Historikoki eskualdeko herriko jaietan elementu bat edo beste izaten da festak omentzeko. Ezagunak egiten dira, hala nola, “erroskilaren-ehorzketa”, “sardinaren-ehorzketa” eta abar. Zizurkilgo Elbarrenetako jaietan ez zegoen horrelakorik, eta melokotoia hautatu zuten herriko ikur, gainerako herrietatik bereizteko.
Elbarrenetako jaietan zer da melokotoia?
Iraitz: Txikitako oroitzapena eta erreferentzia da niretzat melokotoiaren ehorzketa. Izugarrizko arrakasta zuen; herrikoia zen, anitza eta oso zabaldua zegoen. Antzerki handia izaten zen, gu biok bertan parte hartzen genuen, baina, antzerki horretaz gain, ez zen beste ezer egiten. Gerora, gu gazteak ginela hasi zitzaion balioa ematen.
Izaro: Hutsune bat egon zen. Or dago kuadrillakoak(zizurkilgo kuadrila zaharrenetakoa) zahartu ahala, festa-batzordean gutxiago parte hartzen hasi ziren eta herrian hutsunea antzeman zen. Gazteak sartu ziren gero eta festa batzordeak, berriz ere, indarra hartu zuen.
Orduan, melokotoia hartu eta irudia jarri zitzaion; horrela, herrian zintzilik jartzen den maskota sortu zen, zapietan melokotoia agertzen da beti, buruhandia sortu, eta ehorzketa berriz egiten hasi da.
Beraz, melokotoiaren irudia berpiztu egin da azken urteetan…
Izaro: Bai. Gure garaian fruta bera erabiltzen genuen. Gaur egun haurrei galdetzen badiegu melokotoia nor den, badakite buruhandiagatik, edo zintzilik jartzen den maskotagatik melokotoia nor den.
Iraitz: Festak hasten direnean, kotxean paseatzen da eta haurrek eta herritarrek identifikatzen dute.
Zergatik egin duzue ipuin hau?
Iraitz: Festa batzordetik iritsi zitzaigun eskaera. Erronka moduan hartu genuen, eta gogo handiarekin egin dugun lana da. Melokotoiari irudia jartzeko egin da ipuina, azken finean, figura horri nolabaiteko borobiltasuna emateko.
Izaro: Izaera batekin janzteko. Festa batzordetik izaera bat eman nahi zitzaion, eta guk hitzetan eta irudietan hori jarri nahi izan dugu. Melokotoia izatetik “Melo” izatera pasa. Guk jadanik Melo deitzen diogu eta orain nahiz eta gauza asko islatu, eta edonork izateko aukera duen, Melok izaera propioa du.
Berriro hutsunea ez emateko sortu da?
Iraitz: Hori da. Azken bi urte hauetan ezin izan dugu gauza askorik egin festetan, eta esaldiak dioen moduan: gauza txar guztiak du bere alde ona. Jairik ez denez ospatu, dirua hor geratu da, eta nolabait mugitu egin behar da diru hori, transmisioan eragiteko eta belaunaldi galdu bat egon ez dadin, batez ere.
Izaro: Transmisioan zegoen kezka; haurrak guk bizitako momentuak ari dira galtzen, eta ez dakigu noiz arte egongo garen horrela. Transmisio hori ez eteteko jaietako momentu eta ekintza esanguratsuak jartzeko aipatu ziguten. Ideia hori oso zabala eta subjektiboa da, baina, urtez urte mantendu diren ekintzak sartzen ahalegindu gara. Ekintza historikoak eta indar handikoak, batez ere, Zizurkilgo festak ezaugarritzen eta bereizten dituztenak.
“Melo” izena aipatu duzue…
Izaro: Melo pertsonaian balore batzuk biltzen saiatu gara: ez diogu generorik markatu, ageneroa da eta bakoitzak ikusiko du zer den. Roletatik kanpo aterata ibili gara, itxura eder hori saihestu nahi izan dugu betiko kanon eder horietatik at.
Gainera, festetan ikusten duguna adierazi nahi genuen: alaitasuna; jendearekin elkartu eta biltzeko prest dagoena, herrikoia; egiteko prest dagoena, hau da, festak guk ala bizitu ditugunez, herritarrok egin behar ditugu, beraz, ipuinean ikusiko den bezala, buru-belarri sartuko da horretan. Azkenean, hori dena adieraziko duen melokotoi bat da... Ez dauka misterio handiegirik.
Iraitz: Hori dena transmitituko duen melokotoi bat da, fruta bat. Izarok sortutako irudiekin eta nik sortutako hitzekin eraikitzen joan garen pertsonaia. Marrazkiekin eta hitzekin sortutako nahasketa. Izaera emateko garaian, balore horiek hartu ditugu kontuan: parte-hartzailea, alaia eta erokeria punttua izatea. Guztiari baietz esango diona, hori da nik gustuko dudana; laguntzeko, jolasteko, dantzatzeko eta kantatzeko prest egotea.
Herriko gertaera esanguratsuak agertuko direla aipatu duzue, adibideren bat?
Iraitz: Beste herrietako jaietatik bereizten diren gauzatxoak hartu ditugu. Kanpotik begiratzen saiatu gara eta gure nortasuna izango litzatekeena adierazten. Hala ere, hori zail xamarra egin zaigu, izan ere, pertsona orok bere moduan bizitzen ditu festak, eta oso desberdina da haur baten ikuspegia edo heldu batena.
Izaro: Gaur egun ez dauden gertaera batzuk ere hartu ditugu, asto-lasterketa adibidez. Historikoki izan dena eta gaur egun dena, bilakaera osoa biltzen saiatu gara.
Iraitz: Asto-lasterketa urte askotan egin da Zizurkilen. Duela urte asko hasi zen, baina, animalien tratu txarrak zirela eta, polemika sortu eta urte batetik bestera ez egitea erabaki zen, animalien eskubideak errespetatzeko. Astoari ematen zitzaion tratuarekin ados ez egon arren, aldi berean, tristura pixka bat ematen zidan asto-lasterketarik ez agertzea ipuinean.
Orduan, hori guztia islatuta gera dadin, astoak manifestazio batean jarri ditut: ASTOKATASUNA leloarekin. Hortik aurrera norberaren interpretazioa dago, eta zer pentsatu ematen du… Hitz egin beharreko gaia dela iruditzen zait.
Nola zabalduko duzue ipuina?
Izaro: Ipuina pertsona orori dago zuzendua, ez dago adin-tarterik ipuina irakurtzeko. 3-12 urte bitarteko Zizurkilgo haurrei doain banatuko zaie, eta gero, saltzeko asmoa dago. Prezio ekonomikoan, eta, batez ere, borondatea eskatuta. Bi arrazoi nagusirengatik; liburuari garrantzia emateko eta, aldi berean, pertsona guztiek eskuragarri izan dezaten.
Iraitz: Interesa duenak edukitzea nahi dugu, ez panfleto moduan poltsikora ustekabez iristea. Balioa eman lana eta ilusioa dagoelako liburuaren atzean. Izan ere, askotan, sortzaileen lana anekdotiko moduan geratzen da. Liburuaren aurkezpena ere egingo dugu. Irailaren 9an izango da, goizeko 11:30ean. Haurrentzako ekintza egingo da, tailerra. Ipuina ezagutarazteaz gain, ipuinaren sortze-prozesua erakutsiko dugu, modu dinamikoan, noski.
Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 588. zenbakian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.