Haurren zaintzarako ekimena jarriko du martxan Zizurkilek

Aiurri 2020ko eka. 19a, 14:48

Zizurkilgo Udalak "Udan elkar zaintza" programa antolatuko du. Egoerak ez du aukerarik ematen aurreko urteetako udaleku irekietan biltze zen haur-kopurua biltzeko, eta, beraz, eskaintza mugatua izango da: bakar-bakarrik horren beharra duten haur eta familiei zuzendua. Datorren astean zabalduko dute izena emateko epea

 

Udala jakitun da beharrak zehatz definitzea lantegi zaila dela; baina, irizpide hauei erreparatuko die, aukeraketa egiteko: Zizurkilen erroldatuta egotea eta kontziliazio arazoak dituen familia izatea. Guraso, arduradun edo tutorearen lan-egoerak kontuan hartuko dira. 6-12 urte arteko umeei zuzendutako eskaintza izango da (2008-2013 urteen artean jaiotakoentzat).

 

Jarraian, zaintza zerbitzurako finkatutako arau eta neurriak:

Egoerak eta kontuan hartu beharreko segurtasun-neurriek ez dutenez beste aukerarik ematen, eskaintza mugatua izango da: bakar-bakarrik horren beharra duten haur eta familiei zuzendua. Programa honetara egokitzen ez diren familiek Udalarekin harremanetan jartzeko aukera izango dute, eta kasu bakoitza aztertuko da.
Aukeraketa egiteko, irizpide hauei erreparatuko zaie: Zizurkilen erroldatuta egotea eta kontziliazio-arazoak dituzten familiak izatea. Horretarako, guraso, arduradun edo tutorearen lan-egoerak kontuan hartuko dira.
Uztailean
Hilabetea asteka banatuko da, eta lau aste izango dira guztira:
Uztailak 6-10
Uztailak 13-17
Uztailak 20-24
Uztailak 27-30
Asteka edo hilabete osorako eman ahal izango da izena. Aste batean gutxieneko ume kopurua osatzen ez bada,  zerbitzua bertan behera utzi ahal izango du Udalak.
Ordutegia
08:30etik 13:30era. Hasiera eta bukaerako orduak zorrotz beteko dira.
Adin-tartea
6-12 urte artekoak (2008-2013 artean jaioak)
Prezioak
Astebete: 30 € (bigarren senidetik aurrera, % 50eko murrizketa)
Bi aste: 60 €
Hiru aste: 90 €
Lau aste: 120 €
Izen-emateak
Ekainaren 22tik 30era bitartean, udal-bulegoetan. Familia bakoitzak enpresa-ziurtagiria aurkeztu beharko du, umearen guraso, tutore edo arduradun guztiak lanean ari direla ziurtatzeko.
Oharrak: Zaintza euskara hutsean egingo da, zaintzaile bakoitzeko 5 umeko taldeekin (adinean ahalik paretsuenak, eta familia-unitateak mantenduz). Taldeek ez dute elkarren artean harremanik izango. Oporretan Euskarazeko begirale-hautagaiak izango dira zaintzaileak. Kanpoan egin daitezkeen ekintzak lehenetsiko dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!