Herri hezitzaileak saretzeko hitzarmena

Xabier Lasa 2021ko mai. 20a, 14:52

Zizurkilgo Udalak eta OinHerri herri hezitzaileen elkarteak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute udaletxean, gaur eguardian. Iker Urruzola alkateak eta Maite Azpiazu herri hezitzaileak sarea sustatzeko OinHerri elkarteko kideak hartu dute parte sinatze ekitaldian.

 

Zizurkil herri hezitzaileen sarean sartu da era horretan; oraingoz, Euskal Herrian 35 udalerri dira OinHerri-rekin elkarlanerako hitzarmena sinatu dutenak.

“Bat egiten dugu Oinherri-ren filosofiarekin. Udalaren eta herriko eragileen arteko elkarlanean sinesten dugu, eta horrela, eragile horiek formazio saioetan parte hartu ahal izango dute hemendik aurrera”, adierazi du Iker Urruzola alkateak.

Oinherrik bultzatzen duen filosofia herrian bertan egunerokotasunean txertatzea da udalaren helburua, Urruzolak gaineratu duenez. Gogoratu duenez, “Suertez, eragile dexente dauzkagu herrian, eta horiek ere kontutan hartzen ditugu, elkarrekin eta herrigintzatik, hainbat ekimen aurrera eramateko”. Esate baterako, Zizurkilen bada HerriBiziGune eragile taldea, eta berarekin elkarlanean jardun izan dugu, berriki Haurren Basoaren proiektua gauzatzeko. Eurek izan ziren OinHerri elkartearekin harremanetan jarri gintuztenak”.

Maite Azpiazu herri hezitzaileen sarea sustatzeko OinHerri elkarteko kideak poza agertu du, Zizurkilgo udalerria ere herri hezitzaileen sarean sartu delako. “Zizurkilek gure filosofia txertatzeko ilusio eta gogo handia dauka eta bidelagun izango gaitu, beharrezko aholkularitza eta formazioa eskaintzeko orduan. Eta nolaz ez, sareko partaide diren beste 35 herriekin batera, sarean lan egiten ikasiko dugu elkarrekin. Kolektiboan lan egiteak dakartzan babes eta sinergia guzti horiek aprobetxatzeko”.

OinHerri elkarteak hezkuntza ardura partekatu baten gisa ulertzen duela adierazi du Azpiazuk: “Familiaz eta eskolaz haratago herria bera eremu hezitzailea dela iruditzen zaigu,; herritarrak eragile hezitzailetzat jotzen ditugu. Hezkuntza ez delako haurtzaroan hasi eta bukatzen den prozesu bat. Ulertzen dugu gutako bakoitza jaiotzen garenetik hiltzen garen arte hezigarriak garela, eta aldi berean, hezitzaileak garela”.

Bukatzeko, zera adierazi du: “OinHerriko kideek argi daukagu munduak norabide aldaketa behar duela eta herritar guztion artean egin beharko dugula aldaketa hori; inor atzean utzi gabe. Udalak, hezkuntza formal eta ez formaleko eragileek eta herrigintzako elkarteek elkarrekin lan eginez”.

 

Zazpi zutabeko filosofia

OinHerri elkartearen aisia-eredua zazpi kontzeptutan oinarritzen da:

* Jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea;

* Kultura hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea;

* Eurek eraikitako aisia hezitzailea izatea;

* Eurek eraikitako aisia euskalduna izatea;

* Aniztasunean berdin eta parekidea onartzea;

* Ingurumen naturala eta kulturala zaintzea;

* Komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!