"Automatizazioa lanorduak jasangarriagoak egiteko modua da"

Dani Diaz lantegian robotarekin. @ Dani Diaz

Dani Diaz Gonzalo zizurkildarrak ingenieritza elektronikoa ikasi eta master bat egin zuen. Egun, ikerketa eta garapen departamenduan ari da lanean eta irakaslea da Urola Garaiko Lanbide Eskolan

Elektronikaren, robotikaren eta programazioaren munduan murgilduta dabil Dani Garcia Gonzalo zizurkildarra azken urteetan. Zenbait arlotan lanean ari da, besteak beste, Ikerketa eta Garapen departamenduan (I+G), irakasle gisa edo begirale, beste batzuen artean. Horrez gain, konfinamenduan maskarekin ere aritu da lanean. 

Zertan oinarritzen dira zeure ikasketak?

Ingenieritza elektronikoa ikasi nuen, eta master bat egin dut sistema txertatuak izenekoa. Honakoa, programaziora bideratutako masterra da. Ingenieritzan, batez ere, programatzen, sistema elektronikoak egiten eta nola funtzionatzen duten ikasten aritu naiz. Horrez gain, etorkizunean zein teknologia berri ager zitezkeen ere bai. 

Masterra, berriz, programazioan eta sistema txertatuak sortzean oinarritzen zen; hauek sistema elektroniko txikiak dira, non osagarri guztiak txertatuta dauden. Beste edozein tresna eta tramankulu menperatzeko tresnak  edo gailuak dira. Sistema txertatuak edonon aurki daitezke. Esan beharra daukat, nire benetako zaletasuna robotika eta elektronika ikasketetako bigarren urtean hasi zela, egin genuen praktika batean.

Ikasi duzunean ari al zara lanean?

Gaur egun irakaslea naiz, Urola Garaiko Lanbide Eskolan egiten dut lan (UGLE), Zumarragan. Eskolan Enpresa Zerbitzuak izeneko departamendua dago eta, batez ere, I+G lanak egiten ditugu enpresentzako euren proiektuak aurrera eraman ahal izateko. Egia da askotan aipatzen dela robotek lana kenduko diguten beldurra, baina ez da egia; robota kasu askotan laguntza-tresna bat da, eta tresna hori langile batek  kontrolatu behar du. 

Esan bezala, Enpresa Zerbitzuak departamenduan egiten dut lan, eta pasa den urtetik hona irakasle gisa ere jardun dut; bi lan horiek uztartzen saiatzen naiz ahal den neurrian. Goi Mailako zikloetan elektronikaren oinarriak eta robotika erakusten ditut. Aitortu beharra daukat, bai, lan ezberdin asko ditut, baina guztiak gai berdinaren inguruan.

Proiektu askotan aritu al zara lanean?

Geure lehen proiektuetako bat enpresa batean esku robotiko bat jartzean oinarritu zen; lana errepikakorra zen, langileek piezak sartu behar zituzten bost segunduro makina batean. Gauzak horrela, arazo fisiko asko sortzen zitzaizkien eta, azkenean, esandako robotarekin arazo hura konpondu genuen. 

Beste proiektu batean galdetu ziguten ea irtenbide bat aurki genezakeen koltxoiak birziklatzen zituzten enpresa batean langileei denbora aurrezteko; hauek birziklatzeko zati batzuk moztu behar zituzten eta horrek denbora asko galarazten zien langileei. Beraz, instalazio automatizatu bat sortu genuen. 

Nire lehen proiektua skate elektriko bat sortzea izan zen, eta ikasketetako hirugarren mailan egin nuen. Oso proiektu polita izan zen eta oraindik sorkuntzak funtzionatzen du. Zerbait gehiago gehitzearren, "scape room" delako bat ere diseinatu nuen, guztia elektronika eta robotikan oinarrituta baitago; botoiak, argiak, sentsoreak, eta abar.

Esandako guztiaz gain, Aste Santuan eta udaran haurrekin aritzen naiz lanean; horrez gain, proiektuak sortzen ditut robotikako kanpus teknologikoetan. Bertan egitasmo ugari egiten dugu umeei robotika zer den erakusteko. Ikus dezakezuenez, une oro lanean ari naiz, ikasteaz gain, gustuko dudanaz.

Etorkizunari begira robotikak, programazioak eta elektronikak garrantzia irabaziko al du?

Nire ustez etorkizuna horrelako gauzetan oinarrituko da. Ni gazteagoa nintzenean eta zein karrera ikasi erabaki behar nuenean, elektronika ez zegoen oso barneratuta gizartean. Oraintxe bertan dagoen guztia elektronika da; mugikorretatik hasita autoetara guztiak du elektronika edo robotika ukitua. 

Gehitu nahi dut, I+G departamenduan hasi nintzenean, duela hiru urte, enpresa gehienak lan automatizatua edukiko zutela uste nuen. Orain robotikaren eta elektronikaren munduan lan egiten dudanez, ohartu naiz asko hitz egiten dela laugarren industria iraultzaz, guztia mugikorrekin kontrolatuko dela, eta abar. Teorikoki esaten da hirugarren industria iraultza robotika eta automatizazioa erabiltzen hasi zenean izan zela. Hala ere, ikusi dudanaren arabera, oraindik ere enpresa txikiak eta ertainak ez daude automatizatuak; hau da, eskuzko lan asko egiten da gune horietan. Enpresek langile asko dituzte lan errepikakorrak egiten, lan nekagarriak eta kaskarrak denbora luzez. Nabarmendu nahi dut, automatizazioa ez dela txarra, ez dela jendea kalera botatzeko aitzakia, baizik eta lanorduak jasangarriagoak egiteko modu bat da; gainera, euren denbora beste lan batzuetara bideratu dezakete.

 

 

Elkarrizketa osorik Aiurri aldizkariaren 567. zenbakian

 

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!