Ale ederrak utzi zituzten lau bertsolariek Zizurkilgo saioan. Gai mamitsua izan zuen Unai Mendizabalek bere lanak hasteko. Zizurkilgo plazan geroz eta ume gehiago sumatzen du Unaiek erdaraz hitz egiten:
Zizurkiletik pasiatzeko
sarri izan det aukera
norbere herrian beti eroso
sentitzen baita norbera
maiz pentsatzen det ni jaio nintzen
herria, ordea, hau ote da?
Sarri askotan entzuten baitet
nere inguruan erdera
Maiz aldatzen da guztia baino
aldaketa hori zera
lehengo horretan gelditu gabe
beti ez goaz hobera.
Garai bateko herri txikia
bihurtzen ari da haundi
Sarri errua botatzen zaio
kanpotik datorrenari
Baina arazoa barru-barruan
sortu zitzaigun aspaldi
herri honetan ikusten baitet
herriko alaba ugari
Euskaraldian Ahobizia
Korrikan korrikalari,
gero ordea, euskaraz soilik
haurrari ta txakurrari.
Eta ez dakit zein ote degun
herri zahar honen patua;
luzatzen bada gure hizkuntzak
jasotzen duen tratua.
Gogoan eta barruan hartu
gaur Unaiek kantatua
eta sentitu zuei esana edota seinalatua
herri bat behar degu kulturan
eta hizkuntzan batua
ta hemen ia guztiok degu
gai hontan zer hausnartua.