Udako kultur egitaraua aurkeztu dute Zizurkilen

Ainhoa Gil 2021ko eka. 24a, 13:48

Iker Urruzola alkatea, Maite Amenabar zinegotzia, Egarri tabernako Josu Galarza, eta Ainhoa Larrea, kultur teknikaria.

Zizurkilgo udako kultur egitaraua aurkeztu dute gaur eguerdian. Egitarau oparoa prestatu du kultura sailak eta asteburu honetan jarriko da martxan. Ainhoa Larrea kultur teknikariak, Maite Amenabar zinegotziak eta Iker Urruzola alkateak egin dute aurkezpena.

Maite Amenabarrek azpimarratu duenez, "Zizurkilgo Udaleko Kultura saila buru-belarri aritu da lanean, udako aisialdi eskaintza oparoa osatzen eta prestatzen. Egoera zaila bizitzea egokitu zaigu azken urte luzean, eta Zizurkilen indar berezia jarri nahi izan dugu kultur eskaintza zaintzen. Kultura behar-beharrezkoa da jendartearentzat eta kultur eragileen lana babestea ere ezinbestekoa dela sinesten dugu. Horregatik, ahalegin berezia egin dugu udako programazio oparoa prestatzen. Igande honetan abiatuko da programazioa".

 

Igandean, hasiera

Ainhoa Larrea teknikariak eman du programazioak biltzen dituen xehetasun guztien inguruko berri: "Igande honetan izango da gozagarri ALURR dantza taldearen GATTIU ikuskizuna. Ibarrako dantza taldearen proposamen berria da Gattiu. Iaz egin zuten sorkuntza lana, baina pandemia dela eta oso emanaldi gutxi egin ahal izan dituzte, eta larunbatean datoz gurera. Gonbidapenak eskuragarri daude Udal Bulegoetan eta jendea animatu nahi dugu bertara gerturatzera. 18:30etan hasiko da saioa".

Uztailaren 10ean NEOMAK taldearen kontzertua izango da Intxaur pilotalekuan bertan. "Panderoa, trikitixa eta ahotsa dute oinarri, euren musika egiteko. Alaitasuna ekarriko dute, beraz. Kepa Junkerarekin ibilitakoak dira Neomak taldeko kideak, Sorginak izenarekin eta tartean, Maria Lasa herrikidea dabil", azaldu du Ainhoa Larreak.  Beharrezkoa izango da aurrez Udal bulegoetan gonbidapenak eskuratzea.

 

Plater nagusia

"Uztailaren 17an iritsiko da programazio honetako plater nagusia izan daitekeena. ZIZURKILGO BLUES GAUA. Iaz pandemiako itxierak bete betean harrapatu zuen ekitaldi hau, eta aurten berreskuratu egingo dugu.  Bi talde arituko dira aurtengoak, biak ere oso maila handikoak: Ipar Irlandako Sinead Savage eta Euskal Herriko Travelli’ Brothers. Aurreko edizioetan bezala, Atxulondo, Pasus eta Egarri tabernen laguntzaz gauzatuko da aurtengo blues gaua. Aurten ezingo dira kontzertuak taberna barrutan eskaini, eta formatua aldatzea erabaki dugu. Tabernak plazara aterako dira, terraza handiak jarriz", azaldu du Ainhoa Larreak. 19:00 etan eta 20:00etan izango dira kontzertuak.

 

Auzolandegiak

SASETA defentsa sistemaren inguruko AUZOLANDEGIAK martxan dira eta horri lotuta, bi ekitaldi antolatu dira Zizurkilen:

  • Uztailak 7, asteazkena: “Memoria historikoa eta gertuko memoria Amasa-Villabonan” hitzaldia eskainiko dute Leire Padillak eta Esti Amenabarrok, Plazida Otañoko balioanitzeko gelan, 17:00etan hasita.
  • Uztailak 10, larunbata: Saseta defentsa sistemako lubakietara bisitaldia. Azarolatxiki inguruan egingo dute bisitaldia. 11:15an Peuskaten elkartu, eta elkarrekin joango dira lubakiak bertatik bertara ikusi eta auzolandegietan egiten ari diren lanak ezagutzera.

 

Pilota txapelketa

Kirolari ere egin diote tarterik Zizurkilen. Lauterdiko ZIZURKILGO HERRIA afizionatu txapelketa jokatuko da Intxaur pilotalekuan, lehendabizikoz. Promesa eta elite mailako pilotaririk onenak ikusteko aukera eskainiko du txapelketa honek. Uztailaren 16an emango zaio hasiera eta abuztuaren 7an jokatuko dira finalak. "Zizurkilgo Julen Alberdi pilotaria lehiatuko da txapelketa honetan. Ziotza pilota eskolako entrenatzaile ere bada Julen, eta ziur herritarren animoak ez zaizkiola faltako", azpimarratu du Ainhoa Larreak.

 

Gaztezulo

GAZTEZULOk uztailareko prestatu duen egitarau oparoa ere hartu dute ahoan gaurko aurkezpen ekitaldian. LH6 eta DBHko gazteei zuzenduta, hainbat ekintza antolatu ditu hilabete osorako. Parte hartu nahi duten gazteek udal bulegoetan eman beharko dute izena.

 

Jaiak

Eta agerraldia amaitzeko, HERRIKO JAIAK izango ditu aipagai Iker Urruzola alkateak. Jai Batzordeek egiten duten lana azpimarratu nahi izan du bereziki. "Herria koloreztatzeko ezinbestekoa da Jai Batzordeek eta beste hainbat eragilek egiten duten lana. Iaz kultur ekitaldiak antolatu zituzten ohiko jaiak alde batera utzita. Aurten ere ez da ohiko jairik izango, baina beste kolore bat izango dute. Dagoeneko abuztuko jaiak oso aurreratuta daude eta hainbat ekitaldi iragarri ditzakegu: Frontona ikuskizuna, Andoni Alonsoren emanaldia, bertso jaialdia, zirku garaikidea... Abuztuaren 13, 14 eta 15ean izango ditugu jai horiek. Iraileko jaiak ere ari dira forma hartzen eta irailaren 8tik 12ra luzatuko dira. Ezin dugu esan ohiko jaiak izango direnik, baina bai normaltasun batera hurbildu nahi dutela. Jai Batzordeek lan handia egiten dute eta Udalak bere babesa eta laguntza eskaini besterik ezin du egin".

Udaleko kultura sailari ere luzatu dio eskertza alkateak: "Zizurkilgo kultur egitaraua ikaragarria izan da beti. Pandemiak bete betean moztu zuen hori guztia, eta kultura sailak ahalegin eta lan handia egin behar izan du egoerara moldatu eta kultura eskaintzari eusten saiatzeko. Buruhauste handiak izan dituzte, eta ez da batere erraza izan. Eskerrak eman nahi dizkiet egin duten ahalegin izugarri horregatik guztiagatik", amaitu du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!