Intxaur pelota txapelketa aurkeztu dute Zizurkilen

Aiurri 2021ko uzt. 13a, 14:22

Kirol hitzordu berria jaio da Zizurkilen. Uztailaren 16tik abuztuaren 7ra Intxaur pilota txapelketa izango da jokoan. Gaur egin dute aurkezpena, txapelketari izena ematen dion pilotalekuan bertan

Lau eta erdiko txapelketa da Intxaur txapelketa, eta bi kategoria ezberdinetan lehiatuko da: promesa eta elite. Momentu honetan punta puntan dabiltzan pilotarien jokoaz gozatzeko aukera eskainiko du txapelketa honek. Pilotaren txokoa eta Zizurkilgo Udalaren arteko lankidetzari esker antolatu da, eta etorkizunean jarraipena ematea da asmoa.

Iban Lizarraga kirol zinegotziak azaldu duenez, “Final-laurdenetan ekingo diote lehiari, uztailaren 16an. Bi asteburutan jokatuko dira final-laurden horiek eta uztaila amaieran izango dira lehian finalaurrekoak. Abuztuaren 7ko finalekin emango zaio amaiera”.

Esan bezala, goi mailan lehiatzen ari diren pilotariek osatu dute txapelketako kartela. Ainhoa Larrea teknikariak izendatu ditu banan bana: “Euskal Herria eta Errioxako pilotaririk onenetakoak gerturatuko dira Intxaur txapelketara. Promesa mailan: Javi Oskoz (Oberena),,Beñat Senar (Lapke), Iker Amiano (Aurreta Tolosa), Aingeru de la Fuente (Buruzgain), Sergio Gutiérrez (San Cosme), Julio Fernández (San Cosme), Josu Igoa (Oberena), eta Aitor Altuna ( Aurrera Tolosa). Elite mailan: Xabi Urbieta (Behar Zana), Iñaki Elola (Aurrera Tolosa), David Landa (Oberena), Paul Ojuel (Hernani), Julen Alberdi (Aurrera Tolosa), Xabi Santxo (Pagazpe), Eneko Labaka (Aurrera Tolosa), Iker Espinal (Huarte). Guretzat oso berezia da tartean Julen Alberdi egotea. Herritarra dugu, eta baita Ziotza pilota eskolako entrenatzaile ere”.

Uztailaren 16an, ostiralean, hasiko da txapelketa, final laurdenetan. Hauexek izango dira final-laurdenetako partidak:

 

Promesa maila

Final-laurdenak:

- Uztailak 16, ostirala. 19:00.

Javi Oskoz- Beñat Senar

- Uztailak 18, igandea, 12:00.

Iker Amiano- Josu Igoa

 

- Uztailak 24, larunbata, 20:00.

Aingeru de la Fuente- Sergio Gutiérrez

- Uztailak 25, igandea, 12:00.

Jorge Fernández-Aitor Altuna

 

Elite maila

Final-laurdenak:

- Uztailak 16, ostirala. 19:00

Xabi Urbieta- Iñaki Elola

- Uztailak 18, igandea, 12:00

David Landa-Iker Espinal.

 

- Uztailak 24, larunbata, 20:00

Paul Ojuel-Julen Alberdi.

- Uztailak 25, igandea, 12:00

Xabi Santxo- Eneko Labaka.

 

Uztailaren 31n eta abuztuaren 1ean jokatuko dituzte finalerdiak, eta abuztuaren 7an final handiak.

Final-laurdenak ikusi ahal izateko beharrezkoa izango da gonbidapenak izatea eta finalaurreko eta finaletarako, sarrerak erosi beharko dira, 3 eurotan. Gonbidapen, nahiz sarrera, Udal bulegoetan egongo dira eskuragarri. Sarrerarik libre geratuko balitz, pilotalekuan bertan jarriko dira salgai, partiden aurretik.

Ainhoa Larrea teknikariak azaldu duenez, txapelketari jarraipena emateko asmoa du Udalak: “Oraingoan elite eta promesa mailako pilotariak gerturatuko zaizkigu, baina etorkizunean beste maila batzutako kirolariei ere aukera eman nahi diegu eta baita emakumeei ere”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!