Kilometroak 2020

Pello Mari Otaño ikerketa bekaren proiektua aurkeztu zuten atzo Iriarte etxean

Aiurri 2020ko urr. 3a, 10:10

Aiztondo bailarako ahozko ondarearen bilketa eta hari buruzko ikerketa bultzatzeko xedez antolatutako Pello Mari Otaño ikerketa bekaren proiektu irabazlea aurkeztu zuten atzo arratsaldean Zizurkilgo Iriarte etxean, Kilometroak Astearen baitan.

Aurkezpenean izan ziren Harituz taldeko Beñat Iguaran, Haritz Mujika, Imanol Artola, Mikel Artola, Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal. Baita Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari Nekane Artola, Mintzola Ahozko Lantegiko Miren Artetxe, Nerea Zumeaga Zubimusu Ikastolako zuzendari-gerentea eta Hernandorena Kultur Elkarteko Joxin Azkue. 

Otsailaren hasieran egin zuten deialdia Mintzola Ahozko Lantegiak eta Kilometroak-ek, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu Ikastolaren eta Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkartearen babesarekin. Deialdiaren helburua Aiztondo bailarako ahozko ondarearen bilketa, ikerketa eta haren dibulgazioa izan dira. 

Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak aurkeztutako proiektua izan da irabazlea. 3.000 euroko ordainsaria eskuratu du ikertzaile taldeak lana urtebeteko epean garatzeko. Aiztondo bailaran izan den zirto tradizioa biltzen eta ikertzen ari dira, eta ondoren haren aplikazioa proposatuko dute, Aiztondoko ikastetxeetan landu dadin.

Herrigintzako eragileekin batera

Kilometroak jaiaren eredu berriari lehengo urtea diseinatzeko hausnarketetatik ateratako ondorioetan, garbi ikusi zuten “Kilometroak euskalgintzako eta kulturako, hau da, herrigintzako gainontzeko eragileekin batera egikaritu behar zela”. Nekane Artolaren hitzetan, “proiektu eta beka hau horren adibideetako bat da”. 

Kilometroak “Ikastolen artean babestu behar dugun zaintza sare moduan” ulertu behar dela azpimarratu zuen Artolak, eta gehitu “Kilometroak izango bada ondorengo urteetan, herrigintzako eragileekin batera” osatu behar dela zaintza sare hori. “Pandemiak agerian utzi du gure biziraupenerako ezinbestekoa dela sare horiek zabaltzea, elkarrengana hurbildu eta bizipenak eta proiektuak konpartitzea”. Elkarren arteko distantziamendua, euskararen arnasguneen desagertzea, kultura jasaten ari den desprestigioa, gazteentzako erreferente falta eta plazak eta kaleak hustu izana aipatu zituen Artolak “pandemia honen ondorio gisa”. 

Horregatik, Pello Mari Otaño beka bezalako proiektuak eta egitasmoak aprobetxatzeko beharra azpimarratu zuen: “Ongi etorria aurkezten ari garen proiektu hau, dosi txiki bat da, baina jasaten ari garen eritasun honi aurre egiteko ezinbestekoa. Aurrerantzean ere Kilometroak Kultur Elkarteak horri eutsiko dio, dosi txikiei, botika eta sendabelarri. Ikerketa eta herri jakinduria uztartuz eta inoiz baino beharrezkoagoa den elkarlanari tokia zabalduz”. 

Ikerkuntza sustatu eta ikertutakoa ezagutzera eman

Mintzolak pozik hartu du Kilometroak Kultur Elkartetik kultur sorkuntzaren ikerketari lotutako proposamena jaso izana eta proposamen hori egikaritzen ari dela ikustea. Miren Artetxe Mintzolako ordezkariak zehaztu zuen, haien egiteko nagusia “ikerkuntza sustatzea eta ikertutako ezagutzera ematea” dela: “Aurrera hobeto egiteko motor eragilea da ikerketa. Ezinbestekoa da ezagutzan sakontzeko, hobekuntzak proposatzeko eta garapena planifikatu ahal izateko”.

