“Bideak erakutsi digu badela beste modu batean bizitzerik”

Alba Cabrera Jauregi 2021ko abe. 6a, 09:37

Izaro Lizarraga Galdos eta Alaitz Mujika Altuna.

Hiru udazken bete ditu Zizurkilgo HerriBiziGune elkarteak. Askotariko esparrutatik eragiten dute, herrigunea bizigarriagoa egiteko.

Herriko egoerarekin kezkatuta bildu ziren orain hiru bat urte zenbait zirukildar; Izaro Lizarraga Galdos eta Alaitz Mujika Altuna, besteak beste. Herrigintza abiapuntu, komunitatea indartzea dute helburu, burujabetasun indibidual bezain kolektiborako bidean. 

Herriaren hutsuneei, herritarren premiei erantzutea zenuten xede sorreran. Zein gabezia ikusten zenizkioten herriari?

Izaro Lizarraga Galdos: Askotariko arrazoiak direla eta hasi ginen elkartzen, nahiz gero funtsean oinarri bera izan. Batetik, ikusten genuen herrigunean komunitate izaera galtzen ari zela, eta horri heldu nahi genion. Bestetik, kezkaturik geunden, elikadura burujabetzari dagokionez. Nor bere kabuz ibiltzen zen, eta hortan ere saretzeko beharra ikusi genuen. Orduan, pixkanaka-pixkanaka, komunean genituen zenbait ezinegonek elkartu gintuzten: herri-izaera indartzeko gogoa daukagu, herrian bertan gauzak antolatzeko, bai eta herria maitatzeko borondatea ere. 

Alaitz Mujika Altuna: Komunitateari bultzada eman nahi genion, mundu jasangarriago bat aldarrikatu nahi dugulako. Herri burujabetzatik hasita: txikitik, handira. Pixka bat horren gaineko kontzientzia sortu nahi genuen, batzuetan iruditzen zaigulako norbanako gisa ez dugula askorik egiteko, kapitalismoak erabat ideia hori nabarmendu eta sinestarazi digulako. 

Herritar pasibotik aktibo izateko jauzia eman nahi genuen, modu horretan, zizurkildarrak ahalduntzeko eta herria bizigarriagoa bilakatzeko. Ez dugu hala moduan eraiki nahi Zizurkil, hau da, balore batzuen gainean egiten dugu lan, beti Amalurraren iraunkortasuna bermatze aldera. Izan ere, gaixo-gaixo daukagu, eta heriotzara eramateko gogoz dabiltza zenbait. Guk, ordea, sendatzeko ahalegina egingo dugu. 

I.L.G.: Herritarrak botere hartzeko bidean, makina bat gairekin egin dugu topo. Ez da soilik nola jaten duzun, baizik eta zein aisialdi daukazun, nolako guneak nahi ditugun... Proposamen asko atera ziren zein nolako herria nahi genuen hausnartzeari ekin genionean. 

Zizurkil hankaz gora jarri zenuten, alegia...  

A.M.A: Herrigunean bizi gara, landa-eremu baten erdian. Azken mende erdian, baserriak ekoizpen-gune izatetik etxe izatera igaro dira. Lehen, Zizurkilek herritarrentzat ez ezik eskualdearentzat nahiz Donostiarentzat ere ekoizten zuen. Egun, konturatu gara herritarrek kontsumitzeko adina ez dugula ekoizten. 

Herri honek zerbitzuak zituen garai batean. Denda bat zeukan oinarrizko produktuekin, eta hori ere galdu da. Ez daukagu espazio komunik belaunaldien arteko harremanak sustatzeko. Azkenean, autoek lehentasuna duten herri bat eraiki da. Horren gainean hausnarketa egiten hasi ginen eta hementxe gaude.   

Herria zaindu, maitatu eta egin. Nola, baina? 

A.M.A.: Komunitatea, komunikazioa eta bizimodua. Hiru puntu horiek oinarrizkoak dira. Gure bizimodua hobetu nahi dugu, nola? Zerbitzuk batzuk eskainiaz, adibidez. Gure artean zaintza sustatu nahi dugu, eta horretarako espazioak behar ditugu elkarrekin egoteko. Elikadurarekin hasi ginen; aitzakia gisa erabili genuen gure artean elkar ezagutu eta harrremanak estutzeko. 

Zuen elkartean ibilbide luzeena duen proiektua da elikadura-sarea; beharbada, egonkorrena.

I.L.G.: Hori da. Bizimoduaren adarrari dagokionez, eta herriko errealitatera ekarrita, elikadura-sarea ipini genuen martxan, eta bi urte beteko ditu jada abenduan. Osasuntsu jateaz gain, sentsibilazio-kanpaina eraginkorra da, jarraikortasun (astero-astero) batez hartu behar delako saskia. Ahalegintzen gara horren atzean dagoen ekoizlea eta lana helarazten, eta prezioa ekoizleak berak jartzen du. Elkarteak ez du ezer irabazten. 

