Iker Urruzola alkateak (EHBildu), Jose Antonio Sanchez zinegotziak (PSE-EE) eta Trini Altimasberez zinegotziak (EAJ) agerraldi bateratua egin dute, hondakinen bilketan egingo dituzten aldaketen berri emateko. Andrea Etxauri, hondakin eta ingurumen batzordeko teknikaria ere bertan izan da, bilketak uzten dituen datuen xehetasunak azaltzeko.
Alkateak azaldu duenez, "ordezkaritza dugun hiru alderdiok elkarrekin eman nahi genuen prentsa agerraldi hau, hondakinen batzordeak hartutako erabakien berri emateko. Joan zen martxoan, COVID 19 birusak sortutako osasun-larrialdiaren ondorioz, hartu behar ziren segurtasun neurriak zirela medio, hondakinen bilketan zenbait aldaketa egin ziren. Bilketa egiten duten langileen segurtasuna eta osasuna zaintzeko asmoz, errefusa edukiontzien bidez biltzeko erabakia hartu zen. Orain, alarma egoera bukatutzat eman den honetan, garbiguneak irekita daude eta traste zaharren bilketa ere martxan dago berriz ere, errefusaren bilketarako lehengo bilketa sistema berrezarriko da, hau da, errefusa atez ate bilduko da etxeko ontzien bitartez".
Jose Antonio Sanchezek zenbait datu eman du: "Larritasuna sortu diguten zenbait datu ditugu eskuartean. Alarma egoeran ginen bitartean, errefusa ere edukiontzian utzi ahal izan dugu. Aukera bikaina izan dugu lurrean edozein modutara botata ikusten diren zabor-poltsen kopurua jaisteko, baina hori ez da horrela izan. Zizurkileko puntu beltz gehienek bere horretan jarraitu dute. Mankomunitateak emandako datuen arabera, apirilean 10 puntutan birziklatze-tasa. Hau da, 2020ko lehenengo hiru hilabetetan birziklatze-tasa %70etik gorakoa izan bazen ere, (%71 urtarrila eta otsailean, %72 martxoan) apirilean %61ekoa izan da". Alarma egoerak iraun duen bitartean errefusa kopurua igo egin dela azaldu du Jose Antonio Sanchezek. "Herria garbi mantentzeko deia zabaldu nahi dugu. Guztion onurarako, kaleak garbi edukitzea komeni zaigu", gaineratu du.
Trini Altimasberez zinegotziak azaldu duenez, datorren astetik aurrera ohiko bilketa sistema izango da martxan: "Uztailaren 6ko astetik aurrera, errefusaren kaleko edukiontziak kenduko dira eta aste horretan, etxeko ontziak, beti bezala, larunbat gauetan atera ahal izango dira, 22:00ak baino lehenago, atez ate bilduak izan daitezen. Ondoren, aste guztian zehar, ontziak etxean gorde ditzazuela eskatu nahi dugu, biltzaileen lana errazteko eta osasun-neurriak ahalik eta hoberen bete ahal izateko". Herriko puntu ezberdinetan lurrean ikusten diren hondakinen inguruan ere hartu du hitza Trini Altimasberezek: "Herritarrei dei egin nahi diet txukun joka dezaten. Penagarria da hondakinak lurrean ikustea".
Andrea Etxauri teknikariak hondakin bilketaren inguruko hainbat datu eman ditu. Birziklatze tasa izan da azaldu duen lehen aldagaia. "2016tik 2020ko lehen hilabeteetara, %55 etik %72ra igo da tasa hori. Datu horiekin, Europatik ezartzen diren helburuak betetzen ari gara, eta baita Gipuzkoako hondakinen planak ezartzen duena ere. Urtez urte igotzen ari da portzentaia. Azken hilabetetan, berriz, %10eko jaitsiera egon da". Hondakin kopurua da aztertu ohi den bigarren aldagaia. Andreak azaldu duenez, "Azken hiru hilabetetan, goruntz egin du sortutako hondakinen kopuruak. Eguneko eta biztanleko 0,70 inguru sortzen dugu bataz beste. Azken hiru hilabetetan, ordea, ia kilo bat sortzera iritsi gara Zizurkilen". Sortutako errefusa kopuruak gora egin du nabarmen. Hala azaldu du Andreak: "Azken hilabetetan 30.000 kilo errefusa sortu dugu hilabetero, eta ohikoa 20.000 kg inguru sortzea da. Igoera ikaragarria izan da".
Iker Urruzola alkateak eman dio amaiera prentsa agerraldiari, honakoa gogoratuz: "Hiru alderdi politikook herritarrei eskatu nahi diegu bete ditzatela luzatu ditugun gomendioak. Herria zikina dago eta 10 puntuko beherakada izan dugu birziklatze tasan. Ingurumena zaindu nahi badugu, etxetik hasi behar dugu. Hondakinak zuzen sailkatuta dagokion kubo eta egunean atera behar dira eta ontzi horiek etxeratu egin behar dira ondoren, langileei euren lana errazteko. Pixoihalak ontziarekin batera ondo korapilatutako poltsa itxian atera behar dira. Debekatuta dago hondakinak poltsatan atera eta lurrean uztea. Muxukoak edo maskarillak eta eskularruak ez dira kubo horian sartu behar, kubo grisean, errefusarekin baizik. Inork zalantzarik balu, dei dezala lasai Udalera, eta teknikari zein politikariak, laguntzeko prest aurkituko gaitu. Bukatzeko, argi utzi nahi dugu kutsatzea ez dela eskubidea, ingurune garbian bizitzea, ordea, bai. Beraz, zaindu zure bizilagunak eta ingurunea".