“Itsasoari ez zaio beldurrik izan behar, errespetua baizik”

Gari Iruretagoiena zizurkildarra betidanik itsasoari eta urari lotuta egon da. Egun, afizio hori lehiaketetara eraman du apnea kirolaren bitartez eta zenbait garaikur eskuratu ditu. Urpeko arrantzalea ere bada.

Gari Iruretagoiena 39 urteko zizurkildarra da. Umetatik itsasoarekin eta urarekin kontaktuan egon da, aita arrantzalea dela medio. Urpeko arrantzalea da eta apnean Euskadiko eta Espainiako txapelduna. Urlehortartzat du bere burua, anfibioen antzera. 

Nola hasten da zizurkildar bat mundu honetan?

Zizurkildarra naizen arren, aita arrantzalea dut. Betidanik egon da Orion edo Getarian arrantzan, eta familian auto bakarra zegoenez, askotan Getarira joan behar izaten genuen bere bila. Sarritan geratzen ginen kostan bainu bat hartzen edo jauziak egiten. Ez hori bakarrik, aitak istorio asko kontatzen zizkidan itsasoarekin eta urarekin erlazionatutakoak. Oso gustuko ditut itsasoarekin erlazionatutako jarduerak. Esan dezaket, aitarengandik jaso dudala itsasoarenganako miresmena.

Uretan zaudenean nola sentitzen zara?

Oso sentsazioa ona da. Berezia. Lasai eta eroso nagoenaren sentsazioa daukat uretan. Nire buruarekin aurkitzen naizenaren pertzepzioa daukat. Guztia ahazten zait. Apnean sartzen naizenean urpean, memento bat dago, non, oso atsegingarria egiten zaidan. Zen egoera delakoan murgiltzen naiz. Apnea egin ezean, oso zaila da zen egoera hori lortzea. Zergatik? 9 hilabete pasa genituen amaren tripan likido amniotikoan eta pertsona orok oso txertatua du sentsazio hori barnealdean; beraz, gune akuatiko batean sartzean, berriro ere sentsazio horietara itzuli gaitezkela diote filosofo batzuek. Egia esan, badaude arrazoi fisiologikoak; izan ere, uretan gaudenean pultsazioak jaitsi egiten dira eta gorputza lasaitu egiten da, amaren sabelean ginenean bezala. 

Apnea praktikatzen duzu eta arrantzan ere aritzen zara...

Ni arrantzalea naiz. Urpeko arrantzan hasi nintzen duela 20 urte eta, egun, gehien gustatzen zaidan jarduera da. 

Bestalde, orain bi urte Euskadiko Apnea txapelketa antolatu zen, eta lagunak eta biok parte hartzea erabaki genuen. Hortaz, igerilekuan entrenatzen hasi ginen, oinarrizkoenetik hasita. Esan beharra daukat, txapelketan parte-hartze kaskarra egin genuela eta lehenengoan kanporatu gintuztela. Porrot handia izan zen. Baina motibazio pertsonalerako balio izan zigun.

Egun, Euskadiko eta Espainiako txapelduna zara, ezta?

Porrotak porrot, lehiakideaen markak ikusita bide onetik gindoazela sumatu genuen, eta horrek poztu egin gintuen. Gauzak horrela, 2020ko txapelketarako prestatzen hasi ginen, oraingoan serioago, baina Koronabirusak guztia zapuztu zuen. Hortaz, aurtengo ediziora itxaron behar izan dugu. Guztia oso ongi irten zen eta Euskadiko txapelduna izatea lortu dut, hiru modalitatetan; estatikan, aletarik gabe metroak egiten (Dynamic no fins) eta dinamika aletekin. Azken modalitatea mono-aletarena da, baina partaide gutxik izena eman genuenez, ez zen egin. Espainian estatikaren modalitatean lortu nuen txapeldun izatea. Beste modalitatetan postu batzuk beherago geratu nintzen.

Lehiaketa internazionalean ere parte hartuko dut, hautatua izan naiz. Ingurukoek parte hartzera animatu naute, esperientzia polita izango dela eta asko ikasiko dudala uste baitute. Ahalik eta hoberen lehiatzen saiatuko naiz, eta nire marka pertsonalak gainditzen ere ahaleginduko naiz.  Ez daukat inolako presiorik.

Apnea itsasoan ere egiten duzu ala soilik igerilekuan?

Bi apnea mota daudela esan genezake: Indoor eta Outdoor. Oraingoz, Indoor modalitatean soilik aurkeztu naiz. Outdoor-ean sakonera neurtzen da, baina oraingoz ez dut probatu. Egia esan, praktikatu nahiko nuke; gainera, oso gustuko dut urpean sakon murgiltzea.

Nola iraun dezakezu horrenbeste denbora ur azpian? Zein da sekretua?

Ideia bat egiteko, nire errekor ofiziala Espainiako txapelketan eginikoa da, 7 minutu eta 14 segundukoa. Nola iraun dezakeen pertsona batek zazpi minutu urpean? Hasteko, asko entrenatu behar da eta zeure gorputza ulertu behar duzu. Egia esan, berezko apur bat edukitzea garrantzitsua da, entrenamenduez gain. Adituek diotenez, edonork iraun dezake hiru minutu eta erdi urpean, betiere laguntzaile batekin, entrenamenduekin edo kurtso bat eginda. 

Badaude apnea-zaleak Euskal Herrian edo Espainian?

Espainian, kostaldean askoz gehiago praktikatzen da kirol hau; esaterako, Katalunian, Balear Uharteetan eta Valentzian. Leku hauetan kultura gehiago dago eta urte asko daramatzate kirol hau praktikatzen. Maila handia dago. Baina, oro har, Euskal Herrian nahiko ezezaguna den kirola da apnea, nahiz eta, gutxinaka jende gehiagok praktikatzen duen. 

Maila internazionalean, berriz, Frantzian, Italian, Kroazian edota Asialdeko hainbat herrialdetan apnea hedatuago dago eta askoz ere gehiago praktikatzen da. 

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 582. zenbakian

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!