Justizia eta aitortza eskatu dute milaka torturatuentzat, Joxe Arregiren omenezko ekitaldian

Xabier Lasa 2021ko ots. 13a, 21:15

1981eko otsailaren 13an torturapean hil zuten Joxe Arregi gogoan hartu dute Zizurkilgo plazan, eguardian. Lore eskaintza egin zaie torturak eraildako Arregi eta beste 13 pertsonei, eta horientzat eta gainerako milaka torturatuentzat egia, justizia eta aitortza eskatu dute. Estatuak eragindako biktimak biltzen dituen Egiari Zor erakundeak antolatu du ekitaldia.

Ekitaldian zehar parte hartu dute Javi Perez tronpeta-joleak, Nerea Azkona harpa-joleak, Irantzu Urkola eta Janire San Sebastian dantzariek, eta Leire Zubeldiak (poesia irakurketa). Aldi berean, lore eskaintza egin dute Koldobika Jauregi eskulturagileak torturatu guztien memorian egindako “Barne kanta” izenburuko monolitoaren aurrean, torturak eraildako hamalau pertsonen ohoretan ipini dituzte loreak.

Bertaratu direnek torturari buruzko panel artistiko handi bat ikusi ahal izan dute plazan bertan, eta antolatzaileek iragarri dutenez, Fraisoroko bidean, trenbide ondoan, ipiniko dute datozen egunetan. Herriko zenbait artista gazte dira bere egileak.

 

"Oso latza izan da"

Arregik hilzorian zela Carabancheleko presondegian bota zuen esaldia aipatuz ekin dio ekitaldiari, aurkezpen lanak egin dituen Eba Usandizagak. “Esaldi horrek oso ondo deskribatzen du milaka euskal herritarrek jasandako basakeriaren gordintasuna. Ez bakarrik agerian uzten duelako min fisiko eta psikologiko izugarria. Baita ere, tortura praktikatu dutenen zigorgabetasun osoa ere oso latza izan baita”.

Torturak diktadura frankistaren herentzia maltzurra izan dela adierazi du: “Milaka euskal herritarrek modu sistematikoan pairatu dute, edozein zelarik ere estatuko gobernuaren kolorea. Francoren garaiko tortura saioetan, beldurrak, zauriak eta kolpe aztarnak nabarmenak izan baziren ere, denborarekin teknika sofistikatuagoa garatu zuten Guardia Zibilak, Poliziak eta Ertzaintzak. Markarik gabekoak askotan, baina ezabatu ezin diren aztarnan psikologiko larriak uzten dituztenak. Horrela, 5.677 dira dagoeneko egiaztatu dauden tortura kasuak”.

 

Bi torturatuen lekukotza

Bere garaian torturak salatu zituzten Urtza Alkorta eta Jon Patxi Etxeberriak hitza hartu dute ekitaldian; Ertzaintzak 2010ean atxilotu zuen lehena, eta Guardia Zibilak 2011n bigarrena.

Alkortak gogoratu du Joxe Arregi ez zela torturagatik eraildako lehen herritarra izan, beste 13 ere badirela aurretik zein ondoren. “Joxe ez zen lehena izan, baina bai 78ko erregimenaren eta Espainiako konstituzioaren sinaduraren osteko lehena. Hala ere, zoritxarrez, demokrazia deituriko hori heldu ostean, beste izen batzuk ere gehitu zizkioten torturagatik hildako zerrenda tetrikoari”.

Hain zuzen, Arregiren aurrekoak aipatu ditu: Mercedes Antxeta, Vicente Lertxundi, Manuel Thomas Gomes, Jose Maria Quesada, Javier Escalada, Antonio Goñi, Juan Jose Munduate, eta, Alfredo Valcarcel. Eta ondorengoak: Esteban Muruetagoiena, Mikel Zabaltza, Juan Calvo, Gurutze Iantzi eta Xabier Kalparsoro.

