#irteerakGFA #sutea #Zizurkil-go Azkenportu plazako etxebizitza batean. #Oria bertan da eta #Goierri iristear pic.twitter.com/nOqYFDqhe6
— Gipuzkoako Suhiltzaileak (@SuhiltzaileGIP) August 5, 2020
Ezusteko handia izan dute gaur arratsaldean Zizurkilgo Azken Portu auzoko bizilagunek. Sua piztu da etxebizitza bateko balkoian eta garrek altuera handia hartu dute. Maite Amenabar zinegotziak azaldu duenez, "bigarren solairuko etxebizitza bateko terrazan piztu da sua. Trasteak gordetzeko erabiltzen zuten armairu bat zuten bertan, eta oraindik argitu gabe dauden arrazoiengatik, armairu barruan zegoen zerbaitek su hartu du. Sua piztu denean, ez zegoen inor etxean".
Indar handia hartu dute garrek une batean. "Terrazetan gora egin du suak. Hirugarren eta laugarren solairuetara ere iritsi dira garrak. Terrazetan izan du eragina suak, baina ez du kalte handirik eragin eta zorionez, ez da zauriturik egon. Beroaren eraginez kristalen bat apurtu da eta bazter asko belztu ditu, hori bai".
Maite Amenabar bera eta Udaleko aparejadorea kalteak izan dituzten etxebizitza guztietan izan dira. "Sua itzali eta berehala, etxera itzuli dira bizilagun guztiak eta haiekin egon gara, kalteak ikusi eta haien egoeraren berri izaten. Orain bakoitza bere aseguru etxearekin harremanetan jartzen ari da. Etxearen egiturak ez du kalterik izan".
Tentsio momentuak bizi izan dituzte bizilagunek. Hala azaldu du Amenabarrek: "Eztandaren bat edo beste izan da, eta ke beltz-beltza zabaldu da. Badirudi erre den armairua plastikozkoa zela, eta horrek eragin du horrenbeste ke".