Film grabaketa Zizurkilen

'Ilargi Guztiak' filmaren grabazio-irudia. ©ilargia films

Mugimendu handia izan da Zizurkilgo Areta Azpikoa baserriaren inguruan. Kamerak, argiak, mikrofonoak..., inguru horietan ohikoak ez diren tresnak agertu dira azken egunetan, ikusmina sortuz.

Jendearen joan-etorria ere handia izan da. Izan ere, bertan ari baitira “Ilargi Guztiak” edo “Todas las lunas” filmaren grabaketa lanak egiten. Igor Legarreta da filmaren zuzendaria, eta berea da gidoia ere.

XIX. mendean kokatzen da filma, karlistaldien amaieran. Hamabi urteko neskatxa da protagonista. Historiako pasarteez gain, fantasia ere nahasten da filmak kontatzen duen istorioan. Umezurztegian bizi da neskatxa. Gerrako jaurtiki batek, erabat suntsitzen du umezurztegia, eta neskatxa protagonista da hondamenditik bizirik ateratzea lortzen duen bakarra. Emakume batek hartuko du neska bere etxean, eta esperantza pizten da umearengan; ama berriaren ondoan ilargi guztiak ikusteko esperantza. Egoera berriak, ordea, ez du luzaro iraungo. Ama hil, eta mendira ihes egiten du umeak. Han konturatuko da banpiroa dela. Bere betiko bizimodura itzuli nahiko du umeak, bere betiko esperantza eta ametsetara, bere betiko gorputzera. Barne borroka hori da filmaren gai nagusia. 

Areta Azpiko baserrian ez ezik, Zizurkilgo Plaza Etxeberri etxean ere egin dituzte grabaketa lanak. Etxearen beheko solairuan, ukuiluan, hartu dituzte irudiak. Grabaketa guztiak amaituta, irudiak muntatzeko garaia iritsiko da. Zortzi bat hilabete beharko dituzte horretarako eta datorren urtean estreinatuko dute film berria. 

Zenbait astetako lana izan dute Zizurkilen. Areta Azpikoa baserria filmarako egokitzen lehendabizi, eta grabaketak egiten ondoren. Lantaldeko kideek eskerrak eman nahi izan dizkiete zizurkildar guztiei, herrian egin dieten harreragatik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!