Barruko mina, galeraren aurrean

Ainhoa Arozena 2020ko eka. 13a, 09:15
Monica, Maria Dolores eta Raquel ama-alabak Adunan. Aiurri

Manuel Sanchez Garcia zizurkildarra martxoaren 29an hil zen, koronabirusaren ondorioz. Maria Dolores Gascon, Raquel eta Monica ama-alabek esker onez eta hunkituta hartu dute hitza, senarra eta aita gogoratzeko.

“Oraindik ere ezin dut egia denik sinetsi. Oso gogorra izan da, sekulako amesgaiztoa”, dio Maria Doloresek azken hilabeteotan bizitu duten guztia gogoratuz. Martxoaren 3an Benidormera (Alacant) joan ziren lau lagun, bi bikote, oporraldia igarotzera. Dagoeneko pandemiaren berri entzuten zen, baina halako eraginik izango ez zuela sinetsita abiatu ziren. Egun pena dute alabek, “joan izan ez balira, agian gure artean bailegoke aita”. Oporraldian kutsatu zen COVID-19az Manuel Sanchez, bai eta gainerako hiru bidaideak ere. “Dagoeneko oso zabalduta zegoen inguru haietan birusa, eta horren jakitun baziren ere, isilean gorde zuten”, diote. Martxoaren 15ean itzuli ziren, –euren hasierako asmoa baino hiru egun lehenago–, hotelak eta gainerako zerbitzuak ixten hasi zirenean. Bidaian zehar  ahul sentitu zen Manuel. Zizurkilera itzuli orduko hasi zen sukarrarekin. “Medikuak botika jarri zion, baina sukarra jaisten ez zitzaionez, anbulatoriora joan ginen. Berri-berria zen gaia eta beldur handia zegoen. Medikuek anbulatorioaren kanpoaldetik artatu gintuzten, gu barruan ginela”, gogoratu du Maria Doloresek. Martxoaren 17an ingresatu zuten Manuel Tolosako Asuncion klinikan, “esku-ohean eraman zuten ni itxarongelan nengoela. Hura izan zen ikusi nuen azken aldia”, emazteak burutik kendu ezin duen irudia da hori. “Familiako kide bat gerturatzen zen egunero medikuaren partea jasotzera eta bi pneumonia zituela esan ziguten. Baina okerrera joan zen pixkanaka, eta Donostiako ospitalera eraman zuten”. Egunean zehar jasotzen zuten dei bakarraren zain egoten ziren. Oso garai gogorra izan zen hura. “Tortura”. Pixkanaka ahultzen joan zen Manuel, birusak birikak hartu zizkion, bihotza, gibela eta giltzurrunak ahuldu… Egunero okerrera egiten zuen. Martxoaren 29an, igande iluntzean jakin zuten alabek aita hil egin zela.

Bizitza, elkarren ondoan

Valle de la Serenan (Extremadura) jaiotakoa zen Manuel Sanchez Garcia. Aitarekin batera, artzaina izan zen, eta landako lanez arduratu zen beti. Bi anaia eta bost arreba ziren. Anaia Zizurkilera etorri zen lanera eta baita herriko ezagun gehiago ere. Han etorkizun handirik ez zegoela eta, ardiak saldu eta hona etorri zen Manuel ere, familiako gainerako kideekin batera. “Adunako Ipalarre baserrian morroi izan zen, eta Adunako eskolan ikasi zuten arrebek. Gerora, Zizurkilgo Oria papertegian aritu zen lanean, eta bertan ezagutu zuen emazte izango zuena. Maria Doloren Gascon Almansan jaio zen (Albacete), baina guraso eta ahizparekin batera, ume zelarik etorri zen Zizurkilera bizitzera, lehenengoetako etorkinak izan zirelarik. “Yarza etxean bizitu ginen, gurasoek Ugare auzoan etxea erosi zuten arte. Bertako lagunak izan ditut beti, oso jatorrak”, dio. Maria Doloresek Manuel ezagutu aurretik haren arreba bat ezagutu zuela gogoratu du, “Villabonako Kale Nagusian elkarrekin ikasi genuen josten eta bi anaia zituela esaten zidan. Manuel egokia izan zitekeela niretzat. Eta hara non, nik ezagutzen ez nuela, behin emakumeok papertegian paperak kontatzen aritzen ginen gelara etorri zen, eta eserita ikusi ninduenean, nigatik galdetu zion gelako arduradunari. Burua altxatu  nuenean, gustuko ninduela esan omen zion. Gero, nire urtebetetze egunean goxokiak eraman nituen lankideentzat eta arduradunaren bidez sortaka handiagoa bidali nion Manueli. Villabonako zinemara gonbidatu ninduen, eta elkarren ondoan ibili gara geroztik. Oso gustura bizitu naiz Manuelekin eta bizituko nintzateke oraindik ere. Oso pertsona ona zen… Asko kostako zait bera gabe aurrera egitea”. Elkarrekin egiten zuten bizimodua. Bidaiatzea gustatzen zitzaien eta irteerak egiten zituzten maiz. Sarri joaten ziren Extremadurara Manuelek egokitutako etxera. “Esku ona zuen, eta beti aritzen zen lantxoak egiten: hemen bezala Extremadurako etxean. Hara joaten zenean, pozarren esaten zuen bakarrik etorri zela Zizurkilera, eta familiaz inguratuta itzultzen zela bere jaioterrira. Alaia zen: izugarri gustatzen zitzaion dantza egitea”, diote etxekoek. Egunero egiten zuen senar-emazteak Zizurkildik Sorabillarainoko ibilbidea oinez. Baratzea ere bazuen, “goizez baratzeko lanak egin eta arratsaldez oinez ibiltzera joaten ginen. Familiako kideen artean eutsiko diogu orain bere baratzeari. Natura eta animaliak izugarri gogoko zituen. Nola ez, artzaina izan zen eta!”. Oria papertegian ez ezik, Adunako Bengo lantegian egin zuen lan Manuelek. Pasus jatetxean, haurren zaintzaile gisa  nahiz auzoko okindegian aritu zen Maria Dolores.

Omenaldia eta esker ona

Maria Dolores, Raquel eta Monica oso eskertuta agertu zaizkio Aiurri aldizkariari euren historia kontatzeko tartea eskaintzeagatik, “ez genuen aita agurtzeko aukerarik izan eta polita iruditu zaigu erreportaje honen bidez omenaldia egitea. Komunikabide ezberdinetan hainbat testigantza entzun eta irakurri dugu, eta behin baino gehiagotan pentsatu genuen guk ere gustura emango genukeela gure bizipenen berri. Oso aukera polita izan da”. Era berean, auzotar eta herritarrei eskerrak emateko baliatu nahi izan dute tartea, “oso eskertuta baikaude haiekin guztiekin”.

Erreportajea osorik, Aiurri hamaboskariaren 562. zenbakian 

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!