Hitzordu ugari Zizurkilen, asteburuari begira

Aiurri 2021ko abu. 9a, 08:00

Abuztuaren 13, 14 eta 15ean iritsiko dira hurrengo hitzordu potoloak. Herriguneko jai batzordea lanean aritu da, ezjakintasun egoera honetan herritarrei gozamenerako tarteren bat eskaini ahal izateko.

Ohiko jairik ez da izango, baina data beretsuetarako, kultur asteburua antolatu dute. Iazko ereduari jarraitu diote aurten ere eta eserita ikusi ahal izateko ekitaldiak antolatu dituzte batez ere.

Abuztuaren 13an, 19:00etan hasita, "Frontona" ikuskizuna izango da gozagarri. Euskal kultura du ardatz ikuskizun honek eta umorea da osagai nagusia.

Abuztuaren 14an zirku garaikidea ikusteko aukera izango da, Pello Mari Otaño plazan. Irati Gonzalez eta Koldo Arakistain dira "Mikra" izeneko ikuskizuneko protagonistak. Arratsaldeko 18:00etan ekingo diote saioari.

Gauean berriz, Julen Alonso musikariak ‘Sutan dantzan’ ikuskizuna eskainiko du, Oinkari dantza taldeko kideekin batera. 2019an argitaratu zuen trikitilari oriotarrak izen bereko diskoa, eta dantzariekin batera, ikuskizun berezia eskaintzen du plazaz plaza. Beharrezkoa izango da gonbidapenak eskuratzea.

Abuztuaren 15ean, herri kirolarien saioa izango da eguerdian. Aizkoran, Jon Irazu eta Txomin Amondarain, Joseba eta Unai Otaegiren aurka arituko dira. Udane Ostolaza gazte oriotarrak berriz, harri-jasotzen duen abilezia erakutsiko du.

Arratsalderako berriz, bertso-jaialdi bikaina prestatu dute. Urtero bezala, punta-puntako bertsolariak gerturatuko dira Zizurkilera. 19:00etarako iragarri dute jaialdia, Intxaur pilotalekuan.  Jende pilaketak saihesteko, beharrezkoa izango da aurrez gonbidapenak eskuratzea. Bertsolariak: Amets Arzallus, Alaia Martin, Unai Mendizabal, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amaia Agirre. Gai-jartzailea: Igotz Alkorta. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!