egon. Zizurkilen bizi da familia, eta ez nuen haiek kutsatzeko arriskurik hartu nahi. Lankide askok ez dute aukera hori, eta beldur handiagoz bizi dute egoera”.
Koronabirus izurritea gure ingurura iritsi zenean, “egunero aldatzen eta doitzen zituzten segurtasun neurriak. Ezjakintasun horretan, oso maiz aldatzen zituzten protokoloak”. Pixkanaka, jarraitu beharreko protokoloak finkatu egin zituzten.
Babeserako materialarekin ez zuten arazorik izan Xantik eta bere lankideek. “Bolada batzuetan juxtu xamar ibili ginen, baina gabe ez ginen inongo momentutan geratu. Azken asteotan berriz, ondo hornituta gaude eta beharrezko guztia izaten dugu eskura”.
Lan-kargan aldaketa handia sumatu zuen Xantik koronabisurasen lehen asteetan. “Errepidean kotxe gutxiago ibiltzean, istripu gutxiago izan ziren eta lan istripuak ere gutxiago ziren. Horrez gain, larrialdi zerbitzutatik beste modu batera bideratu zituzten gaixoak. Larritasun handirik ez zutenei, sendagilea bidaltzen zitzaien etxera, edo telefonoz argibide batzuk emanda konpontzen zituzten zenbait kasu. Horrek ere lan-karga jeitsi zigun guri”.
Emergentziak, ordea, “larriagoak dira eta birusarekin lotutakoak asko. Arnasketarekin lotutako patologiak diren kasu guztietan protokolo guztia jartzen dugu martxan, koronabirusa izan daitekelakoan. Bestelako larrialdiak direnetan, maskarilla, eskularruak... protokolo arinagoa jartzen dug martxan”, azaldu du Xantik.
Jendearen beldurra sumatu du Xantik gaixoren baten bila joan izan direnean. “Etxeetan beldur puntua sumatzen da. Baina aldaketa handiena ospitaleetan sumatu genuen. Kaos handi xamarra sumatu genuen larrialdi zerbitzuan. Jende berria ari zen lanean, gaixoak ere urduri eta bakarrik...”
Lankideen artean ere errespetu puntua sumatu du Xantik. “Lan jardunaldiaren erdia baino gehiago garbiketan pasatzen dugu. Eskuak, arropa, materiala, anbulantzia desinfektatu, garbitu... Ahal dugun neurri guztiak hartzen ari gara”.
Jai egunetan lan eginez aritu ziren koronabirusaren egun gogorrenetan. “Ofizio hau horrelakoa da, horretarako gaude. Oporrak alde batera utzi ditugu eta gehienak lanean gabiltza. Hau pasatakoan ikusiko dugu nola hartu opor horiek”.
Lan-eguna amaitutakoan, beste protokolo bat jartzen du norberak etxera iristean. “Arropa erantzi, garbigailura eraman, dutxatu, etxea desinfektatu... bakoitzak bere neurriak hartzen ditu. Ez da gauza bera etxean jende gehiago izan edo ez. Arropa beste arroparekin nahastu, etxekoekin kontaktua izan... egoera horiek zailagoak dira”.
Etxe askotara joaten dira eta ahal den neurrian, “saiatzen gara garbiketarako gomendioak ematen: eskuak garbitzeko, ateetako helduleku edo igogailuetako botoiak ere gabitzeko, etxetik gutxi ateratzeko...” Etxeetan urduritasuna nabaritu dute “eguneko zentruetara joaten den jende heldua..., horiek egunerokotasuna asko aldatu zaie, eta trastorno handi xamarra izan da haientzat”
Jendearen borondate ona ere aipatu du Xanti Aizpuruak: “Tabernak itxita daude eta guardian gauden ordu luzeetan, bizilagunak gerturatzen zaizkigu kafetxoa eskainiz, edo jateko zerbaitekin. Ikaragarri eskertzen da hori”.