Koronabirusaren osasun krisia hasi zenetik, Zizurkilen lehen agerraldi garrantzitsua eduki du koronabirusak. Aurrera Plazako lehen zenbakiko bi etxebizitzetan hainbat positibo hauteman dira, eta osasun publikoko arduradunek erabaki dute eraikineko bizilagun guztiei PCR proba egitea. Gaur arratsaldean aritu dira probak egiten etxebizitzako atarian bertan. Orotara 60 lagun dira emaitza jakin arte etxetik atera ezingo dutenak.
Lasaitasun mezua
Era berean, Zizurkilgo Udalak eraikinaren zona komunak desinfektatu ditu arratsaldean. Zizurkilgo Udalak adierazi duenez, "bertako bizilagunen jarrera txalotu nahi dugu Udaletik, eta egoera honetan arduraz jokatzeko deia berretsi beharrean gaude. Udalak bere bitartekoak bizilagunen eskura jarri ditu". Horrez gain, Udalak lasaitasun mezua helarazi nahi die herritarrei, baina segurtasun neurriak hartzea ezinbestekoa dela nabarmendu du; izan ere, koronabirusa edonon atzeman daiteke.