'Korri, punpa, ttak' leloa bertsolarien gainaldean, aurkezpeneko bertsoetatik hasita, saioan zehar ere presentzia nabarmena izan zuten Kilometroak 20 irudikatu duten hiru hitzek.
Joaquin Salvador ‘Quino’, Mafaldaren sortzailea hil berritan, umetan zein komiki edo ipuinetako pertsonaia zuten gogoko galdetu zien taula gaineko bertsolariei Amaia Agirrek. Nor izan zuten idolo txiki.
Oihana Iguaranek Pipi Langstrump izan zuen gogoan:
Ai Pipi Langstrump, a ze artista
ta bere mototsen soka
astoa zaldi, zaldia asto
margotuz nahiko pinporta
autoritate guztien aurka
ta ez zitzaion inporta
bere mototsen pare nahi nuen
grabitatearen kontra.
Haritz Mujikak, berriz, Kalimerori egin zion aipamena:
Nahiz eta Pipi ta Spiderman
gogoan izan oraindik
gure garaiko Piolin ere
desagertu da jadanik
nere arreta berpizten zuten
arrautza baten bi zatik
nik Kalimero miresten nuen
ta ez galdetu zergatik.
Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus ama-semeen paperean. Oso giro ozpindua zuten azken aldian etxean. Biek erabaki zuten grebara joatea. Tentsio une handiak bizi zituzten, baina elkar zaindu nahi zuten. Baiko enpresako pilotaria zen Amets, zentro bateko zaintzailea Maialen. “Kirolariak heroiak dira / ta zaintzaileak inor ez”, abestu zuen bertsoetako batean Maialenek.
Anjel Mari Peñagarikano eta Haritz Mujikak elkarrekin abestu zuten beste ofizioetako saio bat. Peñagarikanok bertsoak utzi eta beste lanetan aritzea erabaki zuen, baina ezin zuen gainetik kendu bertsoak utzi izanaren arantza. Haritz eta biak elkarrekin bazkaltzen ari zirela, Haritzek bertsotatik bizitzeko apustua egin zuela esan zion, eta zituen zalantzak eta kezkak argitzeko eskatu.
Erdibidean gelditu al zen / Anjel zure jarioa
hautu hau hartuz egin dezaket / honen erremedioa
plazara joanda bertan kantatu / ta ondoren adioa
baldintza onak badauzka baina / nomina prekarioa.
Asko pozten naiz nahi izan dezu / neri galdera egitea
ahal den moduan aholkatu nahi det / nik nere lagun maitea
noski bertsotan ez duzu izango / patrika bete-betea
ez pentsa horren samurra denik / bertsolari izatea.
Egun bakarrera mugatu gabe, urte osoko erakusleiho izan nahi zuen aurten Kilometroak jaiak, baina COVID-19ak bidea hankaz gora jarri ondoren, Oihana Iguaran eta Maialen Lujanbiori dei egin zien Amaia Agirrek gai hori jorratzeko. Gurasoaren azalean jarri zuen Oihana, Zubimusu ikastolako ikasle ohi eta egun bertako irakaslearenean Maialen. Oihana saldu gabeko arropa kaxatan sartzen. Maialen bertso saioan hutsik geratu diren aulkiak desinfektatu edo ez pentsakor. Hauexek azken bi bertsoak, Oihana hasita:
Eta garai zail hura / hain dago hurbila
hobetzera zihoan / egungo kuadrilla
punpaka hasi gera / hobearen bila
ta ttak hori gerora / iritsi dadila
urrun irits daiteke / gure karrerilla.
Gaurko mundua ez da / lehengoko mundu
ez militantzi baina / ez euskaldun kopuru
lurruna begiratu / dezagun seguru
gure langaia ez da / ikastola puru
ikastola bide da / euskara helburu.
Umoretsu aritu ziren segidan asteburu-pasa landetxe batera joan ziren bost bertsolariak. 80 urte bete zituen aitona zen Anjel Mari Peñagarikano, eta bi seme nahiz haien bikoteekin asteburu zelebrea igaro zuten, besteak beste, gauean sortutako hotsak entzun eta nork eta nola egin zituzten asmatu nahian.
