“Sektoreari bultzada emateko neurriak hartu behar dira”

Ainhoa Arozena 2020ko eka. 27a, 09:24
Iraitz Lizarraga, Villabonan elkarrizketaren ondoren. aiurri

Etorkizun nahasia ikusten du Iraitz Lizarraga aktore zizurkildarrak, zalantzaz betea. Baina maite duen horretan bere alea jarriz egiten du aurrera, gogotsu eta ilusioz.

Konfinamenduko ia hiru hilabeteak igaro eta gero, arazo handiena etorkizunean ikusten du Iraitz Lizarraga aktore zizurkildarrak.Ez baitakigu ondo zein panorama etorriko den. Konfinamenduko hiru hilabeteek baino beldur handiagoa ematen dit niri gerokoak. Ikusten ari da udako nahiz neguko programazioak atzeratzen ari direla. Ea nola jartzen garen martxan aurrera begira”.

Aktoreon lana ere erabat baldintzatu du bizi dugun egoerak…

Prekarietatean bizitzen ohituta gaude gu, baina nola-hala moldatzen gara. Azken boladan, pertsonalki, nahikoa modu duinean ari nintzen lanean, egoera onean, eta bat-batean etorri zen egoera hau. Ezjakintasuna, zalantza nagusitu da. Denak gaude gaizki: aktoreak egoera txarrean gaude, baina baita konpainiak ere. Eta aktoreak konpainiei exijitzen hasten bagara, nori exijitu behar dio konpainiak? Kate berean gaude guztiak. 

Zein lanetan ari zinen alarma egoera iritsi zenean?

Artedrama-Axut!-Dejabu antzerki konpainiekin Zaldi urdina antzezlanean ari nintzen bi hilabeterako ordezkapena egiten, aktore batek istripua izan ondorenean. Hilabete bat egin nuen eta hurrengoaren erdian harrapatu ninduen. Emanaldi batzuk zintzilik utzi genituen. Eta berriz hasten direnerako, ni ez naiz dagoeneko bertan izango. Horrexek eman dit minik handiena, oso gustura ari bainintzen lanean. Oso pozik geratu naiz egindako lanarekin, baina pena handia hartu nuen; asko ari bainintzen disfrutatzen. Polita izan da hilabetez behintzat haiekin lan egiteko aukera izatea.

Tarte horretan Hortzmuga konpainiarekin Jule kale antzerkian ere parte hartzen ari nintzen, eta baita haur eta gazteentzat ipuin kontaketak egiten ere. Horrez gain, Gure Zirkuko entseguetan ere banenbilen. 

Nola egin diozu aurre etenaldiari?

Zorionez egun erdiz eskolak ematen ditut Gasteizko unibertsitatean. Online aritu gara, eta soldata hori behintzat mantendu da. Egia esan, pribilegiatua sentitzen naiz gure gremioan. Gainerakoan autonomoa naiz eta kulturgintzako laguntzak eskatu ditut. Ez dut oraindik erantzunik jaso. Eta nik bezala beste askok ere ez. Hala ere, laguntzak hilabetea pasatzeko adabakiak direla uste dut. Eta arazoa ez da hilabete hau, gero datorrena baizik.

Kulturan murrizketak etorriko direla entzuten ari gara, osasunera bideratzeko. Usain txarra hartzen diot, bideratu agian bai, baina ez dut sinesten iritsiko direnik. Kulturari murrizketak egitea da errazena, lehendik ere ohituta gaude horretara. Laguntza hori benetan osasungintzara bideratuko balitz…

Zein erantzun jaso duzue erakundeen aldetik?

Erakundeen aldetik diru-laguntzak. Nire kasuan jaso ez badut ere, badakit beste batzuek jaso dituztela. Laguntza guztiak pertsonalizatuak izan dira, indibidualizatuak, baina ez sektoreari osotasunean zuzendutakoak. Eta sektore guztiari bultzada emateko neurriak hartu behar direla uste dut nik.

Nola aurreikusten duzu etorkizun hurbila?

Ezjakintasuna handia da. Bat-batean azken asteotan mugimendua sortu da, baina dena zintzilik dago: udaletxeak ere ez dira ausartzen antzezlanak kontratatzeko pausoa ematera, ez baitakite posible izango ote den protokoloak betetzea edo birusa berriz agertuko balitz zer gertatuko litzatekeen… Beldurra dago. Babes neurri guztiak hartuta, antzokietan hainbat saio eskaini ondoren, antzoki itxietan ere emanaldiak eskaintzea posible dela ikusi da, baina ikusi egin behar…

Gure Zirkuko kide ere bazara. Gabonetan amaitu zenuten aurreko birarekin. Zein aurreikuspen duzue aurtengorako?

Maiatzaren 1ean hasi behar genuen, eta goitik behera lotuta geneukan sei hilabeterako bira herriz herri. Baina maiatzaren 1ean etxean geunden goxo-goxo. Noiz ez badakigu ere, hasi egingo gara. Aukera ezberdinak aztertzen ari gara, baina hasi beharra dago. Ez artiston lanagatik bakarrik, baita jendeak behar duela iruditzen zaigulako ere: jendeak barre egiteko beharra dauka, ondo pasatzekoa. Eta alde horretatik, Gure Zirkuak zor dio gure publikoari eta Euskal Herriari berriz ere martxan jartzea. Aukera hori eskaini egin behar dugula iruditzen zaigu. Gure aldetik, segurtasun neurri guztiak hartzen saiatuko gara, eta ikusi egin behar... Hirugarren urtea izango da aurtengoa, eta ilusioz gaude. Lehen bi urteetan funtzio guztiak bete ziren. Aurten derrigorrez aforo erdia mantendu behar bada behintzat, jende gutxiago bilduko da. Baina aurrera egin nahi dugu.

Taldeko entseguak eten arren, aurrera jarraitu duzu bakarka zirkuko emanaldia prestatzen…

Nire saioa prestatzen ari nintzen. Eta saio indibidualak direnez, konfinamendu garaian etxean nolabait entrenatzen jarraitu dut, baina bereziki, musika lotzen nahiz jantzia prestatzen aritu naiz. Ez naiz geldirik egon. Burua behintzat ez zait gelditu. Egia esan, ez nuen zirkurik gabeko udararik ikusten. Ez nuen ikusi nahi. Horrek mantendu nau indartsu. Lan gogorra da, baina satisfakzio handiak ematen ditu zirkuko lanak, bai eszenan zaudenean eta baita neka-neka eginda etxera itzuli eta bizitutakoa gogoratzean.

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 563 zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!