Atxiloketa zentroetan torturaren praktika sistematikoa izan dela esan du Alkortak. “Ondo diseinatutako egitura bati eskerrak gauzatu izan da. Ez zen, beraz, polizia jakin batzuen kontua izan; tortura posible egin zuten mediku forentseek, epaileek abokatuek, komunikabideek, uneko gobernu arduradunek, zenbait alderdi politikoetako buruzagiek… 70 urte luzetan gertatzen ari zenaren salaketa politikoa, publikoa, gorputzetako markak eta zauri nabarmenen argazkiak, biktimen eta haien ingurukoen suntsitze psikologikoak, ez ziren froga nahikoak izan basakeria horri sinesgarritasuna kendu eta geldiarazteko ezer egin ez zutenentzat”.

 

Marlaska epaile zenekoa

Jon Patxi Etxeberriak torturak jasan izana salatu zuen 2011n. 2015ean, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Estatu espainiarra kondenatu egin zuen salaketa horiek ez ikertzeagatik. “Gaur barne ministroa den Fernando Grande Marlaska epailearen aurrean torturak salatu banituen ere, inork ez zuen salaketa horiek ikertzeko eta argitzeko inongo neurririk hartu. Hori izan da modus operandi-a beste milaka tortura kasuetan ere. Azkenean, Giza Eskubideen Europako organismoak Espainiaren ikertzeko prestutasun falta publikoki salatu zuen. Azkeneko antzeko kondena pasa den urtarrilean gertatu da, baita Marlaskaren aurka. Horrek ordea, ez du erreakziorik eragin tortura betikotzeko erantzukizun politikoak dituzten horien artean. Isilik geratu dira, edota, holako sententzia baten larritasuna ukatzeko sinestezinak diruditen ahaleginak nola egiten dituzten ikusi behar izan dugu”.

 

Iraganarekiko begiratu kritikoa

Etxeberriak zein Alkortak etorkizunean eman beharreko pausoez mintzatu dira.

Alkortaren arabera, “Demokraziaz, zolu etikoaz, edo iraganaren berrikuspen kritikoaz hitzegiteko ezinbestekoa da nork bere jarrerari erreparatzea eta jarrera hipokritak alde batera uztea. Etorkizuneko bizikidetza demokratikoa eraikitzen jarraitu ahal izateko, pertsona guztien eskubideak bermatuta behar dute egon. Baita tortura jasan zutenentzat ere. Horren ondorioz, oinarrizkoa da hil zituztenen pertsonen izenak espreski aitortzea, aurrerantzean berriz ere ez daitezen gutariko inorentzat arrotzak izan. Eurak oroitzea, berriro horrelakorik gertatuko ez dela bermatzeko modurik onena da".

Etxeberriak zenbait eskakizun zehaztu ditu: “aitortzarako legea, jasandako giza eskubide larriak modu ofizialean aitortu eta erreparatzeko. Memoria politika publikoetan lekua, argi gera dadin estatuak, tortura gatazkaren testuinguruan modu sistematikoan baliatu duela herritarren eskubideak zaindu beharrean urratzeko. Ikerketa, torturak izan duen benetako dimentsioa zein izan den argitara ateratzeko. Eta horrez gain, beharrezkoa da geure biktimarioek eta horiek babestu zituzten arduradun politikoek dagozkien ardurak bere gain hartzea, eta goresteak eta kondekorazioak kentzea, horiek umilazioa sentiarazten gaituztelako. Izan ere, gure mina eragin duen estatuari ez zaio inongo eskakizunik egiten; ez zaio autokritikarik eskatzen, eragindako minagatik. Horrek pentsa araztera garamatza, behin eta berriro eztabaida publikoan dabilen autokritika eskaera ez dela benetan bakea eta giza eskubideen defentsa irmoari lotutako konbikzio moraletan oinarritzen, interes politiko zehatzetan baizik”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!