Anjel Mari Peñagarikano bakarka aritu zen Pello Mari Otaño bertsolaria oroituz. Atzo aurkeztu zen Pello Mari Otaño bekari esker ez ezik, oro har, Kilometroak ekimenaren baitan erreferente izan da Pello Mari Otaño bertsolaria. Oso maitea izan du Peñagarikanok bertsolari zizurkildarra, hastapenetan zela haren bide-erakuslea. Soldaduskan zegoela, buruz ikasi zituen zizurkildarraren bertsoak, eta hari buruz kantatzeko eskatu zion gai-jartzaileak.
Soldaduskako oroitzapenak / batzuek zein gozoak
bertso liburu batzuk baneuzkan / nere takillan jasoak
gizon burusoil bizar txuri bat / ta bere limosnatxoak
onbu laztanak ta inguruko / aitona gizagaixoak
nik Badajozen kantatu nitun / Pedro Mariren bertsoak.
Derrigortuta eraman ninduten / hara, Badajozeaino
soldau lagunak zenbat andaluz / gallego ta extremeño
Euskal Herriaz eta euskaraz / ezer ez zekiten baino
hainbeste aldiz aipatu nuen / ta goratu hartaraino
ikasi zuten poeta zela / Pedro Maria Otaño.
Mailen Lujanbiok, gazte ekintzailearen paperean jarrita, itxialdiak eragindako albo-kalteak arintzeko laguntza taldea osatu zuen. Pailazo, terapeuta, yoga irakasle… Lan poltsa ireki eta atzeko lau bertsolariak aurkeztu zitzaizkion. Bakoitzari lan ezberdina eskaini zion hernaniarrak, eta haiek erantzun.
Haritz Mujika eta Amets Arzallus irakasle-ikasle paperean. Ume zenean irakasle izan zuen Haritzek Amets. Ez zen bereziki ikasle azkarra eta lasaia, eta bizitzan porrot egingo zuela esaten zion irakasleak. Baina Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen Haritzek bere lehen filma, eta hara non, aurkezpen egunean, lehen ilaran, Amets irakasle ohia: “Ni ulertzera ez zinen sekula iritsi”, esan zion Haritzek Ametsi, eta hark, “igual arte hori dena niri zor didazu” erantzun.
Durangoko Platerueneak egoera ekonomikoak bultzatuta ateak itxiko dituela jakin berri denean, kulturguneari bakarka kantatzeko eskatu zion Amaia Agirrek Oihana Iguaran.
Plateruenea parranda-gune / ta festa-toki itzela
ezagutu det kafe antzoki / eta taberna bezela
abenduaren 30ez / gogoan det han nintzela
saio eder bat egin genduen / ohitura zen dena dela
eta nork esan behar zigun / hura azkena izango zela.
Plateruenea zen herrigile / askorentzat legamia
bertan sortua hainbeste / indar ta hainbesteko armonia
esaldi baten ez dira sartzen / herria ta ekonomia
herrira ezin da berdin / zabaldu diruaren agonia
oskola hustu egin da baina / bizirik dago mamia.
Iparraldean errebotean jokatzeko ohitura handia da, Gipuzkoan herri gutxitan eutsi zaio, ordea: tartean Villabonan. Errebote jokotik abiatuta jarri zuen kantuan Amaiak Amets, botarria, markagailua eta zesta eskuetan zituela. Iparraldea eta hegoaldea bereizten ez direnetik bat ez direla gehituz.
Errebotea jokoa ez dut / inoiz zehatz konprenitu
baina arraia badu erdian / neri hala iruditu
haruntz ta honuntz joko zelaiaia / txikitu eta handitu
baina Espainiak eta Frantziak / hamar arraia ta piku
ta zoritxarrez gure herrikoa / aspaldi ez da mugitu.
Bi talde dira elkarren kontra / itxuraz joko bortitza
baina hori da antzerki hutsa / esanahia du anitza
dialektikak bizi du gure / herria, hizkuntza, hitza
baina aspaldi galdu genuen guk / harreman horren giltza
ta aspaldian gure aldean / frontisan kontra gabiltza.
Tartean puntukako ariketak, galde-erantzunez osatutako bertsoaldiak… Bizi-bizi aritu ziren bertsolariak . Denetariko gaiak izan ziren, umoretsuak ugari. Eta ikusleek aurpegiak maskaraz erdi tapatuta izanagatik, haien txaloengandik agerian geratu zen gustura egon zirela.