Zizurkilen indarkeria matxista kasu bat egon dela adierazi du Udalak

Aiurri 2021ko api. 21a, 21:14

Zizurkilgo Udalak adierazi duenaren arabera, apirilaren 18an indarkeria matxista kasu bat izan zen herrian. Gertakari horren aurrean, Udalak sexu erasoa arbuiatu eta erasoa salatu zuenari babesa helarazi dio. Era berean, ikerketaren jarraipena egingo duela nabarmendu du.

 

Zizurkilgo Udalak honako ohar hau helarazi du apirilaren 18an jazotako sexu erasoa medio:

Joan den apirilaren 18an Zizurkilen indarkeria matxista kasu bat izan zela jakin du Udalak.  Ikerketak eta justiziak bere bidea egingo du, eta Udalak horren jarraipena egingo du. Baina gertakari hauen aurrean Zizurkilgo Udalak berretsi nahi du sexu eraso guztien aurkako jarrera eta babes osoa adierazi nahi dio erasoa salatu duen emakumeari.

Emakumeen aurkako indarkeriak erasotzaile eta biktima banakakoak ditu beti, noski, baina arazo sakon bat dauka jatorrian: emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituen ideologia. Beraz, indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza.

Udalak indarkeria matxistarik gabeko herri baten aldeko konpromisoa azaltzen du eta, norabide horretan aurrera egiteko lanean jarraituko du. Konpromiso irmoa dugu herrian indarkeria matxistaren aurkako protokolo orokorra sortzeko, osasun baldintzek horretarako aukera eman bezain pronto.

*Udal ordezkariek ez dute ohar honetaz aparteko adierazpenik egingo, datu pertsonalen babesa bermatzeko helburuz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!