Zizurkildarrek pairatutako giza eskubideen urraketak ikertuko dituzte

Aiurri 2021ko abe. 9a, 16:33

Bi urte pasatxoko ikerlana egiteko hitzarmena sinatu berri dute Zizurkilgo Udalak eta Aranzadi Zientzia elkarteak, zizurkildarrek pairatutako giza eskubideen urraketak ikertzeko. Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek babestu dute ekimena. Gaur aurkeztu dute ekimena, Zizurkilgo udaletxean egindako agerraldian.

 

Iker Urruzola alkateak azaldu duenez, ez da hau giza eskubideen ikerketan Udalak ematen duen lehen pausoa: "Zizurkilgo Udalak azken urteetan hainbat urrats eman ditu herrian eman diren giza eskubideen urraketa larrienak azalera atera eta zauriak sendatzen has daitezen. EH Bilduko udal gobernua saiatu da horretan, eta saiatu da beste alderdiak ere bidelagun izaten, gaur bezala". Giza eskubideen urraketen argazki osoa izateko asmotan, hitzarmena sinatu du Udalak Aranzadirekin, Udalean ordezkaritza duten alderdi guztien babesarekin, gainera. Hala azpimarratu nahi izan du Urruzolak: "Azpimarratzekoa da, Zizurkilgo Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek babestu dutela ekimena. Gaur PSOE eta EAJ alderdietako ordezkariek ez dute ekitaldi honetara etortzerik izan agenda arazoak medio. Nolanahi ere, eskerrak eman nahi nizkieke, bai PSOEko ordezkariei, baita EAJkoei ere, ekimen honi babesa emateagatik".

Aurreko urteetan eman izan diren pausoen berri eman du alkateak agerraldian: "2011ko azaroan Hernandorena Kultur Elkarteak egindako lan eskergari esker, Udalak parte hartu zuen Zizurkilen 36ko altxamenduan fusilatu edo hil zituztenak gogoratzeko ekitaldian. 2014ko otsailaren 10ean, Zizurkilgo Udalak lehen aldiz egin zion aitortza ofiziala Julian Galarzari, ETAk hil zueneko urteurrenean ez ohiko osoko bilkura eginez. Urte berean, “Torturaren Egia Itzaletik argitara” jardunaldiak antolatu zituen Udalak, Pako Etxeberria, Iñaki Egaña edo Pili Zabala izan genituen Zizurkilen. Jardunaldien amaieran torturatuen omenezko oroitarria ezarri zen, aurrez Joxe Arregi gogoratzen zuen gunea kendu ostean irekitako zauriak leuntzen hasteko bideari ekinez. 2018ko martxoan, Hernandorena Kultur Elkartea ostera bide lagun hartuta, Gernikako haritzaren kimu bat landatu zen P.M. Otaño plazan, biktima ezberdinen senideek palakadaz ongarritu zutena".

Aipamen berezia egin nahi izan die Hernandorena Kultur elkarteko kideei, urte hauetan guztietan egindako lanagatik: "Eskerrak eman nahi dizkiet, baita ere, nola ez, Hernandorena Kultur Elkarteko kideei. Azken urteotan bide honetan egin duten lan eskergagatik. Aranzadiko kideek ez dute ikerlana hutsetik hasi beharko eta hori, neurri handi batean, Hernandorena taldeko kideen lanari esker izango da".

Testigantzak beharko dituzte

Aranzadi Zientzia Elkarteko Javi Bucesek ere hartu du hitza: "Ikerlan hau ez dugu hutsetik abiatuko. Hernandorena elkarteak lan handia egin du eta horrez, gain, Aranzadik ere egin izan du hainbat lan. Esaterako, urte askotan ikerketa lanak egin izan dira 36ko gerrako lubakietan".

Dagoeneko hasi dira lanean eta ikerlariak azaldu du zeintzuk izango diren ikerlanaren muin nagusiak: "Gerra garaiko urraketak, Frankismokoak... eta gaur egun gertatutakoak ere ikertuko ditugu. Horretarako, artxibo lanari ekingo diogu. Zizurkilgo udal artxibategian ez ezik, elizako artxibategietan, militarrenetan... arakatuko dugu. Horrez gain, herritarren testigantzak ere jaso nahi ditugu. Izan ere, urraketa guztiak ez baitaude dokumentuetan jasota. Garrantzitsua izango da urraketa horiek jaso dituztenak edo haien senitartekoak guregana gerturatzea, testigantza eman diezaguten".

2023ko martxora arteko hitzarmena sinatu dute ekitaldiaren amaieran. Javi Bucesek azpimarratu duenez, "2023an aurkeztuko ditugu gure lanaren ondorioak eta orduan erabakiko dugu gure ikerlana amaitutzat eman daitekeen edo zabalik utzi behar den".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!