Pilota-gau borobila atzo, Zizurkilen

Ainhoa Gil 2021ko abu. 8a, 10:41

Intxaur pelota txapelketako finalak jokatu ziren atzo Zizurkilen. Txapelketa borobila izan da eta amaiera ere halakoa suertatu zen. Giro ederra sortu zen Intxaur pilotalekuan.

Jubenil mailako pelotarien eman zioten hasiera atzoko ikuskizunari. Eskuz binaka aritu ziren eta partida polita eskaini zuten Egiguren-Olaizola eta Albeniz-Oliaiz bikoteek. Arratsaldeko 19:00etan hasi zen lehia, eta ordurako, zaletu asko zegoen pilotalekuan. Sarrera guztiak agortuta, sartu ezinik geratu zenik ere izan zen. Gerriko gorri zuen bikoteak lortu zuen garaipena, 22-9.

Ondoren hasi ziren Intxaur txapelketako finalak. Promesa mailan, Unai Alberdi eta Jorge Fernandez ziren nor baino nor. Alberdi gazteak oso indartsu ekin zion lehiari eta alde handia lortu zuen partidaren hasieran. Jorge Fernandezek, ordea, partida parekatzen joatea lortu zuen. Partida bizia jokatu zuten biek ere, oso tanto politak eskainiz. 22 eta 18koa izan zen azken emaitza, Alberdiren alde.

Elite mailan, Julen Alberdi eta Iñaki Elola ziren aurrez aurre. Alberdi gazteak ez zituen herritarren eta lagunen txaloak falta izan. Txapelketako lehen partida tanto bakarreko aldeagatik irabazi zuen zizurkildarrak, ia partida osoan atzetik joan ondoren. Txapelketan aurrera eginda, finalerako sailkatu zen. Partida ikusgarria jokatu zuen Alberdik, aurkariari aukera gutxi utziaz. 22-7ko emaitzaz, herrian geratu zen txapela.

Giro bikaina sortu da Intxaur txapelketaren inguruan. Jende asko hurbildu da partidak ikustera eta atzoko finalek borobildu egin zuten hori guztia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!