Zizurkildarra pilotakada asko jotako atzelari sendoa da, eta, oraindik ere, jotzeke asko dituena. Atzelari segurua eta akats gutxikoa, lan asko egiten duen horietakoa. Kiroltasuna handia eta elkartasuna erakutsi du urteetan zizurkildarrak, kantxan eta kantxatik kanpo. Bada, 25 urterekin pilotari profesionalaren ibilbideari amaiera emango dio Iruñako Labrit pilotalekuan.
2017 eta 2018 denboraldietan profesional mailako urterik gozoenak bizi izan zituen, Binakako Promozioko txapeldun eta Buruz Buruko promozioko azpitxapeldun izan zen. 2020an ere azpitxapeldun geratu zen Binakakoan Peñarekin jokatutako partidan. Lehen mailara jauzi egiteko mailarik hartu ez zuen arren, bigarren mailan segurtasun handieneko pilotaria bilakatu zen, batez ere, buruz buruko partidetan. Edonorentzat aurkari gogorra eta bikotekidearentzat laguntza ezin hobea.
Aiurrik gogora ekarri ditu 2016an zizurkildarrak esan zituen hainbat hitz
"Pilotari guztion nahia izaten da egunen batean profesional mailara iritsi eta debuta egitea. Egun handia izan zen niretzat. Herrikide asko joan zen partida ikustera eta hori ere oso polita izan zen, pozgarria. Bizitza osoan zehar gogoratuko dudan partida izan zen Tolosakoa. Irabaztea tokatu zen gainera, eta oraindik eta gusturago. Partida amaituta, lagunekin Hernanira joan eta pozik ospatu nuen".
"Ingurukoak pozik daudela sumatzen dut, eta kalean ere, jendeak ezagutu egiten nauela konturatzen naiz. Gerarazi egiten naute animoak emateko eta hori gustura hartzen da".
Beti eduki izan dut pilota eskuartean. Zizurkil Goiko zimiterioan, pilotalekuan…, orduak eta orduak pasatzen genituen, lagunartean, pilotan jokatzen.
"Zaletasun handia genuen eta edozein tarte aprobetxatzen genuen pilotan aritzeko. Pilota elkarte ezberdinetan aritu izan naiz, bestalde. Villabonako Behar Zana elkarteko kide izan nintzen urte batzuetan, Zizurkilgo Ziotza pilota taldea sortu zen arte. Peru Labaka lagunarekin bikotea osatuta ehunka partida jokatu izan dut. Maila bikainean dabil Peru, afizionatuetan".