Zirtoaren tradizioa ikertu eta ondoren ikastetxeetan landuta, “ahozkotasuna eta ahozko sorkuntza biziberritzen gabiltza, belaunaldi berriek sentimendu zein pentsamenduak adierazteko tresnak eduki ditzaten”. Artetxen arabera, “hauxe da bultzatu nahi ditugun ikerketei buruzko adibiderik garbiena”. 

Mintzolak ahozkotasunean eragiteko jardun nahi du, eta Harituz taldekoen proposamenak helburu horiek betetzen dituela nabarmendu zuen. “Beraz, gure aldetik eskerrik asko erakunde guztioi eta batez ere ikertzaileoi egitasmo interesgarri eta iradokitzaile honengatik. Kilometroak-ekin abiatutako lankidetza honek aurrerantzean ere bide orri gehiago marraztea nahi genuke”.

Elkarlanaren eta auzolanaren adibide ezin hobea

Zubimusu Ikastolak argi zeukan aurtengo Kilometroak egitasmoak hainbat balio islatu behar zituela. “Eta horretan jardun dugu urte guzti honetan, egin ahal izan ditugun ekintzetan herrigintza, kultura, euskaltzaletasuna, hezkuntza, herritartasuna eta transmisioa lantzen, besteak beste”, zehaztu zuen Nerea Zumeagak. 

Kilometroak euskal jendarteari onura soziala eskaintzen dion proiektu bat dela zehaztu zuen Zumeagak, eta gehitu Kilometroak Aiztondo bailaratik joan egingo bada ere, zerbaitetan bere ondarea bertan gelditzea nahiko luketela: “Pello Mari Otañok inork gutxik bezala islatzen ditu Zubimusuren balio horiek ere. Horregatik, hasieratik esan dugu ikerketa beka hau hainbestetan aipatzen dugun elkarlanaren eta auzolanaren adibide ezin hobea dela. Are gehiago ikerketa eskualdeko kideek, horren gurea den gai baten inguruan eta taldean, elkarrekin, egiten ari direla ikusita. Lan honen emaitza Zubimusuko ikasleengana iristeko desiratzen gaude”. 

Pello Mari Otañoren oroimena eutsi, gorde eta zabaldu

Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkartearen xedearen zutabeetako bat herrian sortu zen Pello Mari Otaño bertsolari eta poeta handiaren oroimenari eustea, gordetzea eta zabaltzea dela azpimarratu zuen elkarteko kidea den Joxin Azkuek: “Gainera, Otañoren familiak berak bertsolariaren memoriaren oinordeko izendatu gintuen eta gure esku utzi nahi izan zituen haren jatorrizko eskuizkribuak eta beste hainbat dokumentu”.

Haren esanetan, Zizurkilgo eta Villabonako ikastolek 2020ko Kilometroak-erako prestatu dituzten ekimenetan oso presente izan dute beti Pello Mari Otañoren irudia. “Horregatik, Hernandorena Kultur Elkartearentzat benetako ohorea izan da Kilometroak sustatu eta Pello Mari Otaño izena eman dion beka honen antolatzaileekin bat egitea”. Aita Zavalaren hitzak ahoratu zituen Azkuek Zizurkilen: “Euskera bizi bada, Otañoren bertsoak ere biziko dira. Eta auek arnasik badute, gure izkuntzak ere izango du”

Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkargunea Elkarteko kidek Aiztondoko zirto tradizioak ahozko literaturaren baitan duen garrantzia azaldu zuen eta egindako zirto bilketa baliatuz, bertsolaritzaren ikas-irakaskuntzan lekua beteko duen aplikazio didaktikoaren berri eman zuen. Emanaldiaren barruan, bildutako zirtoak performatu zituen eta paraleloki, sortutako aplikazio didaktikoaren azalpen praktikoak erakutsi. 

Zirtoari buruzko azalpen akademikoa eta bat-bateko bertso jarduna uztartuz bukatu zen aurkezpena.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!