Koronabirusa

PCR probak egin zaizkie bizilagun guztiei

Jon Ander Ubeda 2020ko uzt. 31a, 08:31

Positibo bakan batzurekin hasi eta kopurua handitu daitekeenaren arriskua saihesteko, Osasun Sailak eta Udalak Aurrera plazako lehen zenbakiko bizilagunak isolatzea erabaki du. Bertan bizi direnei PCR proba egin zaie, eta emaitzen araberako neurriak hartuko dira. Prozedura bera duela egun gutxi martxan jarri zen Hernanin, Oarso kaleko hainbat bizilagunen artean. Hogeitalau ordutan Hernanin emaitza guztiak negatibo izan zirenez, isolamendua altxa egin zen. Gauza berdina gertatzea espero da Zizurkilen.

Bart iluntzean, Zizurkilgo alkate Iker Urruzolak lasaitasunerako eta elkar zaintzeko garaia dela ohartarazi zuen:

 

 

*ZIZURKILGO UDALAREN INFORMAZIO COVID-19 DELA ETA*

Zizurkildar estimatua,

*COVID 19aren agerraldi bat izan da herrian*

"Koronabirusaren osasun krisia hasi zenetik, Zizurkilen lehen aldiz agerraldi jo dezakeguna ari gara bizitzen. Aurrera Plazako lehen zenbakiko bi etxebizitzetan hainbat positibo atzeman dira, eta osasun publikoko arduradunek erabaki dute eraikin horretako biztanle guzti guztiei PCR proba egitea. Gaur arratsaldean egin dira proba horiek etxebizitzako atarian bertan. Orotara 60 lagun dira bertan erroldatuta daudenak eta probaren emaitza jakin arte ezingo dute etxetik atera.

Era berean, Zizurkilgo Udalak eraikinaren zona komunak edo guztiek erabiltzekoak desinfektatu ditu gaur arratsaldean bertan. Bertako bizilagunen jarrera, oro har, txalotu nahi dugu Udaletik, eta egoera honetan arduraz jokatzeko deia berretsi beharrean gaude. Udalak bere bitartekoak bizilagunen eskura jarri ditu.

Gainontzean, herritarrei eskatzen diegu lasaitasunez baina behar den segurtasun neurriak hartuz jarraitzeko, agerraldi honek agerian uzten duen bezala, koronabirusa gure artean dago eta.

Elkar zaintzeko uneak dira".

IKER URRUZOLA AIZPURUA
Zizurkilgo Udaleko Alkatea

Erlazionatuak

Aurrera plaza

Jon Ander Ubeda 2020 uzt 31 Zizurkil

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!