Kalean da 'Plazida, oihartzunaren plaza' ipuin ilustratua

Atzo aurkeztu zen, Zizurkilen, ‘Plazida, oihartzunaren plaza’ ipuin ilustratua. Plazida Otaño Odriozola bertsolari zizurkildarra atera nahi du argitara liburu honek. Larunbatean liburuaren irakurketa publikoa egingo dute herriko haurrek eta hiru ikastetxeen artean egindako Plazidaren eskultura ere bistaratuko dute.

1867ko otsailaren 18an jaio zen Plazida Otaño. Bertso munduari lotutako abizena da Otaño. Errekalde baserriko sukaldean makina bat bertso abestu eta entzungo ziren. Sukalde hartan hazi zen Plazida Otaño Odriozola. Bertso-etorria sehaskatik bertatik jasoz.

Bertsolaria zen Plazida, eta emakumea. Hori dela eta, ez zen eszenatokietara igo, ez zuen plazako saioetan parte hartu, ez zuen bere trebetasuna jendaurrean aurkezteko aukerarik izan. Plazidaren ahotsa plazara ekartzea da gaur aurkezten dugun ipuin ilustratuaren helburua. Oihana Iguaran bertsolari amasarrak jarri dizkio hitzak, Maria Altuna artista zizurkildarrak egin ditu ilustrazioak, liburu ederra osatuz.

Iker Urruzola Zizurkilgo alkateak hartu zuen hitza, liburuaren aurkezpenari ekiteko: “2016an liburutegi berria martxan jarri zenean, garbi izan genuen Plazidaren izena argitara ekarri behar genuela. 2021ean, Plazidaren figura ezagutarazteko beste pauso bat eman dugu. Aipamen berezia egin nahi nieke Kultura Saileko kide guztiei, batez ere liburutegiko arduradunei, egin duten ahaleginatik eta baita ere, nola ez, Maria Altuna eta Oihana Iguaran egileei, lan zoragarria gauzatu dutelako”.

Ez da hau Zizurkilgo Udalak aterako duen lehen liburua. Zizurkilgo historia biltzen duten liburuan argitaratu ditu Aranzadirekin elkarlanean eta Hernandorena kultur taldeak ere argitalpen ezberdinak egin ditu. “Ipuinei dagokionez, hirugarrena litzateke Plazidaren inguruko hau. Atxulondoko azken olagizonak zabaldu zuen bidea. Leire Zubeldia zizurkildarrak idatzi zuen gure herriko burdinola, Atxulondoko gune magikoa ardatz hartzen duen kontakizuna. Iraila honetan bertan atera da bigarren ipuina. Pli pla, Elbarrenako jaietako pertsonaia protagonista duen kontakizuna. Hau ere herriko bi egilek gauzatua: Izaro Lizarraga eta Iraitz Lizarraga. Oraingoan, Amasa eta Zizurkil arteko zubia eraiki dugu, Oihana eta Mariarekin”.

Oihana Iguaran eta Maria Altuna

Oihana Iguaranek idatzi du ipuina: “Plazidari dagokion tokia emateko ariketa egin dugu liburu honetan. Ez dugu bere inguruko datu handirik eta bi bertso bakarrik iritsi dira gaurdaino. Plazidaren inguruan aritu naiz, ezinbestean fikzionatuta. Eta horrek erreparo pixka bat ematen zidan. Nolanahi ere, oso gustora geratu naiz egindakoarekin eta nahiz eta hitz handia den, uste dut liburu honek justizia egiten duela Plazidarekin”.

Maria Altunarekiko eskertza hitzak ere izan zituen Oihanak: “Lehen elkarlana genuen, eta ikaragarria izan da. Emaitza ikaragarri polita izan da eta baita bidea ere. Alde horretatik, eskerrak eman nahi dizkiet liburutegiko kideei ere, ez gaituztelako danbora aldetik batere estutu. Iruditzen zait Maria eta bion arteko elkarlanak fruitu gehiago ere emango dituela etorkizunean”.

Maria Altunak egin ditu liburuko ilustrazioak era hura ere pozik agertu da emaitzarekin: “Oso bide polita izan da eta emaitza ere oso txukuna geratu dela esango nuke. Herriko hainbat txoko irudikatu ditugu eta garai hartako Zizurkil eta bizimodua bera islatzen saiatu naiz”.

Plazida Otaño itzaletik atera eta ezagutarazteko lana inprentatik atera berria da, eta zabalkundea egiteko momentua da orain.

Banaketa eta salmenta

‘Plazida, oihartzunaren plaza’ liburuaren 1000 ale inprimatu dira. Lehen aleak interesa azaltzen duten herriko familiei ale bana emango zaie, azaroaren 27ko irakurraldi publikoaren ondoren. Lehen ale horietan, gainera, bi egileek sinatutako ilustrazio bat jasoko dute opari. Gainerantzean, Gipuzkoako liburutegiek ale bana jasoko dute, Plazidaren figurak zabalkundea izan dezan.

Hortik aurrera, liburua salgai jarriko da, 10 eurotan, honako salmenta puntuetan:

Plazida Otaño liburutegia, Villabonako Basajaun liburudenda eta Bilboko Anti liburutegia, Durangoko Azokan Bertsozale elkarteak jarriko duen postuan.

 

Ekintza ezberdinak

Azaroak 20-27

Maria Altunak liburu honetarako egindako ilustrazioak jasotzen dituen erakusketa ikusgai egongo da aste honetan zehar liburutegian bertan.

 

Azaroak 27, larunbata

Herriko haurrek liburuaren irakurketa publikoa egingo dute, Plazida Otaño liburutegian, 11:30etan hasita.

Ondoren, haurren artean egidako Plazidaren eskultura bistaratuko dute, liburutegian bertan. Ikastetxe bakoitzak eskulturaren zati bat egin du, eta larunbatean elkartu egingo dituzte, Plazidaren eskultura berezia osatzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!