Errugbi tokapeta asteburuan, Zizurkilen

Aiurri 2021ko ira. 2a, 12:52

Zizurkilgo Danena futbol zelaiak baloi borobila obalatuarengatik aldatuko du, larunbat honetan. Euskal Herriko hainbat errugbi taldeen topaketa izango da aurredenboraldiko lehen partida gisara.

 

Goizeko 11:00etatik hasita, La Unica iruindarrek, Hernaniko errugbi taldeak, Biarritz Olimpique eta aurtengo Euskadiko ligako txapeldunek, Bera Berak, indarrak neurtuko dituzte. Talde guztiek bata besteen aurka jokatuko dute, guztira, 25 minutuko partidak izango dira.

Emakumezkoen errugbia osasun betean dagoela ikusaraztea da helburuetako bat; kirolariek urrian hasiko duten txapeletari begira erritmoa hartzearekin batera. Epaile lanetan, Igotz Gallastegi ezaguna egongo da.

Txapelketaren ostean, hirugarren denbora izango dute eta, Covid19 protokolo guztiak zainduz, jokalarientzako paella jana izango da Jai Batzordeko kideen eskutik herriko plazan. 

 

2018tik jokatzen den txapelketa.

2018an jokatu zen txapelketa honen lehen edizioa. Jai Batzorde eta Danena elkartetik, Aiztondo bailarara bizitzera etorri zen Bera Berako kide batekin jarri ziren harremanetan, eta herriko festen atarian emakumea eta errugbia batzen zituen jaialdia antolatzeko interesa izan zuten. Iaz, Covid19a dela eta ezin izan zen jokatu, baina, aurten, berriz ere martxan jarri dira. 

Parte hartzaileek galtzen ez duten topaketa da honakoa, partiduen mailagatik eta arnasten den giroagatik jende asko gerturatzen duen ekimena baita. Eskualdean, errugbia ikusteko aukera askorik ez denez izaten, aukera bikaina izango da kirola ezagutarazteko eta emakumezkoen kirolaz gozatzeko.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!