Elkarteak itxita, jatetxeak itxita... zuengan eragin zuzena al du horrek?
Bai noski. Azken finean, horrelako egoerak zuzenki gu bezalako komertzioei eragiten die. Guk, adibidez, Zizurkilen Egarri taberna dugu bezero eta hori guretzat oso garrantzitsua da. Eta nola ez, elkarteak itxita egoteak ere zuzenean eragiten digu. Era berean, egoera hori salmenta zuzenarekin orekatu dela esango nuke.
Mugikortasuna mugatzea abantaila izan da zuentzat?
Bai, martxoa eta apirilean, hau da, lehen konfinamenduan, jendeak herrian kontsumitzeko ohitura hori hartu zuen. Jende berria erakartzeko modua izan zen nolabait ere. Jendeak gure generoa probatu, gustora geratu, eta askok oraindik ere bertan jarraitzen dute.
Egindako janaria edo prestatutako platerak lehen baino gehiago saltzen al dituzue orain?
Gure kasuan haragia da produktu nagusia. Ez dut uste prestatutako janaria orain lehen baino gehiago saltzen dugunik. Gainera, jendeak orain, oro har, denbora gehiago duenez, batzuek lehen sukaldeari eskaintzen ez zioten tartea eskaini diote orain.
Bezeroen artean zer nolako sentsazioa nabari duzu?
Orokorrean, dendarion eta erosleen artean ez dakigu zer gerta daitekeen ezarri ditzaketen neurriekin. Horrek ezjakintasuna eragiten digu guztioi.
Eguberrietarako zein aurreikuspen duzue?
Egoerak ezjakintasun batean murgiltzen gaitu, batek daki zer gerta daitekeen. Eguberriak ez dira ohikoak izango. Ezingo gara talde handietan bildu, mahaiaren bueltan. Eta ez dira beti kontsumitzen diren elikagaiak nahi adina kontsumituko eta salduko; esate baterako, solomilloa, txuleta eta arkumea.