Garrantzitsuena ez da soilik zer eramaten duzun ahora jabetzea, eramaten duzun horren atzean dagoen prozesua ezagutzea baizik. Komunikazioaren alorra ere bide beretik dijoa, hots, sentsibilizazio-kanpainak egitea dugu helburu. Horrez gain, beste hainbat ekimenekin bat egiten dugu, Errigorarekin, esaterako. Azkenik, komunitatea lantzeko, adibidez, txangoak egiten ditugu.

Horrez gain, Udaletxeko parte-hartze batzordera deitu ginztuzten elkarte gisa: Plazaetxeberri eraikinaren etorkizunari buruz pentsatzeko. Udaletxeak eraikina erosita zuen eta batzordeak martxan jarri nahi zuen bertan zer egin jakiteko. Ikusten genuen benetako parte-hartze herritarra izateko, aberasgarriagoa litzatekeela elkarteak hartzea ekimena dinamizatzeko ardura. Hori horrela, itxialdiaren aurretik, gure asmoa helarazi genien proposamenekin zein datekin. Oso ibilbide eraginkorra izan da, eta bi urte eta erdira luzatu da pandemia medio. 

A.M.A.: Elikadura-sarean ere komunitatea uztartzen da, banaketa egiteko txandak antolatzen baititugu. Modu batera edo bestera, egoerak sortzen ditugu elkarrekin egoteko: egitasmo komun baten parte egiten gaitu, eta, ondorioz, beharbada sekula egongo ez zinatekeen norbaitekin topo egitera eramaten zaitu. Bestalde, Zizurkil "gora" eta "behera" dikotomia horrekin ere amaitu nahi dugu. Azkenean, herri bat gara, baina...Batzuetan, hain gertu eta, era berean, hain urruti.

Herritar-sare egonkorra al daukazue horrelako ekimenak gauzatzeko?

I.L.G.: Hasiera batean, oso gutxi ginen, baina gogo biziz. Beraz, bideari ekin genion. Egia da elikadura-saretik hasi ginela, baina ez gara horrekin soilik identifikatzen; osotasunean hartu behar da ekimena. Talde txikian hasi ginen; egun, ostera, 40 familia dira bazkide elikadura-sarean, adibidez. Bitarte horretan beste zenbait proiektutan ere murgildu garenez, hasierako talde-motorra sendotu egin da, eta eskertzekoa da.

Orain, atzera begira jarrita. Zer nolako ibilbidea izan du elkarteak? Atera al duzue irakaspenik?

I.L.G.: Izugarrizko bide polita ireki da. Herri gisa gauza asko daudenez hobetzeko, espazio ederra da elkartea horri guztiari lekua egin, komunitatean indarrak batu eta erantzuteko. Bestalde, jendearekin beste era batean lan egiteko parada bermatu dit, aldarte onean, gainera. Bidean izugarrizko jende onarekin egin dugu topo. Beste hainbat herritako proiektuak ezagutu ditugu, eta guztiek izan dute borondate handia gu laguntzeko. Bideak erakutsi digu badela beste modu batean bizitzerik. 

A.M.A.: Gainera, gure haurrek ere ikusi dute: herri hobea eraikitzeko guztiok hartu behar dugu parte, guztiok dugu zer esana. Parte hartzearen garrantzia agerian gelditzen da. Herri txikietan, gainera, aukera handia daukazu zuk nahi duzun herri hori eraikitzeko. 

Etorkizunean, zein da elkartearen hurrengo erronka?

I.L.G.: Balioan jarri nahi dugu gure herriko bizilagunen jakintza, den arlotakoa dela ere. Bada, hori plazaratu eta elkarbanatu nahi dugu. Horrenbestez ekimen berria jarriko dugu martxan: "Eskuetatik eskuetara. Etxeetatik plazara". Hilero elkartuko gara herritar batek emango duen tailer bat jasotzeko. Askotariko gauzen gainean jardungo gara, eta abenduan izango da lehena: Garazi lora-saltzaileak apaingarriak egiten irakatsiko digu. Horrez gain, bildu ditugu beste proposamen batzuk: haur literatura, seriegrafia-tailerra, sukaldaritza, ukenduak... 

Plazaetxeberriri dagokionez, beste fase batean sartu berri gara. Parte-hartze prozesuan, hiru pintxo-tertulia egin ziren, beste hainbat txango zein hausnarketa tartean: lehenik, herritarren nahiak bildu ziren; bigarrenik, aldiz, amets horiek betetzeko ideiak jaso genituen; eta, azkenik, horiek eraikin honetan nola asetu daitezkeen pentsatzeari ekin genion. Hori horrela, Udaletxean aurkeztu dugu txostena, plenotik igaro da eta abenduaren 3ko herribatzarrean aurkeztu dugu. Aurrerantzean, buru-belarri jarraituko dugu lanean, txostenean bildutakoa egingarri bihurtze aldera.

 

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 594. zenbakian

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!